Alberto Ruiz de Alegria (Norberako arduraduna): “Aurreko hamarkadetan baino zailagoa da orain haurrak heztea”
Familietan izan ohi diren arazoak eta gatazkak bideratzeko programa da Norbera, eta bertako arduraduna da Alberto Ruiz de Alegria. Urtarrilaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan, Elgoibarko kultur etxean izango da, herriko ikastetxeek eta Udaleko Ongizate Sailak antolatutako hitzaldian. Ruiz de Alegriarekin egon gara, eta eskainiko duen hitzaldiaren zertzelada batzuk eman dizkigu.
Zeintzuk izango dira eskaini dituzun hitzaldiaren oinarriak?
Familiaren eboluzioa eta horrekin batera gizarteak izan duen eboluzioaz ariko naiz batez ere, eta horrekin batera, horrek dituen ondorioez. Gaur egun umeen hezkuntzan ari diren pertsonak 60-70 hamarkadetatik datoz, edo hango kultura sozialetik. Baina gizartean aldaketa nabarmenak egon dira eta horrek eragin handia dauka familien egunerokoan. Zailtasunak izaten ari dira.
Beste alde batetik, familiaren egituraketa bera nola aldatu den aipagarria da, eta horretaz ariko naiz. Orain seme-alaba gutxiago izaten dira, emakumeek sarbide handiagoa daukate lan merkatuan, pertsona heldu gutxiago daude haurrak hezten, familia eredu gehiago daude orain... Horrek guztiak, nola ez, eragina dauka familietan eta hezkuntza prozesuan.
Familia zerk egiten duen familia ere aztertzeko moduko zerbait da. Nola komunikatzen diren, nola egokitzen diren... Azken baten, familia baten hezkuntza funtzioak zeintzuk diren azaltzen ahaleginduko naiz.
Duela hamarkada batzuk baino zailagoa da orain umeak heztea?
Problematikak ezberdinak dira. Gaur egun haurrak heztea zailagoa da, hainbat arrazoirengatik. 70ko hamarkadan, gizartearen zutabe nagusiena obedientzia zen. Gurasoek edota helduek esaten ziotena obeditzen zuten umeek. Gainera, pertsona heldu gehiagok parte hartzen zuten neska-mutikoen hezkuntza prozesuan. Aiton-amonak etxean bizi ziren askotan, baina inguruko pertsona helduek ere gehiago parte hartzen zuten hezkuntzan, eta haurrek onartzen zuten. Gaur gurasoen esku geratzen da ia erabat hezkuntza prozesuaren pisu nagusia
Gaur eguneko gizartean, ostera, bestelakoa gertatzen da. Obedientzian baino gehiago kontsumoan oinarritzen da gizartea. Garaian garaiko problematikak dira orain ditugunak, eta horiei aurre egiten jakin behar dugu.
Umeen hezkuntzari aurre egiteko nahikoa tresna dituzte egun gurasoek?
Ez nuke orokortuko. Baina egia da aita galduagoa dagoela, ez dakielako ondo zein den bere papera. Lehen paper periferikoagoa jokatzen duen haurren hezkuntzan. Autoritatearen papera jokatu ohi zuen aitak. Orain, hori erabat aldatu da. Aitaren papera zein izan behar den ondo zehaztu behar da. Hori oso lagungarria izango da.