Festa giro onean ospatu zuen Hitzarok 15. urteurrena

hitzaro 1456147679238 Hitzaro Euskara Elkartea | 2009-10-27 14:34

 

                   


150 lagun inguruk hartu zuten parte ostiralean Hitzaroren 15. urteurreneko festan. Eguraldi euritsuak ez zuen eragotzi elkarteak antolatuta zuen jaia eta egitarauak jasotzen zituen egitasmo guztiak egin ziren. Haur jolasak, bazkideen argazkia, kantu-jira eta kantu-afari arrakastatsua egin zuen elkarteak herritarren parte hartzeari esker.

 

Euriak ez zuen eragotzi arratsaldeko 6etan plaza bete haur egotea. Jaiari txikienek eman zioten hasiera. Hamarnaka haur bildu ziren marrazketa egitera, aurpegiak margotzera eta Hitzarorekin lan egiten duten begiraleekin jolastera. Arratsalde parte osoa haiena izan zen. Irudi politak ikusi ziren: argazkiak dira horren lekuko.

 

Arratsaldeak aurrera egin ahala, giroa epeldu egin zen eta gau parteko ekintzetan parte hartzeko animoa areagotu zen plazara inguratu zirenenen artean. 8:30ak inguruan egin zen bazkideen argazkia. Duela 15 urte Barrena atzeko eskaileretan egin bazen, aurtengoa plazan egitea erabaki zuen elkarteak eta 40 bazkide inguru bildu ziren argazki historikorako.

 

Ondoren, Lapurdiko Kuxkuxtu txarangak lagunduta, kantu-jira egin zen plaza inguruko tabernetan. Giro epelak lagundu egin zuen giroa ere berotzen eta ia ordu bete luzatu zen kalejira.

 

Jaiari amaiera afariak eman zion; ez nolanahiko amaiera. Erramun Amundarain bazkideak haragi-egosia patatekin, azpizuna piperrekin eta postrea prestatu zituen afaltiarren gozamenerako. Gaierakoa Kuxkuxtuk egin zuen. Lapurdiko 7 musikariek, Segurako jarraitzaile leialekin batera, giro aparta jarri zuten goizaldeko 1:30ak arte. Bazkideek gogotik gozatu zuten, kantu-liburuxkak eskuetan, haiek gidatutako errepertorioa kantatzen.

 

Jaiak borobila izan zen, 15. urteurrenak merezi bezalakoa.


                      

                        

                      

                                  


Utzi iruzkina: