I. KOIPELUSTRE KOPLA JARRI SARIKETAKO IRABAZLEAK 2011

gogaikarri 1456133296690 GOGAIKARRI | 2011-02-03 18:25

ZABALDU DUT ATEA (1. saria gaztetxoen mailan)

Gaia: zure herriko jaiak.

Txaber Altube (Abadiño)


1)Zabaldu dut nik atea eta

Kanpora begiratzean

Ozen esan dut gure San Blasak

Heldu dira azkenean

 

2)Han eta hemen entzuten dira

traktoreen burrunbadak

Behi saltzaileen tratuak eta

ume guztien algarak

 

3)Kordoi denda bat aurkitu eta

Erosi ditut hiru-lau

San Blasetako ohituretatik

Famatuena dugu hau

 

4)Idi ta zaldi ikus daitezke

Animalien ferian

Hau urtean behin bakar-bakarrik

Gertatzen zaigu herrian

 

5)Hara ta hona pasa ondoren

Dendaz denda goiz osoa

Txosnatxo baten erosi ditut

Taloa ta txorizoa

 

6)Tripa beteta hamabietan

Bertsolarien ordua

Noizbait haiekin kantatzea da

Orain dudan helburua

 

7)Bertsoak entzun eta etxean

Urteroko babajana

Baina taloa janda kendu dut

Eguerdiko gose dana

 

8)Atseden pixkat hartu ostean

Bostetako idi probak

Hor sortzen dute harreman ona

Aitonak eta bilobak

 

9)Probalekutik irten ta gero

Agur aitite maitea

Berriro ere elkartuko da

Gure koadrila gaztea

 

10)Gaua heltzean jende guztia

Atseden hartuz ohera

Oso gogorra izan da eta

San Blas txikiren bezpera


MUNDUA ALDATU (2. saria gaztetxoen mailan)

Doinua: Goizian goiz jeikirik

Gaia: zure herriko jaiak

Aitor Etchechuri-Servier (Azkaine)


1)Fama San Ferminena,

edo antzarrena

baina, norbere_herriko

jaia da onena.

 

2)Egunean dena da

joko ta folklore

beltzean gauak badu

hainbeste kolore.

 

3)Beraz, aurtengo plana

denak gaztetxera

herriarengatikan

tragoak hartzera.

 

4)Barra ertzean biak

"txotx" ta edan bikain

ta mundua aldatu

behar dugu orain.

 

5)Nahiz hemen "SALGAI" dauden

etxe hobe asko

sarri_" A Vendre"* izaten da

kanpokoentzako.

 

6)Zurrumurru ugari

gibeletik aitzen

eta itxurarekin

gaituzte epaitzen.

 

10)Gazteon arazoak

berriro atean

zortzitan hitzordua

dut ANPE*-an.

 

8)Dexente luzatua

zaigu berriketa

gazteak arazoak

asko ditu eta.

 

7)Herri erdaldunean

oasis txiki bat

arnas berri sortu

ohi digu Kilikak*.

 

9)Zazpitan esnatu naiz

biharamunean

egiak berriz gaina

hartzen dun unean.



GOIZEAN ESNATU NAIZ

Doinua: Kontu berri bat suzedidu da

Gaia: zure herriko jaiak

 Asisko Arruabarrena (Abadiño)

 

1)Goizean esnatu naiz poz-pozik

Jaiak diezela eta

Kalera irten naiz arin baten

Dena dago gaur beteta

 

2)Aspaldian nik ez dot ikusi

Hainbeste jende herrian

Zirkua ere etorri da ta

Ia zer gehixau heldu dan

 

3)Kalean beherea jun naiz korrika

Abiadura handiaz

Ez dot ikusi eta begira

Jausi egin naiz kabliaz

 

4)Eliz aurrean ikusi dodaz

Dantzari asko dantzatzen

Gaiera agertu dira batzuk

Txopoa ondoan jartzen

 

5)Bazkaltzeko ordua heldu da

Bazkari berezia dau

Patata tortila eta gero

Pare bat zati makailau

 

6)Bazkalostean berriz kalera

Animaliak ikusten

Behiak ta ardiak be badaude

Den denak belarra jaten

 

7)Amaitu dira gaur nire jaiak

Ohera noa ni alai

Espero dot biharko eguna

Izatea benetan guai



ISILTASUNAK (1. saria gazteen mailan)

Doinua: Sorterriko koplak

 Aitor Bizkarra (Abadiño)

 

1)Latza da iluntasuna      

Ta hauts dezaken eguna  

Latzagoa da hitz bahituak  

sortzen duen isiluna  (bis)

 

2)Bi bihotz eta bi buru                      

Lau begi hauen helburu                               

Maitasunaren begiradaren                     

hitzik behar eza dugu  (bis)          

 

3)Aho ergelen ahape

Zenbat berba ta esate     

Ta hauen ordez isiltasuna        

egon beharko litzake  (bis)     

 

4)Mundura jaiota mutu                 

Gauza asko ezin burutu           

Isiltasunak izate hori                

bihurtzen badu ezkutu(bis)      

 

 5)Zarata badugu kalte

Isiltasunerantz kate

Zarata gabe isiltasunik

egongo ote litzake?  (bis)

 

6)Hiltzailearen kondena

Krimen osteko problema

Mantentzen duen isiltasuna

baita salatzen duena  (bis)

 

7)Adieraztea traba

Ideiak ezin atara

Lotsa isiletan bizi ezkero

isilean hilko zara  (bis)

 

8)Irakaslearen patu

Isiltasuna ohiukatu

Ahotsa joan eta isilik

halabeharrez geratu  (bis)

 

9)Askok aldatuko luke

zuhaitz ta erreken bertute

isiltasuna hautsi ta berba

egin ahalko balute  (bis)

 

10)Nahiz izan maila gorena

Isiltasun asperena

Da bertsolari orok eduki

leiken etsai gaiztoena  (bis)

 

11)Isiltasun desberdinak  

Luzeak edo arinak

gehientsuetan guk gizakiok

suntsituak ta eraginak  (bis)


LORE ONDOKO TXORIA (2. saria gazteen mailan)

Doinua: Bereterretxeren khantoria

Ainhoa Urien (Abadiño)

 

1)Egunsenti apalean

haize freskoen menpean

lili eder bat ikusia nuen

izotz ta elur artean.

 

2)Harengana hurbilduta

elur hotza zapalduta

txori txiki bat nekusan bertan

indar gabe, kikilduta.

 

3)Harturik esku artean

babesa eman nahiean

txio eztiaz eskertu zidan

denbora tarte luzean

 

 4)Ixildu zedin fereka

“ez zaite gehiago neka”

bakarrik bizitzeko kondena

nahiko neketsu da eta.

 

5)Etxera bidea hartu

txoria eskuan batu

bularran kontra goxo jarriaz

egin nuen besarkatu.

 

6)Jake epelean sartu

eta ez zen ikaratu

begiak hertsi zituen eta

loak zuen harrapatu.

 

7)Gora begiratu nuen

egunak argitu zuen

ta bat-batean aurkitu nintzen

elurtutako amets baten.

 

8)Jarririk zeruari so

pasa ziren hiru uso

horiek ere hotzez ta gosez

egongo ziren akaso

 

9)Jarraitu nuen aurrera

urrats arinez batera

behingoagatik iritsi nahirik

etxearen babesera.

 

10)Berotasun iturria

su epel egin berria

abegitasun eder horrekin

agertu jatan irria

 

11)Nik suari so nerraion

eskertu behar genion

txoriak ere begi zabalez

hari begiratu zion

 

12)Honela izan zen goiza

elur, izotz eta hotza

horren ederra izango balitz

egunero goiz bakoitza.

 

13)Sarri lagunen beharra

izatea ez da txarra

beste batzuei laguntzea be

da horren gauza edarra.


SARGORRI (1. saria helduen mailan)

Doinua: Ostatuko neskatxaren koplak

 Peru Madalena (Abadiño)

 

1)Eguzkia da errege

Gaua antzinako lege

Iluntze hontan akordatu naiz

Zurekin berriro ere

 

2)Sargoriaren aparra

Soinuz bete da bedarra

Ardo gazteak gogoratu dit

Zuganako bide zaharra

 

3)Poztasun danen batzarre

Mistikoen akelarre

Uda haretaz akordatu naiz

Dana esku dana barre

 

4)Arratsondoak gorrira

Enarak bueltan kabira

Nire desiren hosto zaharrak

Zugana erortzen dira

 

 5)Gomuta bada barria

Dana da urregorria

Zure ulea ardoa eta

Iluntzeko oskorria

 

6)Satorrak zulotik sartu

Eta zeruak izartu

Egin zenidan siesta hartatik

Oraindik ez naiz itxartu

 

7)Ilun ertzean txinpartak

Bizi seinale apartak

Behatz artean oraindik ditut

Zure gerriaren markak

 

8)Haizea dator batetik

Eta badoa bestetik

Ta gu bizitzak mantendu gaitu

Bakoitza bere bidetik

 

9)Ezkonduta baina aske

Gaua egunaren eske

Gomuta batzuk hiltzen dira bai

Beste batzuk ez hainbeste

 

10)Hau da hau laino mordoa

Memoria ere hor doa

Oroitzen zaitut mozkortzen nauzu

Ezpainetan dut ardoa

 

11)Zauri zahar baten antzera

Ezpainak gorri aldera

Odola_ardoa eta bihotza

Danak galapan batera

 

12)Bizitza bide motzeko

Egia ez da hotzeko

Alarguntzean batu gaitezan

Barriro be jaiotzeko


 

KOPLA BERRIAK TABAKOAREN LEGEARI JARRIAK (2. saria helduen mailan)

Doinua: Mendi altuen edurre

 Oier Aizpurua (Zarautz)

 

1)Bi mila eta hamaika,

hamarra hobetu nahi ta,

asmo berriak ditugu

ta aire berriak baita.

 

2)Berriro Euskal Herrira,

Espainiako neurrira,

su-eten baten zain geunden

ta beste bat etorri da.

 

3)Tabakoaren legeak,

jaunak eta andereak,

ez al dizkigu ekarri

ondorio xelebreak?

 

4)Nahiz kea kanpoan galdu,

parrandan ez gaude salbu,

diskoteketan izerdi

usain galanta daukagu.

 

5)Sua eskatzerik ez dago,

gure azkena! Akabo!

Lehen gutxi ligatzen gendun,

orain are gutxiago…

 

6)Legean salbuespena

bada bertsolariena,

oltza salto egitea

ez ote degu onena?

 

7)Hobe etxean izkuta,

oltzan purua piztuta

anonimon batek igual

salatu eingo gaitu ta.

 

8)Olentzero ere trantzeko

hor dabil gure antzeko,

pipa itzali beharko baitu

tximiniatik sartzeko.

 

9)Piparik ezagunena

ez al da bakearena?

Behin ta berriz piztu arren

itzaldu ohi digutena…

 

10)Bost euro batez besteko

pakete bat erosteko.

Ba al da bide hoberik

erretzeari uzteko?

 

11)Legeaz bazterrak nahasten

zer dabiltzan zaigu ahazten,

nahi digutena itzali

ta dirutza irabazten.

 

12)Hala bazan ta ez bazan,

lehen egiten zen trazan

erre beharko ditugu

artabizarrak baratzan...