GELDITU AHT!!
Ehundaka pertsonak AHTren aurkako protesta egin dute Ordiziako “Euskal Y”aren lan-eremuan
Ertzaintzaren esku-hartzeak ez du protesta lan-eremura eramatea galeraztea lortu
Ertzaintzaren
despliegeak ez du ekidin gaur ehundaka pertsona “Euskal Y”aren
Ordiziako obren eremura AHTren aurkako protesta eramatea, lan horiek
berehala geldiaraztea exigitzeko. Eguerdiko hamabietan AHT Gelditu!
Elkarlanak deituriko manifestazioa habiatu da Ordiziako kaleetan barna
eta 500 manifestari inguru heldu dira obretatik hurbil dagoen Malkasko
auzora. Bertan,
ehundaka lagunek, ordu erdiko eserialdi bat egin dute, polizien
hesiaren aurrean, Abiadura Handiko Trenaren aurkako ohiuak eginez.
Manifestazioa bukatu ondoren, AHTren aurkako hainbat aurkari
Ertzaintzatik metro gutxitara kateatu egin dira eta aldi berean, beste
aurkari-talde bat obren zonaldera sartu eta eskailera baten bidez,
eraikuntza enpresek bertan darabilten eraikin baten teilatura igo dira.
Zazpi pertsonako talde horrek bi pankarta erraldoi zintzilikatu ditu
teilatutik, obrak gelditzeko eskatuz eta inposaketaren aurka
desobedientzia aktiborako deia eginez. Pankartek leloak “Obrak gelditu!
Lurra ez txikitu!” eta “AHTrik ez! Ekintza zuzena, desobedientzia!”
ziren.
Obren eremuaren kanpoan kateatu direnek, Ertzaintzaren
esku-hartze latza pairatu dute, kateak moztu dizkietenean, oraindik
eskumuturrak eta orkatilak lotuta zituztela, eta babesteko erarik ez
zutela, lurretik arrastaka eraman dituzte kolpeak emanez. Horietako
batek ubeldurak azaldu ditu buruan.
Bien bitartean, aurkarien
bigarren taldea, teilatura igo dena, kateatu egin da. Berehala, obrako
zinpeko guardiek teilatura igo eta pankartak bota, eta zeramatzaten
aldarrikapen-elementu guztiak kendu dizkiete. Ordu luzea pasa ondoren,
Ertzaintzaren antidisturbioak bertaratu dira eta kolpeka eta indarrez
tiraka eta bultzaka eraikinetik kanporatu dituzte. Ordurako, ehundaka
ziren obren zonaldera menditik sarturiko pertsonak. Beste zenbait
lagunek ere makinetara igo eta kateatu dituzten euren buruak.
Ertzaintzaren jarrera gero eta bortitzagoa izan da, eta pilotak jaurtiz
eraso egin die menditik protesta egiten ari zen jendearen aurka. Horien
atzetik korrika ere joan dira eta zenbait esposatu eta identifikatu
dituzte.
Nahiz eta Ertzaintzaren esku-hartzea bortitza izan,
jende ugari obren zonaldean geratu da, desobedientzia eginez. Azkenean,
Ertzaintzak hamarnaka lagun horma baten kontra eduki eta gutxienez 25
pertsona identifikatu ditu. Ondoren, lekutik ateratzera derrigortu
dituzte.
Desobedientzia-ekintza honetan parte hartu duten lagun
ugariek, lur kaltetuen okupazioaren eta bertan ibiltzeko debekuarekiko
erabateko gaitzespena adierazi nahi izan dute, eta Mariaratz bailara
herritar guztien eta naturaren ondare publiko izan behar dela
aldarrikatu. Halaber, obrak hastea erabat gaitzesten dutela argi utzi
dute, lan horiek berehala geldiaraztea eskatuz.
Gaur eguerdian,
Ordizian obretara egindako martxaren ondoren, AHT Gelditu! Elkarlanak
jende guztiari dei egin nahi dio datorren larunbatean Donostian egingo
den manifestazio nazionalean parte hartzeko. Manifestazio horrek,
jaialdiak lagunduta, azken asteotan AHTren proiektuak Euskal Herrian
kalteturiko herrietan barna ibili den Gelditour ekimen ibiltari
informatiboari amaiera emango dio. Orain bertan, gelditour Ordizian
izan ostean, herri-bazkaria ospatu da Itsasondon, 150 herritar inguru
bilduta. Bazkalondoan batzarra egin da gaurko mobilizazioen gaineko
balorazioa egin asmoz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: