Hausnarketa eta ondorioak

Zilegi da ikasgai baten bukaerara iristean ikasgaia beraren eta metodologiaren inguruko hausnarketa bat egitea. Zilegi ez ezik, ezinbestekoa esango nuke. Zenbait irakasle ez dira beti eginkizun honen zalerik handienak. Ipurdi bistan geratzeko beldurra dutelako agian?

Ikasgaiari dagokionez, balorazio positiboa da nirea. Kontutan hartu behar da ezer baino lehen, ikastordu guztietan ezin izan dudala gelara joan. Nik nahi baino gutxiagotan joan naiz, baina hala ere balorazio koskor bat egiteko moduan naizela uste dut.

Edukiei dagokionez, egokiak iruditu zaizkit irakasleak planteatu dituen jarduerak. Atseginak izateaz gain, ikasitakoak erabilgarritasuna izan dezakeela gure irakasle lanean konturatu naiz. Erabilgarritasuna beti ere bere neurrian eta ikuspegi kritiko baten garrantzia baztertu gabe.

Eduki horiek lantzeko planteatutako metodologia ez da txarra izan. Eskertzekoa da irakasleak taldeka edo bakarka lanak egiteko aukera luzatu izana. Nik pertsonalki, talde lanak aberasgarriagoak direla pentsatzen dut, baina ez da beti erraza izaten ikasgelara maiztasunez joateko aukera ez dugunontzat talde lanean aritzea. Hori dela eta, nik nire lanak bakarka egin ditut. Beno, bakarka ikaskideei dagokienez. Izan ere, zenbait lagunen ezin besteko laguntza izan dut.

Talde lanarekin ezin izan badut gozatu, gelara joandako egunetan izan da bai gozamenerako betarik. Multimediako lana egiteko, ikasgelara joateko modua izan nuen. Bertan, ikaskideak ezagutzeaz gain, benetan interesgarria izan zen talde bakoitzak zeraman martxa ikustea. Hare interesgarriagoa izan zen, talde edo gelakideek egin zituzten lanak ikusi eta euren aurkezpenak ikusi eta entzutea.

Beti eman izan diot aparteko garrantzia lan bat egin ostean horren inguruko balorazio edo hobeto esanda hausnarketa bat egiteari. Kasu honetan ere horrela izan zen. Taldetan jarri eta talde bakoitzak bere ondorioak atera zituen, ondoren beste gelakideekin partekatu eta eztabaidatzeko. Egia esan, horrelako jarduerak elkarren berri izateko apartak izaten dira. Nik ere zenbait ondorio atera nituen. Ikaskide askoren lanerako gaitasuna ez zela ahuntzaren gau erdiko eztula konturatu nintzen, baina bai ere beste zenbaitek kritikak jaso eta euren buruarekiko kritikoak izateko duten gaitasun urriaz jabetu nintzen. Azkenik, pena izugarria eman zidan zenbait ikus entzunezko lanek zuten euskera maila urria ikusteak. Dena den, azken puntu honek ez ninduen harritu.

Orokorrean oso gustura egon banaiz ere, zer hobeturik ikusi dut, eta horrelakoetan zer hobe irakasleari jakinaraztea baino. Blog hau horretarako ere egokia izan daitekeela uste dudanez, horretaz baliatuko naiz.

Batetik, eginbeharreko jarduerak irakasleak proposatu zizkigun. Ziur nago Nereri egokienak iruditzen zitzaizkiola eta arrazoi sendoak zituela horiek proposatzeko. Dena den, ikasleok landu nahi genuena edo kezkatzen gaituenaren inguruan hitz egin eta gelakide eta irakaslearen artean egin beharrekoa erabakitzea interesgarria izan daitekeela uste dut.

Bestetik, EHUko gaitza ere sumatu dut ikasgai honetan. Inongo hezkuntza proiekturik gabe lan egite horrek ikasgai honetan ere badu eraginik. Beste ikasgai batzuekin ongi baino hobeto lotu zitekeen. Ikuspegi globalizatzaile baten barruan leku egokia eta garrantzitsua izan dezake, baina ez da horrelakorik izan. Ikuspegi globalizatzailea, eraikitzailea, bateratzailea eta antzeko hitzak entzuten ditugu gure fakultateko katedradunen ahoetatik. Eta gero? Gero salda bero. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

Azkenik irakaslearen inguruko hitz batzuk ez dira sobera izango. Ez da nire asmoa ez irakaslea larrutzea eta are gutxiago “peloteo” merke bat egitea. Iritzi edo hausnarketa txiki bat egitea baino ez da nire xedea.

Ikasgaia aurrera emateko bere modua asko gustatu zait. Jardueren inguruan, azalpen justuak eta beharrezkoak eman dizkigu. Hortik aurrera, norberak nahi duen horrenbeste zabaldu ahal izan du bidea. Ikasgelan ere, giro ona egoteko ahalegina egin du eta lortu du. Ikasgaia bera ere atsegina izateaz gain, irakasleak ere izan du honetan eraginik.

Gauza guztien gainetik, irakasleak ikasleekiko duen gertutasuna aipatuko nuke. Gelan ez ezik, tutoritza ordutan ere horrelaxe izan da eta niretzat behintzat, oso positiboa da hori. Gertutasunaz gain, ikasleok jarduerak egiteko izandako arazoak ulertzeko prestutasuna eta hauei aurre egiteko erraztasunak eman dizkigu. Estimatzen da horrelakoetan irakasleen gizatasuna.


 

 


Utzi iruzkina: