korrika 16

gauzakekidbh4 1456133144237 GAUZAK (eki-dbh4) | 2009-03-26 19:44

 

 

 
Dena prest inoizko Korrika luzeenari ekiteko  
 

 

Ez da ezer falta Korrika 16k bere lehen urratsak eman ditzan, eta dena dago prest Tuteran. Edizio hau orain arteko luzeena izango da, Gasteizko Ama Zuriaren plazara iristean 2.503 kilometro beteko baititu. Ordurako euskararen lekukoa milaka eskutatik igaroa izango da, baina lehenengo kilometroan Alizia Iribarren Tuterako AEK-ko irakasleak eramango du. Korrikak euskarara etorri edo itzuli direnak omentzen ditu 16. edizio honetan eta Iribarren da horien eredu argietako bat. Elizondon familia euskaldun batean jaioa, Tuterara bizitzera joan behar izan zuen sendiarekin hamar urte zituenean, eta han galdu zuen ama hizkuntza. Baina bertan erabaki zuen berreskuratzea ere, eta gaur egun Tuterako AEK-ko arduraduna da. Alizia Iribarrenek, berriz, Argia ikastolako Elorri Askasibar neskatoari pasatuko dio lekukoa. Erribera euskaldunaren oraina eta geroa Korrika 16ren lehen kilometroetan.

Dena dela, hori guztia 16. Korrika martxan jarritakoan izango da, baina bitartean izango da zer gozatu Nafarroako Erriberako hiriburuan. Goizean bertan hasiko dira jolasak, tailerrak eta puzgarriak Tuterako ikastolan, eta hamaiketan Atxikistan, Kanpanolue martxan lana antzeztuko du Eidabe taldeak.

Eguerdi aldera jai giroa AEKren euskaltegia dagoen Herrerias kalera zabalduko da txupinazoarekin, eta hortik aurrera, herri bazkaria, jotak, zanpantzarrak... egongo dira giroa alaitzen. Arratsaldeko lauetan Kukai dantza taldeak Soka ikuskizuna eskainiko du, Korrikaren hasiera ekitaldiari bide eman baino lehen. Aitziber Sarasola AEKren Nafarroako arduradunak eta Edurne Brouard Korrika 16ren arduradunak emango diote hasiera aurretik 2.503 kilometro izango dituen Korrika 16ri. Herrian geratzen direnek, berriz, Trikizio taldearen kontzertuarekin gozatzeko aukera izango dute.

Lehen kilometroak

Esan bezala, Alizia Iribarrenek jarriko du lekukoa martxan Erribera euskalduneko geroaren esku uzteko, Argia ikastolako Elorri Askasibar ikaslearen eskuetan hain zuzen ere.  Korrika 16k Nafarroako Erriberan egingo ditu lehen eguneko kilometro guztiak eta inguruko hainbat herritar, erakunde eta gizarte eragilek hartuko dute euskararen lekukoa horien ondoren, besteak beste, Tuterako Beterri Peñak, Reina Sofía Ospitaleko langileek, Erriberako LAB sindikatuak, Tuterako gaiteroek, herriko suhiltzaileek eta Tuterako Hizkuntza Eskolako ikasleek.

Behin Tutera atzean utzita, Kaskanten, adibidez, Erriberako ELA sindikatuak egingo du bere kilometroa; Kastejonen, Mendialde Ikastetxe Publikoak; eta Kadreitan, Donibane Peñak eta Jaso ikastolako langileek.

Korrika 16 lau haizetara

Erriberako nafarrek bezala, milaka eta milaka euskaldun eta euskaltzalek jarraituko dute Korrika 16ren ibilbidea, eta aukera handia egongo da horretarako. Karreran bertan joango den prentsa taldeak, bi argazkilari barne, zabalduko ditu lau haizetara ibilaldiko kontuak eta argazkiak. Hogei irratik baino gehiagok egingo dituzte egunero konexio zuzenak Korrikarekin karrerak iraungo duen hamaika egunetan, eta hainbat egunkarik eta aldizkarik eskainiko dizkiote beren orrialdeak.

Korrika 16ren alde grafikoa ere ez da bazter geratuko, karrerako argazkiak Interneteko http://www.flickr.com/photos/korrika16 helbidean egongo baitira doan eskuratzeko moduan. Bideoak, berriz, Euskaltuben bilduko dira http://euskaltube.com/korrika16 helbidean.

Eta, azkenik, Korrika 16ren www.korrika.org web-gunean Lutxo Egiaren lankidetza izango dugu. Idazle bizkaitarra karreran joango den prentsa-taldeko kide izango dugu Korrikaren edizio honetan, eta egunero idatziko du bertatik kronika txiki bat, Asfaltoaren arnasotsa izenburupean, gauero Korrikaren web-gunean jarriko dena. Soziologian lizentziatu eta kazetaritzan aritutako idazle gazte honek hainbat ipuin eta poema ditu idatziak, baina gehienbat nobelan saiatu da. Hala, Zubigilea (Susa, 2007) izenekoa da bere azken eleberria. Nontzeberri.com kultura atariaren sortzailea ere bada Egia, baina hurrengo egunotan, esan bezala, kazetari lanak egingo ditu Korrika 16ren prentsa taldean.


Utzi iruzkina: