Web gune bat egin(Inaxito.com)

Gaur egun nork ez daki zer den web gune bat? Gure guraso edo aiton-amonen arten izango da ez dakien makina bat, noski! Jakin badakienik eta interneta erabiltzen duenik ere bada. Hernaniko KZ gunean egunero han egoten da amon xahar bat interneten nabigatzen. Hori sasoia hori!

Horixe zen gure hirugarren zer egina. Guk nahi genuen gai baten inguruko web gune bat egitea.

Egin beharreko jardueren artean, hauxe izan da lanik gehien eman didana eta deserosoen sentitu naizena. Hasera batetik izan ditut zailtasunak eta kasu honetan zinez pena eman dit klaseetara ez joan ahal izatea ikastetxe batean egin beharreko praktikaldia medio.

Lehenik eta behin, Frontpage izeneko programa bat behar nuen. Ez zen nahikoa ordenagailu arrunt bat izatearekin. Aparteko programa bat behar zuen. Agian, irakasleak Mikrosoften programa hau proposatzerakoan ez zuen guztiz asmatu. Agian, egokiagoa litzateke libre bat proposatzea.

Batetik beharrezko programa ez nuelako eta bestetik, zalantzaz lepo nengoelako, behin Nerek emandako apunteak irakurrita, lagun batengana zuzendu nintzen laguntza eske.
Larunbata goiz batean joan nintzen bere etxera. Nik aurrez prestatua nuen Web gunearen diseinua eta berau sortzeko beharrezkoa nuen materiala (testuak, argazkiak, ideiak…).

Egia esan, korrika eta presaka egin genuen. Nire laguna oso lanpetua zegoen eta nik ez nuen nahi nire lana beretzat aparteko denbora galtze bat izaterik. Horrela, goiz hartan osatu genuen web gunea.

Egindako lanari berehala hartu nion “txapuza” itxura. Baina tira, lehen baino gehiago banekien kontu hauen inguruan. Orain bakarrik agian ez nuke asmatuko den-dena egiten, baina ideia orokor eta eman beharreko pausu batzuk ikasi nituen behintzat.

Aurkeztu nion lana Nereri eta normalena zen bezala, txukundu beharra zegoela esan zidan. Berriro lagunari ots egin behar, berriro faborea eskatu, berriro denbora galdu arazi…

Nire errua zen azken finean. Nik bakarrik egiten ikasi behar nuen eta ez nuen ikasi. Ez nuen astirik hartu Nerengana joan eta nire zalantzak argitzeko. Aipatu beharra dut dena den, berak emailez bidalitako apunteak argiak eta egokiak zirela. Ez dut hori aitzakia gisa erabili nahi.

Egun batez, kontu honen inguruan hitz egiten ari nintzela lankide batzuekin, hauetako batek esku bat botako zidala esan zidan. Berak Drean Wiber programa zekiela erabiltzen esan zidan eta nire web guneari aldaketa batzuk egingo zizkiola. Egia esan, oso gustura hartu nuen bere laguntzeko borondate hura. Ez zen justuki nik behar nuen hura, baina tira, ongi etorri eskainitako laguntza oro!

Lagun honekin, argazki handiak txiki formatoan jarri eta aukeratu ostean tamaina handian ikusteko egin beharreko pausoak ikasi nituen gutxi gora behera. Egia esan, hortik aurrerakoaren berri ez nuen gehiegi izan. Izan ere, aste horretan justuki lana aldatu zuen eta gure lantokira ez da gehiago etorri. Dena den, berak nire web gunerako etxean egin zuen lana eman zidan. Ezer gutxi ikasi nuen baina lagun borondatetsu bat badaukadala jakin nuen, eta hori ez da gutxi gizabanakoaren egoismoa gailentzen den gizarte honetan.

Bihotzez eskertu nion bere laguntza, baina ez nuen web gune hura txukundu oraindik. Beste zerbait egin beharra nuen eta ni ez nintzen gai ikusten arazo horri aurre bakarrik egiteko. Orduan, beste lagun batena zuzendu nintzen. Honi konpondu beharreko gauza ezberdinen berri eman nion. Bai eta, lehen gaizki zeuden dokumentuak zuzenduta eman ere (gidoia atalka jarrita, argazki handi eta txikiak…). Denboraz larri nenbilen, eta berak egingo zidala esan zidan. Nola egingo zuen esplikatu zidan eta berarekin egon nintzen denbora batez egiten zuen bitartean. Zer egin behar zuen ulertu nion, baina nola egin zuen ulertzea beste gauza bat zen. Kodigoen arabera egin zuen guztia eta egia esan, dena zen harrotza niretzat.

Haserre nengoen nire buruarekin. Ez nuen nire helburua lortu, ez irakasleak jarduera honetarako jarritakoa ere. Ez nuen web gune bat behar bezala egiten ikasi. Ez zen bidezkoa Nereri dena ikasi nuenaren zantzuak azaltzea. Ez dut esango ezer ikasi ez nuenik, baina garbi esaten dut, beste jardueretan asko eta nik bakarrik egiteko moduan ikasi dudan bezala, oraingo honetan ez zela hori gertatu. Nire burua eta irakaslea engainatzea litzake aurkakoa esatea eta garbi dudana da, 30 urterekin ezin dezakedala hori onartu.

Bestalde, aitortu beharra dut, nire lagunekin izandako kontaktuekin informatikako gauza asko ikasi dudala. Besteak beste, web guneak egiteko programa libre bat ezagutu dut –Ediplus-, Jalbums izeneko argazkientzako beste programa bat ere bai, programa bat internetetik jeisten ikasi dut… Eta batez ere, informatika mundu zabal bat dela ikusi dut. Zoratzeko moduko mundua.

Azkenean behintzat, nire lagunak zuzendu edo berdiseinatutako web gunea, lehen egindako “txapuza” eta nire beste lagunak Dream Wiberrra erabiliz egindakoak eman nizkion Nereri. Hori bai,  jarduera honen inguruko azalpenak eta izandako zailtasunen berri jakinarazi nion.


Utzi iruzkina: