Seme alabak gurasoon ispilu dira euskararen erabilpenari dagokionean
Azken lau ikasturteetako hizkuntza erabilera datuak eskuartean dauzkagula, gure seme-alabek zer ikusi hura egiten dutela konturatzen gara beste behin ere.
Hiztun neurketa hauek hiru momentutan burutu ziren: jolasorduan, eskola sarrera-irteeretan eta jangelan. Guk jolasorduan erabilitako hizkuntzari erreparatu diogu: helduen eraginetik at, ikasleen arteko erlazioak finkatzeko libreki hautatutako hizkuntzaren berri ematen baitigu. Jolasorduan erabilitako hizkuntza aisialdirako eta bizitza afektiborako aukeratutako hizkuntza baita.
Iazko datuei begiratuz HHtik LH 4rainoko haurren euskara erabileran igoera ikus daiteke: 10 ikasletatik 7 edo 8k euskara zerabilten jolasorduan. Seguraski txikienek euskara erabil dezaten helduok egiten dugun esfortzuaren isla dira datuok. Haur hauengana zuzentzeko gurasook gehien erabiltzen dugun hizkuntza euskara dela suposa daiteke,
Hala ere, aurreko urteekiko joera positibo hori ez da LH5, LH6 eta DBHko ikasleetan mantentzen. Jaitsiera egon da jolasorduetan neurtutako euskal hiztunetan. LH5 eta 6an ikasleen erdiak (%54,29) bakarrik zerabilen euskara jolasorduan eta DBHko ikasleen kasuan datua kezkagarria da benetan: euskal hiztunen kopurua ez da erdira ere iristen (%36,56). Beste era batera esanda, DBHko 10 ikasletik 6k baino gehiagok erdera darabilte jolasorduan bere ikaskideekin komunikatzeko.
Elgoibar herri mailako neurketetan euskara erabilera %39,7 dela kontuan hartuz, nola da posible euskara hutsean ikasten duten gaztetxo hauek herritarrek orokorrean baino euskara gutxiago erabiltzea? Zerikusirik al du etxean eta inguruan entzuten duten hizkuntzak? Nola zuzentzen gatzaizkie seme-alabei apur bat hazten direnean? Haurraren adina eta gurasook haurrei zuzentzeko darabilgun hizkuntza alderantziz proportzionalak ote dira?
Norberak atera ditzala bere konklusioak. Agian, datu hauek salbuespena besterik ez dira. Baliteke aurtengo euskararen erabilera neurketak emaitza desberdinak ematea. Baina, hala ez balitz, arduratzeko emaitzak direla esango genuke.