Testigantza - Iñaki Iraola Artola
Lekukotasuna : Iñaki Iraola Artola
- Lekukotasuna entzuteko : hemen.
Lekukotasuna azaltzerakoan, apaltasuna azaldu nahi genuke gure ahalegin honetan, helburu bezala.
Ez uste izan, liluratzeko ezer esan, edo agertuko dugunik. Gure ibilbide honetan kristau bezala.
Azaldu nahi dugu, bizi dugun gizarte nahastu, eta batzuetan, zail honetan, oraindik ere Fededun izaten jarraitzen dugula, Jesusen Espirituari esker.
Gure eguneroko otoitzak, Igandea ospatzea eta familiako elkartasuna, giltzarri gertatzen zaizkigu horretarako.
Eta horretan jarraitzeko asmoak ekarri gaitu gaur eta hemen, lekukotasun hori azaltzera, era xume eta apalean.
Gure asmoa da, bikote ezkondu, familiako guraso, eta aitton-amon bezala, fededun izatearena nola bizi dugun azaltzea.
Bost puntutan oinarriturik, gure ibilbidea nondik norakoa izan den, egindako prozesua, eta aldi bakoitzari nola eutsi diogun Fedean ibiltari izateari, azalduko dugu, agian, lagungarri gerta daitekeelakoan.
Bost puntu hauek hartuko ditugu erreferentzi.
Haurtzaro aldia
Gaztetxo Aldia
Gazte aroa
Helduen aldia
Adineko Aldia
Haurtzaro aldia
Fedearen lehendabiziko kutsadura, garbi esan behar dut, sukaldeko txoko-zuloan, amaren magalean, sumatu nuela, oso umea nintzela, hiru edo lau urterekin.
Ordurako beste bi haur baziren gurean. Amak esaten zidan; Inazito y haiz zaharrena eta hire anai-arrebei erakutsi beharko diek errezatzen.
Jesusen bihotzaren irudia genuen sukaldean horman zintzilik, errosarioak gainean zituela.
Errosarioa egunero errezatzen genuen. Sei edo zazpi urterekin, txandaka egunero errezatuz, misterioak eta leta-niak.
Horrelatsu izan zen, haurtzaroko gure otoitzaldia familian.
Gaztetxo aldia
Gogoratzen naiz, gaztetxo aldia baino lehentxiago izango zen; Parrokiko apaizak, ni, monagilo izateko eskakizuna egin ziola amari. Eskakizun horri, nola ez, baietza eman behar zitzaion; baitzen esan zion amak. Baina latinez nik ikasi behar nituen “Introivo …” Asko kostatu zitzaidan ikastea. Ezin nuen liburutik edo paperetik irakurri, buruz ikasi behar nituen. Egunero Meza laguntzera, 8:00etan joaten nintzen eskola joan aurretik.
Ez naiz gehiegi konturatzen zer gaiztakeri edo nolakoak ziren.
Konturatzen naiz, bihurriak ginela; eta tiragomak eskuratu genituela handik edo hemendik; eta nola, baserri batzuetako kristalak puskatzen saiatzen ginela. Gero izaten zien kontuak.
Lau edo bost urterekin eskolan hasi nintzen Amasan, “Gurutzeko Alabak monjetan, Hijas de la Cruz” Gu bihurriak ginela esan dizuet, monja haiek gaiztotik ere asko zutela ezin dezaket uka.
Hamabi urterekin, Andoainera, La Salle ikastetxean hasi nintzen.
Hamalau urterekin lanean hasi nintzen, eta jarraitu fededun izaten, igandetan monagilo.
Gazte aroa
Gaztetasun aroa aipatzean, ez ditugu zehaztasun guztiak gure bizitzaren aurrean eginak azalduko. Gaztetasun ibilbidea horretan nola egin dugun, aurrera, gaztetasunak, alaitasuna ere lagungarri izaten du. Fede bizitzari ere lagungarri gerta dakioke gazte izateak.
Hamazortzi urte inguruan gaztetasun aldi horrek, besteak beste, maitasunaren usain goxo eta freskoak, begiak ireki zizkidan Erromeria aldiak medio. Eta halako gune eta uneak loturik, plazaz plaza, herri txikietan ibiliaz, Maitasun goxo eta handi batekin topo egin nuen, egin genuen.
Aldi goxo bat egin genuen elkarrekin pozik, igandea iristeko gogoz. Baina baziren oztopoak. Garai hartan apaizak, apaiz izatez gainera, ”bijilante” ere baziren.
Maitasuna ez zen bekatu; maite ginela ezaugarriz adieraztea, bekatu zen. Egoera horrek eta antzeko beste zeregin batzuek tarteko, lau edo bost urte banatzea erabaki genuen.
Eta hortxe egin genuen bakoitzak bere ibilbidea, fededun puritano bezala.Dantzan ikasi eta han eta hemen ibili nintzen.
Heldutasun aroa
Heldutasun aro honetan, askotan esan izan ohi dut; fededun izateko ere heldutasuna behar dela . Heldutasun etapa honetan, besteak beste, lehen sakabanatuta edo banatuta egon baginen bikote bezala, berriro, elkar maitasunaren aldi goxoagoa eta ezberdina sortu zen bion artean.
Heldutasun horrek nonbait, beste kokagune ezberdin bat bazela adierazi edo erakutsi zigun, bikote bezala.
Oraingoan ere Maitasuna ez zen bekatu.
Maitasun horren ezaugarriak, normaltasunez erabiltzen genituen. Egoera polit eta goxo horrekin aldi bat igaro ondoren, kristau legean eta Elizaren aginduetara, ezkondu ginen hogeita zazpi urterekin. Famili bat osatzen joan ginen: hiru alaba tarteko.
Heldutasun aro honetan ere, fededun izaten jarraitu nahi genuen. Liturgiako ospakizunetan partaide izanez, zuzentzen genituen “Liturgi ospakizunak”, igandeetan gure parrokietan.
Aldi horretan, 1978ko urtea zela uzte dut dugu. Norbaitek gonbidatu gintuzten helduen katekumenadoa egitera. Bittorik, bere ala eman zuen baietza. Eta niri animatu ninduen ikastaro edo ekintza horretara. Hasi baginen hasi, bost urte egi genituen, helduen katekumeno aldi horretan. Ikastaro horrek markatu zidan edo zigun, fedearen arnas berri bati, beste ikuspegi batetik heltzen. Barne iraulketa bat bezala, deitzen diot nik, niregan gertatu zena. Eta bere ala sendotzako begirale izateko hitza eman genuen parrokian.
Hain zuzen, Billabonako parrokian hasi ginen. Bederatzi urtez jarraitu nuen begirale Sendotzarako prestatzen. Sendotzako talde bat hartzeak, bi egoera ekarri zizkidan nirekiko; kezka alde batetik, eta ardura eta konpromisoa bestetik.
Hasieran, ezin, behar bezala kokatzera sumatu nuen. Baina, eginaren eginez, joan ginen egoerari neurria hartzen. Lagungarri gertatu zitzaigun, sendotzako talde bana eramatea. Ibilbide horrek, bederatzi urte iraun zuen nirean.
Heldutasun aro horretan, liturgiako ikastaro bat egin nuen; eta Amasako Parrokiko ardura izan nuen, eta dut oraindik liturgian. Saiatu ginen urte haietan Liturgiari beste arintasun eta estilo bat ematea, parrokiko kanturako talde bat osatzen, ospakizunak zuzentzeko sekularrak biltzen, irakurleak osatzen. Hamalau izan ginen irakurle. Hainbat ikastaro, bilera, parte hartze, erretiro, eta gogoratzen ez garan hainbat joan etorri ez ote genituen egin, han eta hemen.
Adineko aldia Jubilatuta
Gogoratzen naiz jubilatuta berehala, besteak beste, 2004an.Felixek, Patxik, Eustasio eta Karlos Agirre zenak, deitu zidaten liturgiako bilera bat antolatu zutela eta gotzaindegira etortzeko, Patxik deitu zidan. Joan nintzen zertara nindoala jakin gabe. Iritzi nintzen gotzaindegira, eta ikusi nituen, lau gizon haiek, urduritasuna nirekin sartu nuen. Asuntoa zen, apaizik gabeko ospakizunak egiteko ikastaro bat egitea, eta esan nien, nik zer pintatzen dut hemen?
Ordurako banituen apaizik gabeko ospakizunak eginak Amasan. Mikel Egizabal apaizak, aukera onak eman zizkidan horretarako. Uste dut, honen berri jakin zutela Elizbarrutiko orduko buru kide haiek. Bilera hasi eta, beren asmoa azaldu zutenean, galdetu zidaten, zuk nola ikusten duzu egitasmo hau? Sekular bat ere nahi genuke hasiera honetan?
Erantzun nien: Nik gauza bat daukat argi eta garbi. Ospakizunak, txukun eta ondo prestatuta egiten badira , jendea gustora gelditzen da, eta datorkigun eta daukagun egoera ikusita, derrigorrezkoa ikusten dut, sekular batzuk prestatzea apaizik gabeko ospakizunak egiteko.
Egin genuen bilera hura, eta berehala antolatu zuten Elizbarrutitik, “apaizik gabeko ospakizunak” egiteko ikastaroa.
Hemen Loiolan, antolatu zuten, Gipuzkoari begira. 40-45 lagun hasi ginen. Bost hilabete, hilean behin larunbatez bildurik. Ikastaroa bukatu zenean, azterketa praktikoa egin arazi ziguten eta aprobatua jaso genuen.
Gero gonbidapena egin ziguten, gure bailaretan ere ahal bazen ikastaroa egiteko. Bi herrietan egin genituen, bi ikastaro, Daniel Eskisabel eta biok; Alegin eta Amasan. Eta hor jarraitzen dugu ahal dudana; beti ere fedearen argi horren babesean, Jesu Kristo tarteko, eta Espiritua bitarteko.
Lourdesko ospitalitatean
Lourdesko ospakizunak zuzentzeko deia. Patxi Azpitarte.
Patxik Bittoriren bidez bidali zidan abisua.
Patxik zurekin hitz egin nahi omendu …
Eta galdetu nion Bittoriri … Zertarako, edo zer nahi du … ?
Ez dakit … zurekin hitz egin nahi du !
Zirika ariko nintzan noski, zer eta zertarako.
Halako batean esan zidan Bittorik, Lourdesko erromesaldian ospakizunak zuzentzeko. Ni nola ba!
Esan dit, zuk ondo egin dezakezula … Pentsatu!
Hurrengo goizean esan nion Bittoriri, “Baiezkoa eman beharko diot”.
Zeren nigan pentsatu badute, zerbaitegatik izango da.
Baiezkoa eman nion Patxiri, eta hamahiru urte jarraitu dut.
Nire fede ibilbidea
Lekukotasun hau adierazterakoan, nire Fede ibilbide horretan, izan nuen aukera bat 2009ko udaran, Polloen, hildakoei lur ematera, kristau fedearen argitan, aste batean.Esperientzia ona izan nuen, baina jarraitzeko gogorra iruditu zitzaidan.
Aipatu nahi nituzke pare bat anekdota kristau ohituraz hildakoei lur emateari buruz gertatuak.
Astelehen batean hasi nintzen ekintza horretan. Eguerdian bukatu nuenean, 13:00etan inguruan, bulegora joan nintzen eta bihar arte esan nien. Eta esan zidaten, bihar holako ordutan, bi urteko haur bati lur eman behar diozu. Kezka sortu zitzaidan. Etxera etorri eta berehala hasi nintzen, prestaketa egiten. Otoitzak, heriotzaren inguruan liburuan.Bilatu nuen, haurtxo baten heriotzaren kasuan.
Prestatu nuen eta joan nintzen hurrengo egunean. Iritzi zen ordua eta aurkeztu nintzen familien aurrean. Yo no soy sacerdote, ni padre espiritual, pero soy padre de familia como vosotros. No he vivido como padre el duelo que estáis viviendo vosotros en estos momentos, pero comparto el dolor en estos momentos con vosotros. Mi más sentido pésame os quiero trasmitir desde el interior de mi corazón.
Heldu zidan amak eskutik, estu-estu, eta ez zidala utziko. Piska batean egon ginen eta berehala otoitza egin genuen eta sumatu nuen niregan, beraien saminarekin bat egin nuela; egoera horretan zuzeneko partaide nintzela.
Hernio mendian gurutze bidea, ostiral Santu egunez
Hogeita bost edo gehiago urte eginak izango genituela horretan. Urte batzuk badaramagu, eta urte batean, topo egin genuen, Joxe Lizaso bertsolariekin. Ez gara ziur gogoratzen, eskatu genizkion bertso batzuk kantatzeko, edo bera aurreratu zen; dena dela, kantatu zituela gogoratzen gara, eta lagun garri gertatu zirela, gurutze bidea jarraitzeko. Urte batzuetan joan zen, Joxe Herniora.
Esan bezala, asko laguntzen zuen Hernio magal hartan otoitzerako. Baina egoerak, adina tarteko eta mendi gaina bitarteko, hutsi egin zion joateari.
Joxek joateari hutsi ondoren, ibili ginen nori esango genioke, baina ez genuen ikusten nori. Orduan, Iñakik, pentsatu zuen berak egitea, eta halaxe egin zituen. Sei bertso egin zituen, egonaldiari otoitzean laguntzeko eta bi bertso bukaeran kantatzeko.
Urte batzuk ondoren Beasaingo hiru lagun edo ezagun inguratu zitzaizkigun laguntzera egonaldiak irakurtzeko.
Eta horrela jarraitu dugu aurten arte. Aurten ez gara igo Herniora.
Iñaki Iraola Artola.
2018ko abuztuak 27.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: