Vilariñok su ematen Gabirian!
Ander
eta Angela Vilariño anaiarrebek zailtasunik gabe irabazi zuten igandean
Gabiriako Rallysprintaren 12. edizioa. Antolatzaileen aurreikuspen
guztiak bete zituzten Vilariñotarrek lehendabiziko partaidetzan. Lehen
zatian 4:19,90ko denbora eginda jarri ziren jada sailkapenaren buru,
eguneko denbora partzial onena.
Joseba Zapirain-Estibaliz Armendarizek eta Joxe Labaka-Aitor
Otaegik lagundu zieten Vilariñotarrei podiumean. Lehen erlojupekoak
zehaztuta utzi zuen sailkapen orokorra. Gertutik jarraitu zieten
Vilariñotarrei lehen itzulian Xabier Lujua-Txiki Burgosek (4:37,20) eta
ez ziren urruti ibili Zapirain-Armendariz ere (4:37,60), baina ezin
izan zuten hasieratik Vilariñotarrek ateratako 17 segundoko tartea
murriztu.
Bigarren eta hirugarren erlojupekoek ere sailkapen berak utzi
zituzten. Lujua-Burgosek utzi behar izan zuten lasterketa azkeneko
erlojupekoan aldagailu kaxan izandako matxura bat tarteko; hirugarren
zeuden behin-behinekoan, Zapirainengandik segundo bakarrera. 61 talde
zeuden izen emanda eta 51 irten ziren; 41ek bukatu zuten hiru zatiko
(6,5na kilometroko tramoa) lasterketa osorik.
Buruhausteak gurpilekin
Lasterketa hasterako izan zituzten buruhauste handienak
pilotuek. Ibilbidearen egoera ikusita lehorrerako edo bustirako
gurpilak, bietariko zein jarri erabakitzea zaila izan zuten. Aurreko
astean egindako elurrak zikinduta utzi zuen errepidea, eta une askotan
lurra lehorra, beste batzuetan umela edota gutiz bustita zegoen zorua.
Lehen kilometroak guztiz lehorrak zeuden, eta horrek eraman zituen
pilotu gehienak euritarako gurpilak, lehorrerakoak edo mixtoak
aukeratzerako garaian zalantzak izatera. Besteek zer egingo zain,
Vilariñok eta Lujuak lehorreko gurpilak aukeratu zituzten, Zapirainek
euritakoak, tartekorik ez baitzuen eskura. Segituan argitu zen auzia,
lehorrerako gurpilak jarritakoek asmatu zuten. Vilariñotarrak hamazazpi
segundoko aldearekin Lujuari gailenduta, lehenengo posturako lehia ia
itxita utzi zuten. Denbora berdintsua egin zuen Zapirainek ere,
euritako gurpilak erabiltzeagatik puntuak galdu zituen ordea. Dena
erabakita zegoen ordurako.
Giro ezin hobea
Goizean egindako euriteak eta egun osoko haize gogorrak ez
ziren zaleentzat aitzakia izan Gabiriara joateko. Milaka pertsonak bete
zituzten bide bazterrak, autoen lehen burrundaren zain, aurten ere
Euskadiko rally denboraldiko lehen proba baitzen. Jende andana bildu
izanagatik ez zen aurreko urteetako arazorik ikusi igandean
(erlojupekoak atzeratu behar izatea, autoak erretiratu behar
izatea...). «Jendeak izan duen jokabide garbia azpimarratzekoa da
aurten. Rallyaren balorazio baikorra egin dugu Lagun Artean, eta zaleen
jarrerak baldintzatu du hori», azaldu du Jorge del Cidek, Lagun Artea
eskudieriako ordezkariak.
Eskualdeko pilotuak fin
Goierriko zortzi talde zeuden izena emanda, baina zazpi irten
ziren Gabirian, eta seik amaitu zuten. Mikel Urkiola-Samuel Benitez
ormaiztegiarrak izan ziren goierritar onenak (11.). Iñigo Izuzkiza-Jon
Agirre mutiloarrek 16. postua lortu zuten, eta 20.etik aurrera geratu
ziren Iriarte-Lonbide, Sarasola-Gereñu eta Juez-Esteibar. Xabier
Alustiza-Xabier Altube legazpiarrak gogor hasi ziren, beti bezala,
lehen partzialean 5. postuan sartuz Ibiza Juniorrarekin. Baina azken
erlojupekoan matxura izan zuten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: