Paradigma-aldaketak eta atsekabeak digitalizazioan [bell hooks gogoan]

make@ni.eus 1620201767765 Hezitzaile bat sarean | 2021-12-23 18:13

make@ni.eus 1640287443785

Argazkia: Alex Lozupone CC BY-SA 4.0 (Commons)

Bell hooks, October 2014.jpg  

bell hooks irakasle afroamerikar feminista joan zaigu berriki.

Enseñar a transgredir. La educación como práctica de la libertad liburuan (2021) ahots bakoitza errespetatzen duen ikasgela-komunitate bat sortzea zirraragarria dela zioen, bertan askoz ere atzeraelikadura handiagoa sortzen delako, ikasleek hitz egiteko zein erantzuteko askatasuna sentitzen dutelako.[1] Eta ezusteko egoerak agertzen direlako:

"Eta bai, askotan [ikasleek] itzultzen dutena kritikak dira. Neuk berehalako adierazpen bat behar izateari uko egitea erabakigarria izan zen irakasle gisa hazteko. Paradigma aldatzea edo ezagutza modu berri batean partekatzea erronka bat dela errespetatzen ikasi nuen; ikasleek denbora behar dute erronka hori gauza positibo gisa bizitzeko. Ikasleek irakatsi zidaten, halaber, beharrezkoa dela errukia praktikatzea ikaskuntza-esparru berri horietan. Ez dut ahaztu ikasle bat eskolara iritsi eta hau esan zidan eguna: «Zure klasera etortzen gara. Mundua ikuspegi kritiko batetik begiratzen ikasten dugu, arraza, sexua eta klasea kontuan hartzen ikasten dugu. Eta geroztik ezin dugu bizitzaz gozatu». Klaseari begiratu bat eman nionean, ikusi nuen ikasleek, askotariko arraza, sexu-orientazio eta etniakoak, buruaz baietz egiten zutela. Eta lehen aldiz konturatu nintzen pentsatzeko eta ezagutzeko antzinako moduei uko egin eta ikuspegi berriak ikastean egon daitekeela, eta normalean badagoela, nolabaiteko atsekabe-maila inplizitu bat. Min hori errespetatzen dut. Eta orain, eskolak ematen ditudanean, horren errekonozimendua sartzen dut, hau da, paradigma-aldaketaz eta eragin dezakeen ondoezaz aritzen naiz."

Bere momentuan hitz horiek irakurri nituenean oihartzun isila sumatu nuen barne-barnean, bizi izandako hainbat bidegurutze samin-gozotara eraman nindutelako. Saminak, mingarriak direnak ez baititugu gustukoak izaten, gozoak, berriz, bidegurutze pertsonal, sozial eta profesional haietan atzerabueltarik izan ez duten bide gogor bezain oparoak hartu izanagatik. Eta paradigma aldaketaz ari garela, hezkuntzako digitalizazioa da azken boladan protagonista. Aste honetan Eusko Legebiltzarrean etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko lantaldearen azken saioa burutu da: irakasleen formakuntza zein software librea hizpide.[2] Binomio disruptiboa, zirraragarria eta ezinbertzekoa hezkuntza sisteman konpetentzia digital aske, parekide, inklusibo eta euskalduna sustatzeko.

bell hooks-ek erran bezala:

"Mundu akademikoa ez da paradisua. Ikaskuntza, hala ere, leku bat da non paradisua sor daitekeen. Dituen muga guztiak dituela, ikasgelak jarraitzen du aukera-agertoki bat izaten. Aukera-eremu horretan, askatasunaren alde lan egiteko aukera dugu, guri eta gure lankideei errealitateari aurre egin ahal izateko adimena eta bihotza zabaltzeko esijitzeko aukera, kolektiboki mugak nola gainditu eta urratu imajinatzen dugun bitartean. Hori da hezkuntza askatasun-praktika gisa".

________________________

[1] Medina, M. (2021). ¿Mano dura o rebeldía? ¿Cómo debería ser el sistema educativo perfecto? elconfidencial.com. https://www.elconfidencial.com/cultura/2021-05-12/bell-hooks-ensenar-a-transgredir_3074652/ 

Franch, I. (2021). El feminismo afroamericano y de clase de bell hooks: escribir sobre cultura para transformar la sociedad. ElDiario.es. https://www.eldiario.es/cultura/feminismo-afroamericano-clase-bell-hooks-escribir-cultura-transformar-sociedad_1_8196905.html 

[2] Larrañaga, J. W. (2021). Irakasleak trebatzeko eskatu dute hezkuntza lantaldearen azken saioan. Berria. https://www.berria.eus/paperekoa/1834/009/001/2021-12-23/irakasleak-trebatzeko-eskatu-dute-hezkuntza-lantaldearen-azken-saioan.htm 


Utzi iruzkina: