Badator Korrika!!
Bihar ostirala goizeko 7.15ak inguruan sartuko da Korrika Elgoibarrena. Aurtengoan Mendarotik etorriko da eta herrian itzulitxo bat eman ostean berriz Azkaraten gora abiatu da Urola aldera.
Elgoibar Ikastolak ambulategi ondoko fruta denda parean hartuko du lekukoa eta bi kilometro egingo ditu, Fadek ileapaindegi ondoraino. Guraso guztiak animatzen ditugu tarte honetan edo beste edozeinetan beraien babesa eskeintzera eta metro batzuetan laguntzera.
Korrika txikia
Elgoibar Ikastolak eta Herri Eskolak elkarlanean antolatu dute Elgoibarko Korrika Txikia eta Maalatik Kalegoen plazara arteko bidea egingo dute elkarrekin. Apirilaren 12an bertan egingo dute, 10:00etan hasita.
- San Lazaro egoitzakoek ekarriko diete lekukoa Maalaraino eskola-umeei, eta han Herri Eskolako eta Ikastolako LH6ko ikasleek hartuko dute.
- King Kong parean izango dituzte bi ikastetxeetako LH5ekoak zain haiek eta San Bartolome kaletik zehar plazaraino eramango dute lekukoa, han LH4ko ikasleei emateko.
- Santa Ana pareko Eroskin izango dituzte haiek zain LH3ko lagunak, eta plazaraino ekarriko dute haiek bueltan lekukoa, atzetik segizioa dutela.
- Plazan LH2koek hartuko dute gero, eta Kultur Etxe parean LH1ekoak batuko zaizkie.
- Haiek, Errosario kaletik barrena, plazaraino eramango dute lekukoa, eta han bukatuko dute Korrika txikia, 10:30ak aldera.
Manifestu bat irakurri eta bertsoak kantatuko dituzte han, eta amaierako ekitaldi hori Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika taldekoek girotuko dute. Euria egingo balu, Maalako aterpera mugatuko dute dena. Haur Hezkuntzako ikasleek ere egingo dute Korrika. Ikastolakoek zentro barruan egingo dute.