Binaka
Xabier Silveira - Bertsolaria
«Gogaitzen nau jendeak binaka aspertzen denean» idatzi nuen behin, gaztetan, gauzak etorkizunari beldurrik izan gabe begiratuz ikusten diren garai zentzudun horretan. Rutinatik askatu berria nintzen hitzoien izkiriatze zorionekoa eman zenean, egunerokotasunak dakarren «antes con sus manos ya te bastaba ahora piensas que las tiene sudadas»-en sentsazio hori jasangaitz egin zitzaidanean. Bihotz onekotzat baitut ene burua, agur ttiki.
Orduz geroztik bikote eredu egokiaren bila mila eta milaka azkazal jan izan dut, malkoz lagunduak sarri, inguruko begirik ederrenen jabeekin topa eginez. Eta topo gero, edo ez. Noiz trukatzen nauten eta noiz ahazten bereizi behar izan gabe. Noiz ona naizen eta noiz ergela bereizi behar izan gabe. Eta noski, bikote egokiak bi kide egoki eskatzen dituela jabetu naiz. Bakarrik bi. Zer pena! Baina biontzat bi. Bat gehi bat bi.
Orain ere gogaitzen nau jendeak binaka aspertzen denean. Baina are gehiago bakarrik aspertzen den jendeak. Hau edo hura nahi eta auskalo zer arrazoiengatik hainbat eta hainbat egoera jasangaitz pairatzera bere burua kondenatzen duenak, zera hura borrokatu ordez bere ohean amestearekin asez.
Eta betirako gosez? De ke! Bizitza osoa “La puerta negra” abesten? Joe! Zaila egiten zait munduak zoriona interpretatzeko duen erari zentzua aurkitzea, oso zaila. Sufrimenduari eskutik helduta doan hori ez da zoriona, ezin du izan,malkoek ezpaina bustitzeak edatea izan ezin duen bezala. Agian ni naiz ergela, benetan zoriontsu izanez bizi gintezkeela pentsatzen duena, eroa, baina ni horrela, komo ke no. Badut denbora eta itxaropena hala ere; ez naiz izango ni bakarrik aldaketa premian dena, ezta?
Nik badakit nola den, dena den, inposatu dizkiguten maitatzeko moduen inguruan pixka bat hausnartuko bagenu ohartuko ginateke baietz, ahal dela dena, nahi den den-dena. Nik bai, guk bai. -
Iruzkinak
Utzi iruzkina: