Sailburuourde banintz (hiznet)
Hiznet-eko beste ariketa bat:
Ni Hizkuntza Politikarako Sailburuorde banintz, hizkuntza politika guztien helbururik garrantzitsuena euskararen komunitatea trinkotzea izan beharko litzateke, euskaraz natural-natural funtzionatuko duten guneak trinkotzea alegia. Horretarako, lehenik eta behin, euskararen transmisio naturala indartu beharko genuke. Hori lortzeko ekintza plan mamitsua ondu beharko litzateke, euskalgintzaren sektorean dauden eragile guztien elkarlana sendotuz.
Bigarrenik, transmisioaren indartze horrek erabilera bultzatzera bideratuta egon beharko luke.Transmisioak berez ez du ezertarako balio, gero erabileran eragina ez badu. Dena den, azken ikerketek adierazten dute transmisioa familian eta gertuko esparruetan behar bezala dabilenean, erabilera ere altua izaten dela. Erabilera bultzatzeko errezeta magikorik ez dago, transmisioa indartzeko ez dagoen bezala. Bi esparru hauek erdi-pribatuak dira eta horietan eragitea oso gaitza da erakundeetarako, norbanakoen askatasuna eta eskubideak tartean baitira.
Hirugarrenik, hizkuntzaren prestigioa lehentasuna izan beharko litzateke. Zergatik prestigioa aipatu? Nik uste dut transmisioa indartzeko faktore erabakigarria dela. Azal dezagun hau, bada. Transmisio naturalean eragiten duten faktore asko gizarte psikologiakoak dira eta identitatearekin eta baloreekin lotuta daude. Gainera, norbanakoen pertzepzioan hizkuntzaren prestigioa garrantzia handiko faktorea da. Hizkuntza bat prestigiorik ez badu, askoz errazagoa da hizkuntza horren transmisio naturalean eteteak egotea. Beraz, prestigioa handituz transmisioa ere indartuko genuke. Baina nola handitu prestigioa? Erantzuteko beste galdera zail bat. Kasu honetan ere ez dago errezeta magikorik, baina eragiteko eremuak honakoak izan beharko lukete: errepertorioa osatzea, euskalkiei zor zaien errespetua eskaintzea, argotaren inguruko ikerketak bideratu, ...
Hauxe izango litzateke nire lan ildo nagusien laburpena. Badakit oso era eskematikoan azaldu dudala dena, baina askotan gauzak xehe-xehe azaldu beharrean hobe da gauzak labur-labur azaltzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: