Apirileko agenda haur eta gurasoentzat
Gure seme-alabak oporrak hartzekotan diren honetan, apirileko agendari begira jarri gara. Bi zita azpimarratuko ditugu: apirilaren 15eko mendi-irteera eta apirilaren 22ko Jose Gurrutxaga Krosa.
Saltsamendi izango da apirilaren 15eko mendi-irteeraren helmuga. Itziarko mendiak 590 metroko garaiera du. Bertara joateko, mendizaleak Mintxetako aparkalekuan elkartuko dira, goizeko 09:30ean. Eguraldi txarragatik abisu edo alertarik emanda badago, irteera bertan behera geldituko da. Mendi-irteera hau ere Herri Eskolak, Morkaikok eta Elgoibar Ikastolak antolatu dute.
Bestalde, apirileko laugarren igandean egingo da aurtengo Jose Gurrutxaga Krosa. XXV. ediziora iritsi da eta ekitaldi polita iragarri dute ikastolako antolatzaileek. Elgoibarko eta Mendaroko neska-mutilek eta helduek hartuko dute parte. Kalegoen plaza izango da abiapuntua eta helmuga, eta urtero bezala, korrikalariz eta ikuslez beteko dira herriko kaleak. Oraindik garaiz gaude apur bat entrenatu eta lasterketara sasoiko heltzeko.