Prentsaurrekoa (2008-04-02): Euskararen Ordenantzen Zirriborroa

gukdurangoeuskalduna 1456135165774 Guk Durango Euskalduna! | 2008-04-02 12:17

GUK INDEPENDENTZIA!

GUK DURANGO EUSKALDUNA!

Gaur Durangoko Ezker Abertzaleak herritarrei aurkeztu nahi die euskararen ordenantza zirriborroa. Guztion ekarpena beharrezkoa da gure herriaren jatorrizko hizkuntza herriko hizkuntza bihurtzeko.


Euskal Herriaren berezko hizkuntza euskara da eta, ondorioz, baita Durangoko jatorrizko hizkuntza bakarra ere. Urte luzetan, ordea, euskara baztertua, ukatua eta zigortua egon da eta horren ondorio da egun bizi dugun egoera. Euskal Herritarrak eta Durangarrak ezin gara euskararen herrian gure hizkuntzan bizi.

Horren adibide argia dugu Durangoko Udala, herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa izanik ere, udalean eta herrian euskararen normalkuntza ez da inondik ere egungo hizkuntza politikaren helburu.

Guk, Durangoko Udaleko zinegotzi garen neurrian, udal horrek euskarari eta euskaldunoi ematen digun tratamendua salatu nahi dugu. Pasaden legegintzaldiko dokumentu guztiak aztertu ondoren, euskara hutsean sortutako dokumentazioa %10 ingurukoa izan zen, gainerakoa gaztelera hutsean egin zen. Gainera, itzulpenak sarritan berandu jaso eta zinegotzi horiek beren lana gazteleraz egitera behartzen zituzten. Ez da hori aldatzeko neurririk hartu eta egun guri ere gauza bera gertatzen zaigu, gure jarduna gazteleraz egin behar dugu.

Udalak dituen sail guztietatik bakarrak funtzionatzen du euskaraz, Udal Euskaltegiak, noski; beste guztietan gazteleraz lan egiten dugu, dokumentuak gazteleraz jasotzen ditugu eta batzordeetako hizkuntza gaztelera da (euskara batzordean ezik, herriko euskalgintzako eragileak baitaude bertan). Argi dago, batzorde batean euskaraz ez dakien norbait baldin badago, eta guk guztiok gazteleraz badakigunez, berarekiko errespetuagatik gazteleraz egiten dugu guztiok. Baina non dago euskaldunokiko errespetua? Noizko bizi ahal izango gara euskaldunak gure herrian euskaraz? Udalari dagokio egoera horiei irtenbidea bilatzea.

Larriena, ordea, ez da hori. Orain arte azaldutakoa errealitatea da, egunez egun guk bizi duguna. Euskara Durangon 25 urtez “ofiziala” izendatua badago ere, hori da gure hizkuntza eskubideekiko duten errespetua. Baina aurrera begira ere, ez dago egoera hori aldatzeko proposamen seriorik, eta hori da larria, hori da guk inondik ere onartzen ez duguna.

2007ko udal hauteskundeetan programa zehatza jarri genuen mahai gainean. Durangon euskarak bizi duen egoera aldatzeko ezinbesteko neurriak aurkeztu genituen. Ia urte bete pasa den honetan, udal programa hori oinarri hartuta lanean aritu gara eta, hain zuzen, hori da gaur durangarrei azaldu nahi dizueguna. Euskararen ordenantzen beharra jarri genuen mahai gainean, asko eta askori euskararen ordenantzak zer diren azaldu behar izan dizkiogu, beste batzuei ordenantza horiek zer aldaketa suposa dezaketen azaldu diegu eta besteei gure bide-lagun izateko gonbita luzatu diegu.

Euskararen normalkuntzaren bidean ezinbesteko tresna da euskararen ordenantza. Udalak badu eskumen nahikoa herrian normalkuntzaren bidean urrats eraginkor eta atzeraezinak emateko, gainera, udalak apustu eta lan horretan herritarrentzako eredu izan behar du.

Horregatik uste dugu udal honetako hizkuntza politika aldatu egin behar dela eta aldaketa horren norabidea definitu eta arautuko duen euskararen ordenantza behar beharrezkoa dugula.

Gaur 2008ko apirilaren 2an azaltzen dugun ordenantza hau ez da Durangoko herriak behar duena. Zergatik? Oraindik osatu beharra dagoelako, guztion ekarpena behar duelako. Azken finean, ordenantza Durangoko udalean indarrean jarriko da baina guztioi eragingo digu, izan ere euskara sustatu eta normalizatzea ez al da guztion konpromisoa? Durangon euskaraz bizitzea ez al da guztion helburua? Horregatik diogu hau ez dela ordenantza proposamen itxia. Orain herritarren eta eragileen garaia da, zuen iritziak eta ekarpenak, zuen esparruetan egon daitezkeen hutsuneak edota zuen kexak jasoz, ordenantza hauek Durangoko herritarren proposamena bihurtu nahi dugu. Herriaren euskararen ordenantzak behar ditugu gure udalean.

Badaude, ordea, euskararen normalkuntzari estuki loturik Euskararen Ordenantza zirriborro honetan jaso ditugun gutxieneko batzuk:


  1. Durangon euskara ofiziala aitortu behar da. Euskara Euskal Herriko eta Durangoko berezko eta jatorrizko hizkuntza da, beraz ezinbestekoa da dagokion estatus ofiziala herrian bertan aitortzea.

  2. Euskarari lehentasunezko trataera eman behar zaio. Urte luzez jasandako zapalketa, bazterketa eta ukazioak euskalduntzearen aldeko politika behar izatera eraman gaitu.

  3. Euskararen normalkuntza helburu, bai kanpo zain barne funtzionamentuari dagokionez. Udalak normalkuntzarako plan eraginkor eta erreala behar du eta, batez ere, beteko den plana behar du.

  4. Herritarren hizkuntza eskubideak oinarri. Herritarrei dagozkien eskubideak onartu eta errespetatu behar zaizkie.

  5. Barne funtzionamenduan erabilera, ezagutza, harremanak, kontratazioak, dokumentu sorkuntza... arautu behar dira. Kanpo mailan, euskara sustatu eta euskalduntze prozesua azkartu, euskaraz ikasteko eskubidea bermatu edota errotuzalio ezberdinak arautu behar ditu ordenantza honek.


Beraz, herritar eta euskaltzale guztiei dei egiten diegu euskararen ordenantza hauek eskuratu eta beraien iritzi edota ekarpena eman dezatela. Guk lehen harria jarri dugu, baina orain zuon garaia da, herritar guztiona. Horretarako, bide ezberdinak eskaintzen ditugu,

batetik posta elektronikoa:

durangoeuskaldundu@euskalerria.org

eta bestetik, infomazioa irakurri, galderak egin edota iritzia emateko baliogarri den bloga:

www.blogak.com/gukdurangoeuskalduna


Utzi iruzkina: