Eskatu euskarazko liburu bat Olentzerori
Gabonak gainean ditugula eta Olentzerori idatzi gabe oraindik? Zer eskatu ez dakizula? Hau da gure proposamena: euskarazko liburu bat. Bai, inoiz modatik pasako ez den liburua, eskuetan orrialde berrien plazera sentiarazten dizuna, eta, nola ez, euskaraz idatzia.
Liburu katalogoetan begiratuta zein aukeratu ez genekienez, guk baino gehiago dakienarengana jo dugu aholku eske. Segidan dituzuen liburu batzuk aurtengo Durangoko azokan ikusi ditugu eta azken hirurak, iaz argitaratuak, Jasone Osorok gomendatu dizkigu. Aukeratu zeure gustokoa izan daitekeena, Olentzerori eskatu eta gozatu!
Elkarrekin esnatzeko ordua, Kimen Uribe: Gerra galdua zelarik Euskal Herrian, Karmele erizain ondarrutarrak eta Txomin musikari bilbotarrak Eresoinka taldean ezagutu zuten elkar, Paristik gertu, Belloy jauregian; eta han topo egin zuten aspaldiko lagun batzuek ere, Antonio Gezala margolariak eta Manu Sota idazleak. Alemaniarrek Frantzia okupatu baino lehen Letamendi-Urresti senar-emazteek ihes egin zuten Caracasera, baina Agirre lehendakariaren agindu batek atzera bueltan ekarri zituen Bilbora 1943an, zerbitzu sekretuetan faxismoaren aurka borrokatzera. Familia baten bizipenak jasoz, ametsen eta ezintasunen kronika nobelatua duzu hau, XX. mendeko gure historiaren atal berezi bat.
Hauts haietatik, Unai Villena Camarero: Elgoibartarraren lehen eleberrian, bere lagun Anderren bizitza kontatu nahi digu Oierrek: gazte ausart eta bizizalea, lana, ikasketak, sexua, parrandak… dena ondo doakiona, harik eta zurrunbilo batean sartu eta geldialdirik gabeko gainbeheran jausi arte: drogen kontrola galtzea, agerpen psikotikoak, ospitaleratzea, desintoxikazio-zentroa, psikiatrikoa…
Emakumeak, arraza eta klasea, Angela Davis: Danele Sarriugarte Elgoibartarrak eginiko itzulpena. Angela Davis pentsalari eta aktibista ezagunak emakume, beltz eta klase sozial apalekoa izateak dakartzan hiru zapalkuntzak lotu zituen aurreneko aldiz liburu honetan. Esklabotza sistema, mugimendu abolizionista eta sufragista, abortua edota etxekolanak problematizatzen ditu, eta horrekin, ordura arteko feminismoa, hau da, feminismo zuria, arraza eta klase menperakuntzekiko itsu izan zela agerian utzi. Hiru aldiz zapaldua denak hiru aldiz errebelde eta hiru aldiz aliatu izateko aukera eta zoria duela aldarrikatzen du pentsamendu feministaren lan mugarrietako bat den honetan.
X hil da, Alaine Agirre: Hainbat arrazoi izan ditzake maitearen galerak: haren heriotza, ihesa, asperdura, traizioa… bakoitza desberdina baina denak izugarriak bakarrik geratzen den maitalearentzat. Herio eta galbide bakoitzaren atze-aurre guztiak xeheki aztertzen ditu nobela honetako protagonista eta narratzaileak, intentsitate harrigarria lortzen duten pasarteetan, ikara berberak behin eta berriz exorzizatuz, obsesio baten bulkada eutsi ezinaz.
Atertu arte itxaron, Katixa Agirre: Road Movie antzeko bat Euskal Herrian barrena. Uliak bere sorterria erakutsi nahi dio bikotekideari, eta ibilbide lasai bat prestatzen dute, udan zehar, bigarren mailako errepideetan, Gustavoren BMW berrian. Dena ez da horren lasaia, ordea. Uliak badu aitortu gabeko sekreturik, eta bidean topaturiko ezagunen batek ekaitza iragartzen du bikotearen harmonian, zeruko laino beltzen antzera.
Babeserako kopia, Goizalde Landabaso: Kazetari bilbotarrak poema-liburu bat dakarkigu, bere bizitzako zertzeladak idatziz jaso, eta horiek, ez galtzeko, segurtasun-kopia poetikoa bihurtu balitu bezala: identitatea, denbora, beldurra, bidaia, amodioa…