Web 2.0tik NOR 2.0ra

gurebazterrak 1456135173782 Gure Bazterrak | 2006-12-13 10:49

Tim O’reilly informatikako “guru” irlandarrak asmatutako WEB 2.0 kontzeptua zabaltzen ari da azken aldian. Urrian BERRIAn argitaratutako elkarrizketan Web 2.0ri buruzko bere iritzia garbi uzten zuen “inportanteena da Internet bilakatuko dela aplikazio informatikoak garatzeko esparru zentrala eta ez soilik norbanakoaren ordenagailuaren osagarria.”  Hau da, sarea sarean dabiltzanek hobetu eta garatuko omen dute, edo hobe esanda hobetzen eta garatzen dute. O’Reillyren ustez “internet komunikazio sarea da, eta, ondorioz, konektatuta gauden guztion isla.”

Baina zer gertatzen da konektatzeko aukera ez dutenekin? Lehen eta hirugarren munduaren arteko tarte digitala gero eta txikiagoa egiten ari dela dio guru informatikoak. Irlandarraren ustez garapen ekonomiko bidean dauden herrialde batzuk dagoeneko AEBek baino azpiegitura garatuagoak dituzte (adibidez hirugarren munduaren egitura telefonikoak). Sakelako telefonoak tresna bikainak dira bere ustez komunikazio modu berrietan parte hartzeko “are gehiago, nire ustetan, telefonoaz haratago joango gara. Aplikazioak besterik gabe Interneteko linbo batean egonen dira, eta gure gorputzean inplanteak izango ditugu sarean konektatzeko.”

Hizkuntza minorizatuentzat eta herrialde txikientzat bi aurpegi ditu sarearen hedapen ikaragarri horrek. Alde batetik globalizazioaren menpe gera daitezke, handiak txikia irentsi dezake. Bestalde, ordea, antzerako arazoa dutenekin izan litezkeen kontaktuak errazten ditu eta aldi berean norberaren kultura hedatzeko bide ere izan daiteke “esate baterako, ikuspuntuak konpartitzen dituzten lagunak edo etnia berekoak harremanetan jar daitezke interneten.”

Nora garamatza horrek guztiak? Eitb24n esaten duenez, O’Reillyren ustez egungo datu base modu batzuk benetan handiak eta erabilgarriak bihurtuko dira gutxi barru. Hastapenetan gaude, izate digitala oraindik funtzionatzen hasteko bidean dago. Guztion lana fusionatzen hasiko da, identitate iturri desberdinak elkartu egingo dira eta batzuk besteekin fusionatzen hasiko dira. Horrek identitate guztiez osatutako sistema berria ekar lezake, NOR 2.0.


Utzi iruzkina: