Leku pribilegiatu bat

gipuzkoakomendiak 1456133262359 MENDIAK | 2008-03-01 20:46

Egia esan, pozik egon gaitezke leku benetan pribilegiatu batean bizi garelako. Gure hiriak ez dira oraindik, zorionez, beren erraietan irentsi behar gaituztela ematen duten eraikin-masa erraldoi horietakoak izatera iritsi. Nahikoa ditugu bost minutu, horietatik aldendu eta landa-gune zabal handiez gozatzeko. Alde batetik, mendiek eskaintzen diguten paisaia, eta bestetik, itsaso mugagabea, eta erdian itsasertza, lehorrak eta urak elkar besarkatzen duten lerro magiko hori...
Horixe da hain zuzen fitxa apa/xume hauen bidez lortu nahi genukeena: orain arte seguru asko oharkabean pasatu zaizuen mundu askotan ametsezko hori ezagutzeko aukera izan dezazuela. Gipuzkoa, Euskal Herri osoan bezala, oso lurralde menditsua da, eta, horregatik, eragin handia izan du betidanik gure kulturan eta gure tradizioetan. Orain dela milaka urte, gure historiaurreko arbasoek haitzuloetan (Ekain, Altxerri, etab.etan) grabatuta utzi zituzten beren jakintza eta beren sineskeriak. Geroago, berriz, -Neolito garaian-, besteak beste Aralarren eta Aizkorrin bizi izan dira artzainak uda partean, eta neguan kosta aldera jaitsi beren ganadua. Haiek asmatu zuten transhumantzia. Gainera, mendirik garaienetan ehortzi ohi zituzten beren garaikideak, oraindik gaur egun ere ikus ditzakegun trikuharri, harrespil eta iruinarrien moduko monumentu megalitikoak utzi zizkigutelarik ondare. Zuen bihotzean gauza horiek guztiak ezagutzeko interesa eta jakin-mina pizten baldin baditugu, pozarren izango gara. Seguru asko orduantxe bihurtuko baita egia harako esaera zahar hura, alegia, "leku bat zenbat eta ezagunago, hainbat eta maiteago", edota, beste era batera baina gauza bera dioen harako hura: "nekez maitatuko duzu ezagutzen ez duzunik". Beraz, prest al zaude Gipuzkoa ezagutzeko?
Gaur egun, munduko edozein lekutara ere berehala iristeko aukera ematen digute garraiabideek. Horrexegatik, beharbada, garu egun inoiz baino esanahi handiagoa du Johann Wolfgang von Goethe (1749-1823) olerkari alemanaren aholku hark: "Har ezazu lehenengo abiapuntutzat zeure etxea, eta gero zabal ezazu hori mundu osoan zehar ahal duzun guztia".
Gure mendizale-bizitzan Planetako mendikate handiak bisitatuak gara; horrela, Pirinioak, Alpeak, Dolomitak, Atlas mendiak, Andreak eta baita Himalaia bera ere. Den-denek dute beren xarma eta beren nortasun propioa. Baina, hain zuzen ere, ikuspegi horixe da gure herri ñimiño hau oraindik gehiago balioesten laguntzen diguna. Guretzat, egia esan, bere barruan denok ezagutu eta, batez ere, denok kontserbatu behar ditugun altxor txiki batzuk gordetzen dituen kutxatila bat baita gure lurraldea.


Utzi iruzkina: