UDABERRION
Udaberria frexko dago airearen sakonean,
baina poeten udaberria badirudi orain hasten dela...
non dago udaberriko poeta?
ez dira hari buruz inon mintzatzen.
konturatu al zarete?
kantari bat hiltzen den bakoitzean,
hura omentzeko "poeta bat izan zela" erraten dute.
Poeta bat hiltzen delarik, ordea,
ez dute deus ere erraten.
Poetak omentzeko era ederra litzateke:
poeta bat hiltzen delarik,
ez da inon hitz egiten.
Askoz hobe horrela beretzat.
Bere hitzak isiltasunean iltzatzen dituen horri,
hiltzen delarik, denbora pixka bat uzten diogu
isiltasunean atseden aurki dezan.
Beranduago, "ez dio axola nork", erran nahi baita zuk edo nik,
poeta horren poema bat aurkituko du, xuabe-xuabe putz eginen du poema horren gainean,
eta poetaren boza goratuko da, eta poetak "egunon" erranen du,
eta orduan ohartuko gara
inon ez bada inoiz poeten heriotza iragartzen,
poetak inoiz ere hiltzen ez direlako dela.
Udaberria frexkoa da airearen sakonean.
Pixka bat berotzearren,
komunikabideek ez dizute erranen,
Poeten klubaren arratsetan,
guk poemen gainean putz egiten dugula
sugarren gainean putz egiten dugun bezalaxe,
sua egitearen historia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: