II. KOIPELUSTRE KOPLA JARRI SARIKETAKO IRABAZLEAK 2012

gogaikarri 1456133296690 GOGAIKARRI | 2012-01-31 18:23

1.SARIA GAZTETXOEN MAILAN
TXABER ALTUBE (ABADIÑO)
Gaia: Udalekuak
Doinua: Aita semeak


1. Nire barrua askatuko dot
lehen egunetik hasiz
udalekuko hotz-bero danak
koplatan adieraziz

2. Hona heltzeko hiru-lau ordu
autobusean jarrita
ta mareoa gutxi dalako
maisuen erretolika

3. piraguismoa egin nahi gendun
ona heldu ta aurrena
pinguinismoan aritu gara
ur izoztuan barrena

4. lehenengo gaua ondo hasteko
urez bete jakun gela
ta enterau naz danan gainetik
urpekariak garela

5. gelaz aldatu gaitue baina
ez da oso aproposa z
ati eder bat handiago da
nire aman opel corsa

6. zikin eguna heldu da eta
danok pinturaz bustita
euliek ere hanka ein dabe
zelan gauzen ikusita

7. logelak zikin lagunak zikin
pozik noa ni dutxara
hainbeste zikinkeri artean
lokatza jausten ez bada

8. lo egiteko danok batera
sardinak latan bezela
nonork puzkerra botaten badau
akabo gure logela

9. ondino hor dauz aipatu barik
gabetako merendolak
PSP-ak, galleta batzuk,
patatak ta gominolak

10. egun on batzuk pasatze asmoz
etorri ginen bertara
baina eguna baino hobeto
pasatu dogu guk gaba

2.SARIA GAZTETXOEN MAILAN
ANE PEÑAGARIKANO (ZARAUTZ)
Gaia: Udalekuak
Doinua: Woman no cry


1) Autobusera sartzean
Non nahi irri ta algara
Gerrikoak loturikan
Bidaia astear gara
2) Artaunsoro aldera goaz
Bi aste, oporren gisan
Lagunekin zoriontsu
Denok nahi degu ta izan

3) Lehenengo eguna degu
Jende berri pilarekin
Azkenerako guztiok
Ondo gabiltz elkarrekin

4) Mendi buelta motz bat egin
Eta bazkaltzera goaz
Denok gaude irrikitan
Gaua iristeko gogoaz

5) Diskoteka ordua ta
Mutil bat daukat aurrean
Beraren bikote gisan
Jartzeko dator eskean

6) Baiezkoa eman eta
Bihotza taupaka azkar
Hitzak ezin aterarik
Esaldiak botaz baldar

7) Logeletara sartzean
Urduritasun bizia
Lehenengo maitasun hori
Nigan jada da hasia

8) Diskotekara sartzean
Dantza egiteko gogoa
Erlojua begiratu
Denbora azkar dijoa

9) Hamalau egun onenak
Pasa ditut Artaunsoron
Bertso udaleko hauek
Ez dira aurkitzen edonon

10) Hurrengo urtean ere
Onera etorriko naiz
Zuek ere animatu
Eta apuntatu garaiz

3. SARIA GAZTETXOEN MAILAN BITTOR ALTUBE (ABADIÑO)
Gaia: Udalekuak
Doinua: Aita semeak


1. Heldu dira ta udalekuak
nabil maletie prestetan
triste , hasarre ta damutute
txarto pasaukot pentsetan

2. Autobusera sartzerakuen
hartu dot susto ederra
autobuseko gidaria da
Txus Jaio rally izerra

3. Uste dot aurten udalekuetan
eingo dogu nahiko festa
udalekuko zuzendaria
Angel Alkain dogu eta.

4. Monitorie nor tokatuko
niri Peru Magdalena
berai lagundu nahi deutsau eta
kotxie pintetan lehena.

5. Gose itzela piztu jaku ta
gu goaz jantokiraino
ta bazkaria prestatzen dabiz
Aduriz ta Argiñano.

6. Bazkal ostean tripa beteta f
utbolean jolastera
entrenatzaile ona dekogu
Marcelo Bielsa da bera.

7. Gaubela heltzen danerako gu
lekua hartzera arin.
Gaur bi kontzertu dauz eta diira
Deskontrol ta Urdangarin.

8. Hasierako gogorik eza
orain festa bihurtu da,
ta etxerako eguna ere
heldu jaku guri jada.

9. Trasteak batzen nabil eta nik
agurtu dodaz lagunak,
aldizkari ta telebistako
aurpigitxo ezagunak.

10. Autobusean noa jarrita
ia egin dot botaka,
Txus Jaiorekin bajatu dogu
Urkiola dana tronpoka.

1. SARIA GAZTEEN MAILAN
AITOR SERVIER-ETCHECHURY (AZKAINE)
Izenburua: Zatiezina, laikoa, demokratikoa eta soziala
Doinua: Treneko koplak (Kariadeko benta)


1. Eskutan hartuz aktak
eta orriak,
frantses estatuari
kolpez jarriak
konstituzioari
kopla gorriak.

2. Konstuzioari
eginik zina
askatasun guztiei e
zetz jakina !
«Frantzia da estatu
zatiezina.»

3. Euskaldun, Katalanak
Okzitaniarrak,
Bretoiak, Korsikarrak
Alsaziarrak
bizirikan dirauten
herri zaharrak.

4. Hizkuntzeri ateak
itxiz ezetzak
zapuztu dizkigute
«legez» ametsak
hiztun, ardi ez baina
artalde beltzak.

5. «Itsasoz haraindiko
irlak batera
Frantzian sar litezke
ere antzera»
haiek sartu eta gu
ezin atera.

6. Mayotte uhartea
da adibidea
orain, departamendu
edo kidea
omen aurreratua,
omen librea.

7. Erlijio handi edo
gure_erritoa
bakoitzak hauta beza
bere jainkoa
«Frantsesen estatua
da laikoa.»

8. Magrebiarra, Beltza
eta Txuria
aniztasun horretxen
ikur garbia,
futbolean soilik da
hori egia.

9. «Burka»-ren auzi horrek
ez du lagundu
lege-mundu hertsian
hainbertze mundu
bertzeengatik hurbil
baina, urrrun gu.

10. Hemengo iraina ta
hango iseka
etxean gelditzea
hobe zer gerta
Aniztasuna bihurtu
da zatiketa.

11. Frogatu genezake
uste bezela
«zatiezina» dena
gaur, dena dela
erlijio kontuetan
zatitzen dela.

12. Frantziako iraultzan
lehen hazia
aspalditik, okertzen
dena hasia
hori bai dela sasi
demokrazia.

13. «Herri sozial-langile
suhar apala»
«Frente popularraren»
garaian hala
behin bakarrik izana
dugu soziala.

14. Hiruroita zortziko
Maiatza aldiz,
Paris, Barrikadetan
iraultza biziz,
gazteok egin behar
genuke berriz.

15. Estatuaren lema
denek dakite
«Liberté, Egalité,
ta Fraternité
gezur hoiek egia
hutsak balite.»

2. SARIA GAZTEEN MAILAN
AITOR BIZKARRA (ABADIÑO)
Izenburua: Ikasketa ala zama?
Doinua:


1.ETIKA
Jaurlaritzari kritika
Izorratzea taktika
Jolastordua ez luzatzeko
Jarri ziguten Etika.

2.INGELERA
Harrituta nago joño
Ez dut ikusi gaurdaino
Ingelesean maistrak Euskaraz
Dagi Ingelesez baino.

3.GAZTELERA
Eta lengua castellana
Pueblos de habla hispana
Euskara ikasten jarri bezate
Jendea Gaztelan barna.

4.HISTORIA
Historiako maistra Purik
Nauka ezin ulerturik
Dio Marxistek ez daukatela
Grouchogaz zer ikusirik.

5.FISIKA ETA KIMIKA
Fisikaz ez dakit tutik
Kimika joan da modatik
Telesail horrek asko galdu du
Fer hil egin zutenetik.

6.BIOLOGIA ETA GEOLOGIA
Nola naizen mutikoa
Geología mitoa
Petra aulkitik altxatzea da
Kasu geologikoa.

7.JOLASTORDUA
Jolastordua oasi
Lau haizetara garraxi
Susmoa daukat hemen be nota
Jartzen ez al diren hasi.

8.DROGOMENPEKOTASUNA
“Drogaren mundu iluna
Bazter ezazu laguna”
Drogen aurkako sailak sortzen du
Drogomenpekotasuna.

9.SEXOLOGIA
“Sexologian ez dugu
Soilik koitoa helburu”
Laister kondoiak hatzetan ere
Jarri beharko ditugu.

10.MATEMATIKA
Matematikak zer xarma
Buruhaustearen ama
Gure hezkuntza ez dakit zer den
Ikasketa ala zama.

1. SARIA HELDUEN MAILAN
EÑAUT URUBURU (ABADIÑO)
Izenburua: Basamortuko koplak
Doinua: Sorterriko koplak


1) Goiz jaiki da eguzkia a
rdo gorritan bustia
erakusteko iretargiak
lapurtzen dion guztia

2) Argiarekin artega
jartzen denez tuarega
zerumugara so galdetzen du:
“han zer egongo ote da?”

3) Desertutik desertura
non den oasiko ura
bilatu arren, existitzen den
jakiterik ez du gura

4) Ur putzurik ez balego,
ze lur zeharkatu gero
sortu ta sartzen eguzki bera
ikusteko egunero?

5) Oin nomaden ibilera
kuriosoa da, gainera:
besteenekin gurutzatu ta
guztiak doaz aurrera

6) Elkarren begiak sarkor:
“ze tuareg bizi da hor?”.
Nor bere arrotz fidela denak
ezin du ikusi inor

7) Umezurtz gau luzeetan
itzalarekin olgetan
etxerik bako txakurrak legez
goizeko ordu bietan

8) Goia izar, behea hare,
bitartea bakardade.
Baina batera bakarrik eta
bakarrik batera daude

9) Haizea hutsaren kantu,
dunak harezko olatu.
Ibilitako bidean ez da
lorratzik ere geratu

10) Lur idorraren zabala
irudikatu ahala
eskapatzen da hondar-alea
eskuetatik bezala

11) Zer da, berez, desertua,
mila berbek edertua,
ez bada soilik inkognita bat
eta ezin ulertua?

12) Jausi da antzez-izara
sagar helduen gisara:
ilusioen basamortuan
denok tuaregak gara

2. SARIA HELDUEN MAILAN
IÑIGO LEGORBURU (ORERETAI)
Izenburua: Adiskide (ez)ezagunei
Doinua: Sorterriko koplak


1 Urte berriaz batera
nolatan galdu aukera
lagun zaharrentzat kopla berriak
nijoalako jartzera. (BIS)

2 Pasatu da urtezaharra
hau da balantze kaxkarra:
Aurten balantzak egiten izan
naizelako ni bakarra. (BIS)

3 Aldaketaren harira
atzera jarriz begira
iraganeko gau-pasak denak
gaur oroitzapen soil dira. (BIS)

4 Utopia zen helburu
zerbait gaizki egin dugu
mundua guztiz aldatu nahian
berak aldatu gaitu gu. (BIS)

5 Ezkonbizitzaren trenak
ezin ditu ahantzi denak,
ez garelako inora joan
beti hor egon garenak. (BIS)

6 Oraindik ere aldizka
lagunekin Gin Tonica…
Lehen etxeratzen ginen orduan
egiten da orain zita. (BIS)

7 Aspaldiko afariak
larunbatez ugariak
orain bazkari bihur daitezen
dira denen eskariak. (BIS)

8 Familiaren mirabe
ene, zenbat atsekabe!
Datorrenari beti begira
egungoa bizi gabe… (BIS)

9 Beti zerbait egiteke,
konpromezu oro bete
gazte moderno usteko aiton
xarmangarriak zarete.

10 Denbora joan ahala
urteroko martingala
errepikatuz zorrotz arroza
pasatu behar zaidala. (BIS)

11 Sumindurikan zeharo
egiten diet ordago:
Hemen guztiok paella-zale
izaterikan ez dago. (BIS)

12 Bukatzeko garaia da:
Saiatu gaitezen hara,
zoriontsuak izaten denok
bakoitza bere erara. (BIS)