Wikipediatik ostera ere
Beste wikipedia batzuetatik osteratxoa egin dut gaur eta hizkuntzaren soziologia eta soziolinguistikaren inguruan zer esaten duten eta zer ez aztertu dut, arin eta azaletik bada ere.
- Katalanezko wikipedia: Katalunia beti izan da erreferente Euskal Herrian, alor hauetan behinik behin. Horregatik, lehen osteratxoa hemendik egin dut. Deigarria egin zaidan lehen gauza da katalanezko wikipedian ez dagoela soziolinguistika kategoria (euskarazkoan bai, esate baterako). Baina, egia esan, euskarazkoa baino osoagoa da oro har. Hutsuneak izan baditu, batez ere egileei dagokienean.
- Espainolezko wikipedia: wikipedia honetan soziolinguistikari buruzko kategoria egon badago. Bertan 61 artikulu daude. Dena den, horietatik gehienek ez diote erreferentzia egiten guk ulertzen dugun soziolinguistikari. Izan ere, gehien bat bariazioaren soziolinguistikari egiten diote erreferentzia. Hizkuntzaren soziologiari buruzko artikulurik ez dago eta nazioarte mailako egilerik garrantzitsuenei buruzko artikulurik ere ez.
- Galizierako wikipedia: soziolinguistikari buruzko kategoria egon badago. Horren barruan 10 artikulu daude. Nahiko osatua da, baina hutsune handiak ditu, katalanezkoa eta euskarazkoa bezala.
- Ingelesezko wikipedia: dudarik gabe, mundu mailako osatuena eta alor honetan nik aztertu ditudan artean ere. Soziolinguistikari buruzko artikulua ikaragarria da, osatua eta erreferentzia pila bat emanez. Soziolinguistikari buruzko kategorian 100 artikulu daude, kontzeptu ia guztiak agertzen dira eta, oro har, oso txukunak dira bertan agertzen diren datuak. Hizkuntzaren soziologiari buruzko artikulua ere badago, baina osatu gabea.
- Euskarazko wikipedia: etxekoa azkena. Soziolinguistikari eta hizkuntzaren soziologiari buruzko artikuluak badakartza. Nahiko osatuak daude, baina gehiago sakondu ahal da oraindik. Soziolinguistika kategoria ere badago eta bertan zazpi artikulu agertzen dira (ingelesetik urrun samar, ezta?). Kontzeptu orokor batzuk azaltzen dira, baina falta dira egileak (Euskal Herrikoak eta nazioartekoak), erakundeak (Soziolinguistika Klusterra, adibidez), Txepetxen teoriak (horrenbesteko eragina izan dutenak gure herrian), …
Iruzkinak
Utzi iruzkina: