Badator Jakien Bilketa Erraldoia!!
Urtero legez, azaroaren azken asteburuan (azaroaren 25 eta 26), Jakien Bilketa Erraldoia egingo da. Bilketa Erraldoi honek badu bere historia eta nazioartean garatuta eragin izugarria lortzen du inguruko gizartean.
Elgoibarren supermerkatu nagusietan bultzatuko da eta aurreko urteetako emaitzak ikusirik berebizikotzat hartu da Elgoibarko Gizarteratze Mahaitik bultzatu eta emaitzak hobetzen ez badira ere hauek mantentzea.
Elgoibarren jasotzen diren elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankuak Bergaran duen egoitzara eramango dira. Bertatik, gure zonaldean behar duten familien artean banatuko da bildutakoa.
Elgoibarren 200 familia inguru izan ziren 2015ean elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankutik jaso zituztenak.
2015. urtean, 29512,528 kilo janari banatu dira Elgoibarren egin diren 3 banaketetan.
Datu hauek bere garrantzia berretsi besterik ez dute egiten.
Baina bilketa erraldoi hau behar bezala garatzeko boluntarioak behar dira. Ostiralean edo larunbatean supermerkatuetan laguntzen egoteko boluntarioak. Ikastolako gurasook osatzen dugun Gizarteratzea eta Herrian presentzia taldekook gainera, aurreko urteetako esperientzia ezagututa, seme-alabekin parte hartzera animatzen zaituztegu. Gure seme-alabei elkartasun eta laguntza balioak errotzeko aukera polita izango delarik.
Momentuz, izena emateko bide ofizialik izan ez arren, interesa duzutenok hurrengo email-era bidali dezakezue mezua eta gu arduratuko gara bideratzen. eigk.gizarteratzea@elgoibarikastola.eus.
ANIMATU! Gutxi emanda, asko jasoko dugu eta.