Ikastolako Gurasoen Kontseiluak bat egin du Euskaraldiarekin
Datorren azaroan egingo da Elgoibarren eta Euskal Herriko hainbat herritan Euskaraldia: hamaika egunez euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskara erabiltzeko konpromisoa erakutsiko duen ekitaldia. Elgoibar Ikastolako Gurasoen Kontseiluak ere bat egin du ekimenarekin. Maiatzaren 30ean egingo da Euskaraldiaren lehenengo aurkezpen publikoa, 19:00etan Musika Eskolako auditorioan. Guraso guztiak gonbidatuta gaude.
Azken urteetan gure herrian arrakasta handia izan dute Euskararen Egunaren inguruan egindako lip-dubak eta jende-kateak, eta Euskaraldiak ere parte-hartze zabala izango duela espero dugu.
Azaroko 11 egunetan Ahobizi eta Belarriprest izan nahi dugunok izena emateko aukera ere egongo da aurkezpen-ekitaldian, eta aurrerago ere, jakina. Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet. Belarriprest: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.
Informazio gehiago: https://euskaraldia.eus/