Gutxi falta zaigu 2016-17ko ikasturteari, KiVa programaren inplementazioko lehen ikasturteari, agur esateko
Urtarrilean hasi ginen KiVa programarekin martxan, bai prebentzio aldetik, baita eskuhartze aldetik ere, baina guztia esanguratsuki aplikatzeko ikasturte hasieratik ikastolako profesional guztiek eta familiek formazio fase batean murgildu ginen.
Programak oso harrera ona izan du bai irakasle bai ikasleen artean. Komunikazio gardenago bat ahalbidetu du, non ikasleek lehen arrotza egiten zitzaien gai askoren inguruan (jazarpena, emozioak, enpatia…) naturaltasun osoz hitz egiten duten.
Guzti horrek sentsibilizazio sakonago bat garatzen lagundu die. Zenbait jokabide aldatzen hasiak dira eta orokorrean ikasleek salatzeko eta injustizien aurrean aktiboki erantzuteko joera barneratzen doaz. Ulertzen hasi dira guztion ardura dela jazapenaren aurka borrokatzea eta kontziente dira ikastolak egoera horien aurrean erantzun zehatz, azkar eta eraginkor bat duela.
Etorkizunari begira, erronka berdina dugu ikusgai: jazarpenari eraginkortasunez eta eskuragarri ditugun baliabide guztiak martxan jarrita aurre egitea. Eta horretarako funtsezkoa da familiak eta ikastolak bat egitea eta bien arteko lankidetza bermatzea. Ezin dugu ahaztu ikasleak pixkanaka ikasten ari direna guztiontzat dela baliagarria: elkarrekin egin dezagun!