Telefono mugikorrak eta alkohola, bi buruhauste, bi prestakuntza tailer
Gurasoentzako buruhauste izaten diren bi gai aztertzeko prestakuntza tailerrak izango ditugu maiatzean. Lehena, “Adingabeak eta telefono mugikorra” hilaren 9an izango da, ikastolan. Bigarrena, “Alkoholaren arriskuak nerabezaroan” hilaren 28an eta 30ean, Kultur Etxean.
Kontsumobideren eskutik, telefono mugikorren erabilerari buruzko tailerra izango dugu Elgoibar Ikastolako LHko eta DBHko ikasleen gurasook. Datorren asteartean, hilak 9, 17:00etatik 18:15era izango da, Moru gelan, euskaraz. Kontsumobidek 2 eta 10 urte bitarteko haurrentzako ludoteka-zerbitzua eskainiko du. Hilaren 7ra arte izena emateko hemen formularioa.
Bestalde, alkoholak nerabeentzat dituen arriskuez hitz egingo digu Ixone Akarregik hilaren 28an eta 30ean, 15:30ean euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz, Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Udaleko Ongizate sailak eta herriko ikastetxeetako gurasoek antolatzen duten formakuntza tailerren barruan ikasturte honetako azkena izango da.