Udalekuen balorazio positiboa egin du Hitzarok
Hitzaro elkarteak udalekuen balorazio
positiboa egin du aurten. 132 haurrek parte hartu zuten ekainaren 24tik
uztailaren 17ra egin ziren Plisti Plasta eta Txirristi Mirristi udalekuetan.
Elkartearen aburuz, begiraleen arteko harremana, sortu den lan-giroa eta
haurrek agertu duten prestutasuna dira aurtengo edizioaren arrakastaren
oinarria.
"Haurrek primeran pasatu dute egin diren ekintza gehienetan",
azaldu dute begiraleek. Izan ere, tokian tokiko jolasetan ez ezik -Plistikoek
Urdaneta eskolan egin dute udalekua eta Txirristikoek Milagrosa eraikinean-
herriko plazetan zein Goierriko beste herrietan ibili dira aurten. Gabiria eta
Amezketa bisitatu zituzten Plistikoek eta Oiangu, Beasain eta Arama
Txirristikoek.
Tailerrak, txotxongiloak, San Fermin jaia, frontoian merienda... hamaika
ekintzetan parte hartzeko aukera izan dute aurten eta haurren zein gurasoen
esker ona jaso du elkarteak hori guztiagatik.
Euskararen erabilera sustatzea, haurren arteko harremanak indartzea eta jolas
ludiko eta didaktikoen bitartez udaldia gozagarriago egitea izaten dira
Hitzaroren helburuak; aurten bete betean asmatu da.
Eskerrik asko parte hartu duzuen haur, guraso eta begiraleei! Datorren urtera
arte.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: