Euskal Herriko anfibioak
Txantxiku arrunta edo Alytes obstetricans Alytidae familiako apo bat da. Arrek arrautzak gorputzaren atzealdean itatsita garraiatzeagatik ezaguna da. Tamaina txikia du eta azal pikortsua. Europa mendebaldean eta Maroko iparraldean aurki daiteke denetariko inguruneetan. Arrek kantu berezigarria dute, identifikaerraza eta anplexu konplexua izaten dute. Zapaburuak identifikatzea ere erraza da, izaten duten tamaina handia dela-eta. Ezkutuko teknika erabiliz, zizareak, intsektuak, araknidoak eta tamaina txikiko bestelako ornogabeak ehizatzen ditu.
Tamaina txikiko apoa da txantxiku arrunta. Arrak 52 mmko luzera izatera iritsi daitezke, eta emeak apur bat txikiagoak izaten dira. Gorputza motza eta biribildua da eta gorputz-adarrak motzak eta sendoak. Azala apur bat pikortatua da, garatxo txikiduna bizkarraldean eta pikortatua sabelaldean. Bizkarrean guruin parotideetatik iztaietaraino hedatzen diren bi lerrotan kokaturiko kolore laranjako garatxoak izan ditzakete. Azalaren kolorea aldakorra da, grisa, arrea edo oliba-kolorekoa. Orban txiki berde gorri edo beltzak izan ditzakete, nahiko homogeneoki kokatuak. Ale batzuek sorbalden artean V formako orban argia izaten dute.
Gorputzarekin alderatuta, buru handia dute, mutur biribildu edo apur bat punta zorrotzduna. Begiak handiak dira, irtenak, aldeetara bideratuak. Pupila bertikalak dituzte eta urre-koloreko irisak. Tinpanoa, normalean, nabarmena izaten da, begiaren tamainaren 3/5 edo 4/5. Guruin parotideak txikiak dira eta normalean ez dira nabarmenak izaten. Bomer-hortzak koanen atzean izaten dituzte eta mingaina biribildua eta osoa.
Aurreko gorputz-adarretan ez dute behatzareko mintzik eta lehenengo lehenengotik hirugarrenera hatzak orduan eta luzeagoak dira. Hiru metakarpio-tuberkulu izan ohi dituzte, nahiz eta batzuek bi besterik edukitzen ez dituzten. Erdikoa izan ohi da tamaina txikienekoa. Atzeko gorputz-adarrak laburrak dira, metatartso-tuberkulu txiki bakardunak. Behatzareko mintza oso txikia izaten da.