Korrika: asteazkenean, goizeko 7etan King-Kongen
Argazkilaria: Fernan Oregi
Martxan da aurtengo Korrika. Hilaren 5ean, asteazkenean, helduko da Elgoibarrera, goizean goiz. Elgoibar Ikastolak 1.140. kilometroan eramango du lekukoa. Hitzordua goizeko 7:00etan dugu, King-Kongen.
Euskararen aldeko karrera Azkoititik etorriko da, Elgoibar zeharkatuko du eta Mendarorantz abiatuko da. Aurreko ekitaldietan bezala, aurtengoan ere Elgoibar Ikastolak eta herriko hainbat elkartek bat egin dute ekimenarekin. Ikastolak 1.140. kilometroan eramango du lekukoa, Kong-Kongetik hasi eta On Informatika dendaren pareraino. Hortaz, San Frantzisko kalea, Maalako parkea eta Txarridunako aldapa igaroko ditugu lekukoarekin. Elgoibar Ikastolaren izenean Ales Arrietak, Alfonso Guillok, Nerea Rodriguezek eta Nora Gallardok eramango dute lekukoa, hau da, lehendakariak, urteetan langile izan denak eta DBH 4ko Ikasleen Euskara Batzordeko bi ordezkarik. Ikastolak Elgoibarko Izarraren eskutik jasoko du lekukoa eta dagokion tartean korrika egin ondoren EH Bilduko ordezkariei pasatuko die.
“Batzuk” leloa duen 20. Korrika martxoaren 30ean abiatu zen Otxandiotik eta apirilaren 9an iritsiko da Iruñera, Euskal Herrian zehar ibili ondoren. AEK-k antolatu ohi du bi urtean behin eta ekimenaren inguruan askotariko ekitaldiak izaten dira. Animatu eta parte hartu!