Erabilitako sukalde-olioa jasotzeko edukiontzia ikastolan, ekarri zurea!
Askok ikusiko zenutenez, erabilitako sukalde-olioa jasotzeko edukiontzi laranja bat jarri dute ikastolan. Kilometroak Kultur Elkarteak eta Ekolio enpresa zarauztarrak sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren emaitza izan da, Elgoibar Ikastolak ere bat egin baitu ekimenarekin. Horrela, jasotako erabilitako olioaren salmentaren % 10 Urretxu-Zumarragako Ikastolarentzat izango da, hau da, 2018ko Kilometroak ekimenaren antolatzailearentzat.
EKOLIOk erabilitako sukalde-olioa jaso, dekantatu eta filtratu ondoren biodiesela egitera bideratzen du. Zarauzko enpresak doan eskaintzen du olioa jasotzeko zerbitzua. “Herriak ematen diguna herriari bueltatzen diogu” filosofia du oinarri EKOLIOk, eta herritarrek ematen dioten hondakin bat (erabilitako olioa) baliabide bilakatu eta horren salmentatik ateratako diruaren ehuneko bat proiektu kultural eta sozialetan inbertitzen du.
Era berean, ikastolan, olioa birziklatzearen garrantzia azalduko diete ikasleei.