Eskola jazarpena prebenitzeko KIVA programa martxan
Pasa den ikasturte bukaeran aditzera eman zen bezala, Ikastolen Elkarteko 52 ikastola murgilduko dira KiVa programaren garapenean. Egitasmoa ikastoletan garatzen gidatzeko eta laguntzeko zazpi laguneko lan talde bat osatu da Ageda Laraudogoitiaren koordinaziopean. Eta horien artean dago Elgoibar Ikastolako Orientazio Departamentuko kide den Jon Vazquez ere.
Taldeak, Finlandiako Turkuko Unibertsitatean prestakuntza saio trinko bat jaso ondoren, urtarriletik aurrera geletan inplementatuko dugun materiala eta lan saioak prestatuko ditu. Aldi berean, azaroan eta abenduan zehar, ikastoletako irakasleak eta langileak formatuko dituzte zuzenean edota ikastola bakoitzean sortuko den KiVa taldearen bidez. Hortik aurrera familiek ere izango dituzue informazio eta sentsibilizazio saio propioak ere.
KIVA programak eskola larderiari aurka egin nahi dio. Europako eta Ameriketako hainbat lekutan probatu dute, eta denetan emaitza onak izan ditu. Programak larderia-beldurraraztea sortzen duten mekanismo desberdinen ikerketetan du ardatza. Jasarpen kasuen trataeran esku hartze sendoa ahalbideratzen du. Ikasle guztien jarreretan eragiten duen programa da, biktima, erasotzaile, erasotzaileen laguntzaile eta ikusle isilak edo pasiboak ere hartzen baititu kontuan. Azpimarratzekoa da KiVa-ren bitartez ikastolako hezkuntza komunitate osoak hartuko duela parte jasarpenari aurre egiteko ahaleginean (ikasle, irakasle, guraso, jangelako begiraleak…).