Teknologia berriak hezkuntza arautuan

 

Lehenengo lau hilabetean zehar lan edo jarduera ezberdinak egin behar izan ditugu. Ikasgaia hotz-hotzean hastea ez da egokiena izaten, eta hori dela eta, ikasgaiarekiko gertutasuna izateko eta aldi berean lehen kontaktua eraman erraza izan zedin, irakasleak guretzat ezaguna den ikastetxe bateko teknologi berrien inguruko erabileraren inguruko lan bat egitea proposatu zigun.


Ideia egokia iruditu zitzaidan Nere irakaslearen planteamendua. Ikasgaiarekiko kontaktua errazteaz gain, etorkizunean gure lantoki izan daitezkeen ikastetxeetan teknologia berriak zer leku duten eta nola erabiltzen diren jakitea interesgarria izan da.


Jarduera honi dagokionez, nik nire herriko ikastetxea hautatu nuen. Errezilgo San Martin eskola txikia, alegia. Ahal bezain azkar, ikastetxera bertara joan nintzen aurrez nuen informazioa kontrastatzera eta ahal izanez gero informazio berria lortzera.


Pentsatu eta egin. Onena lehen eskuko informazioa izaten da beti, edozein dela alorra ere. Ez nuen nahi, ordea, soilik irakasleen hitza entzun . Hori dela eta, irakasle batekin aurrez hitz egin eta tutoritza ordu batean bertaratu nintzen ikasle beraien ahotik irtendako informazio nahiz bestelako kontakizunak jaso asmoz.


Irakurle zaren horrek, antzeko lanik egin beharra tokatzen bazaizu, lehen eskuko informazioa jasotzea gomendatzen dizut. Lehen eskukoa eta ahal dela ikasleena irakaslearenaz gain. Nire esperientzi honi dagokionez, ondorio garbi bat atera nuen. Ondorio honek ez du teknologia berriekin zer ikusi handirik, zuzenean behintzat. Bai, ordea, irakaslearen jarrerarekin.


Gelan sartu nintzenean, oso harrera goxoa izan nuen. Bai irakaslearen partetik eta bai ikasleenetik ere. Baina, ikasleen ahotik informazioa jasotzeko, galderak eta orohar zirikatze lana egiten hasi nintzenean, irakasleak hartu zuen protagonismo osoa. Apenas uzten zien haurrei hitz egiten. Berak erantzuten zituen nik haurrei egindako galderak.


Azkenean behintzat, nik nahi nuen informazio hura jaso nuen. Nik nahi nuena baino gehiago esango nuke. Izan ere, Teknologia Berriak eta Hezkuntza ikasgaierako behar nuenaz gain, aipatu ikastetxearen -gela batekoa behintzat- funtzionamentuaz ondorio sakonak atera nituen, hezkuntza sistema osorako ere oso desbideratuak ez direnak izango ziurrenik.


Agian, luze joango da ondorio guztiak edo nagusia aipatzea. Haurrari behar hainbeste prostagonismo ez zaiola ematen eta metodo tradizionalak -tsestu liburuak...- bizirik dirauela ikusi nuen beste behin.


Utzi iruzkina: