IZAN ZORIONTSU, AINARITA!

ainaramaya@gmail.com 1589196773770 POETA BIZIEN KLUBA | 2008-11-21 18:45

Brno, 2008ko azaroaren 18a

A… maitea:

Zer moduz zaude?

2002ko eguberrietan aitaren batean oroitu nintzen zuk niri errandakoa gauero otoitz egin nezan badaezpada zer gerta ere, eta batez ere zoriontsu izan nendin  eskaria egin zenidan. Ez dakit zure eskaria bete dudan... baina nigatik egon lasai, neure bidean noa, beti aitzina… zuk erraten zenidan bezala, aita, nigatik lasai egon, baina nahi duzunean badakizu non nagoen…

Hostoak negar tanten modura erortzen diren garaiotan, malkoek egindako bideetan oroimina datorkit, eta udazkeneko zuhaitzak bezalaxe ni ere biluzten naiz hotz dardarez teilatu hormatuak begien bistan. Hosto ximel batzuk erori zaizkit, baina oroitzapenek eusten diote enborrari. Oroitzapenek eusten naute.

Agur erran genion elkarri duela sei urte, baina nik ez nizun agur erran nahi eta biharamunean besarkatuko zintudala amets egin nuen gauean. Zuk bai, zuk agur erran zenidan eta erran zoriontsu izan nendin, arren… saiatu naiz, aita, baina hain sentitu naiz bakarrik! badakit amak nik bezainbeste edo gehiago sentitu izanen duela zure hutsunea, baina beti iruditu izan zait berak laguntza gehiago izan duela eta horregatik, egia erran, berarengandik urrundu egin naiz.

Zoriontsu izan, Ainarita!

Eta saiatu naiz, baina mina handiagoa izan da maitasuna baino, eta min horrek maite ditudanengandik urrunarazi egin dit, ezkutu bat paratu baitut ni eta bertzeen artean. Hutsunea. Akastuna izan naiz eta beharbada min eman diet bertzeei, baina min handiena nik hartu dut.

Hutsunea handia dut barnean eta huts horrek toki handia hartzen du oraindik ere neure bizitzan... zu gabe ez, ezta zurekin ere... baina aitzina segituko dut neure bidean, lasai. Bizitzak ere ezusteko atseginak ematen baititu noizean behin eta horiek probexten saiatuko naiz. Izan ere, duela hiru urte udaren azkenak ezusteko atsegin bat ekarri baitzidan neure bizitzara eta maitemindu nintzen. Ordura arte zure aurpegia ikusten nuen gauero ilargiaren alde agerian, eta geroztik bertze baten aurpegia ikusten dut, zeurea ilargiaren alde ezkutuan gelditu delarik, nire zori(on eta txar)aren zelatari… berak ere agur erran dit, zuk bezala, eta zoriontsu izateko opa. Biok aunitz maite zaituztet eta kasu egiten saiatuko naiz, zuek segi lasai zuen bidean, ni neurean noa, beti aitzina, baina nahi duzuenean itzuli.

Agur erran genion elkarri, bai, baina agur hori ez zen betirako izan, betiko oroitzea baizik Oroitzea, beharbada, noizbait elkar ikusiko dugula eta ez badugu elkar ikusiko ere noizbait elkar ikusiko dugun itxaropenaz biziko naiz zoriontsu. Ez zaitut ikusten, baina bai sentitzen: kanpoan hotz delarik, halako berotasun batek inguratzen nau zuk errandakoaz oroitzen naizen bakoitzean… “badakizue beti bihotzean eramanen zaituztedala… aurtengo negua lehenago heldu zait, ez dut hil nahi!”. Denok hil behar eta inork ez nahi, hau bizi tristea!

Baina beti bizi zara, aita, beti zaude neuregan, lur honetan. Hiruretan hogeita bortz urte bete zenituen lur triste honetan, negua heldu zitzaizun biziberriturik. Hala ote?

 

Bakarrik omen nago, baina ez naiz  bakarrik sentitzen.


Utzi iruzkina: