Gurasoen Kontseiluak bat egin du Euskaraldiarekin
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia ospatuko da Euskal Herriko bazterretan. Hamaika egunean, egunerokoa euskaraz egiteko ahaleginak biderkatzeko zereginean murgilduko dira ekimenarekin bat egindako norbanako eta eragileak. Elgoibarko Ikastolako Gurasoen Kontseiluak ere bat egin du Euskaraldiarekin.
Euskaraldiarekin bat egiten duen guztiek bi rol bete ditzakete aukeran: Bakoitzak bere inguruan edota bere ohiko harreman-sareetan jarriko du martxan ariketa hau: familian, lagunartean, lanean, eskolan, herriko dendetan... Izena ematen duten denek txapa edo ikur bana eramango dute paparrean ariketak irauten duen 11 egunetan: ahobizi edo belarripresti dagokiona:
Ahobizi: Euskaraz egingo die ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin egingo du euskaraz. Ezagutzen ez dituenekin lehen berba euskaraz egingo du beti, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerako denak ere bai.
Belarriprest: Euskaraz dakiten guztiei euskaraz egiteko eskatuko die. Euskara ulertzen duela adieraziko die besteei eta berarekin euskaraz berba egin dezatela eskatu. Berak, bere ahalen arabera erantzungo die, euskaraz, erdaraz nahiz bietara.
Zein da zure aukera? Gogoratu ekimenarekin bat egiteko epea azaroaren 23an amaitzen dela. Elgoibartarren kasuan, lau bide daude izena emateko:
1.- Idatziz: elgoibar@euskaraldia.eus
2.- Telefonoz: 943 741 626
3.- On-line: izenematea.euskaraldia.eus
4.- Euskaraldiaren lokalean. Ondorengo ordutegia izango du: Iraila eta urrian, astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara. Eta, azaroan, 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute aste barruan, eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara.