Gernikako Hondamendia

galartzarenikuspuntuak 1456132701863 GERNKAKO HONDAMENDIA | 2007-04-19 13:03

                                          Gerra Hasiera

1936ko uztailaren 17-20. Lau egun nahikoak izan ziren kaosa sortzeko. Lehen orduek segurtasun eza, beldurra eta zalantza ekarri zituzten. Leku batzuetan bortizkeria nagusitu zen kaleetan, eromen kolektiboko uneak, alegia; talde bakoitzak aurkakoa suntsitu nahi zuen. Poliki-poliki, garbi eta argi ikusi zen noraino aldatu zen errealitatea. Jada ezin zen inorako trenik hartu, batzuek ezin zuten beren ingurukoekin komunikatu, beste batzuk oharkabe pasatu nahi zuten eta askok ihes egin nahi izan zuen baina ez zuen lortu.
Espainia gerran zegoen, lurralde lagunetan eta etsaietan banatuta. Jatea, lan egitea, pentsatzea besteekin eta ingurukoekin harremanak izatea, jada ez ziren ohiko gauzak. Bat-batean bakea desagertu egin zen eta horrekin batera bizitza bera.

“Espainiaren zoria aurpegi ala gurutzera jokatu zen eta alderdi bakoitzak bere egia aldarrikatzen zuen. Bi egia haien artean bat zetorren gauza bakarra bateraezintasuna zen”.
Rafael Abella-ren La vida cotidiana durante la Guera Civil.

GERNIKAKO BONBARDAKETA

Gernikarrek hasiera hasieratik ezagutu zituzten gerraren kalte eta ondorioak, nahiz eta gerrako lehen hilabeteetan gerra-kanpainak herritarren arteko harremanak eta giroa gehiegirik aldatu ez. Hasiera batean, herriko giroa pixka bat nahasia bazen ere, herritar batzuen atxiloketek giroa gehiago okertu zuten. Gero, Gernikako gazteak gudarien batailoietara joaten hasi ziren. Lehenengo kinta haiek mobilizatu ondoren, herriko enpresak militarizatzen hasi ziren eta elikagaiak eta premiazko gauzak murrizten.
Gerrako fronteak hurbiltzen ari ziren heinean, gerraren ondorio zuzenak areagotzen hasi ziren. Lehen errefuxiatu zibilak iristen hasi ziren eta erretiratzen zetozen gudarien lehen batailoiak ere agertzen hasi ziren. Karmeldarren ikastetxean gerra-ospitale bat jarri zuten. Gatazkari buruzko lehen albisteak zurrumurru kezkagarriekin iristen ziren. 1937ko martxoaren 31n Francoren armadak Durango bonbardatu zuen eta herritarren artean izua nagusitu zen. Herriko agintariek aireko erasoen kontrako babeslekuak eraikitzea agindu zuten. Hala, 1937ko apirilaren 26an iritsi zen eguna. Astelehena. Azoka-eguna.

“Eguerdi aldera urduritasuna nagusitu zen, hegazkinak pasatzean kanpai-hotsa entzuten zelako nonahi eta, gainera, Durangon gertatu zenarekin nahiko beldurtuta geundelako.”
Cava Mesa, Ma Jesús et Alii. Memoria colectiva del bombardeo de Gernika

“Babeslekutik atera eta hango egoera ikustea ikaragarria izan zen. Eriabarrena sutan, dena zen sua. Denak ikaratuta. Ez genuen inoiz asmatuko holakorik gertatuko zenik. Herri osoa sutan¡ Beldurraren beldurrez sur eta lur gelditu ginen.”
CAVA MESA, Ma Jesús et Alii. Memoria colectiva del bombardeo.

AIREKO ERASOA. BONBARDAKETAREN ALDERDI MILITARRAK

Lehen hegazkinak arratsaldeko laurak aldera urratu zituen Gernikako zeruak, hiruzpalau bonba jaurtitzeko. Handik hamabost minutura hasi zen lehen bonbardaketa; hiru hegazkin agertu ziren triangelu-formazioan nahiko behetik. Hala hasi zen hiru ordutik gora iraun zuen Gernikako bonbardaketa sistematikoa.
Gernikako bonbardaketaren alderdi teknikoak oraindik ere historia garaikideko gairik liluragarrienetakoa da. Gernikako suntsiketa Alemaniako Cóndor Legioak eta Italiako aire-indarrek burutu zuten, Errepublikaren kontra altxatutako armada frankistaren agindupean. Horiek oso taktika militar suntsigarria erabili zuten eta ondorioz Gernika historian sartu da erabateko gerraren lehen saiakera jasan zuen herri bezala.

“Hegazkinak Gasteizko aireportutik ateratzen ziren, itsasertza gainditzen zuten eta gero buelta eman eta Oka ibarrean gora jarraitzen zuten, hau da, iparraldetik hegoalderako bidea egiten zuten. Badirudi hiru motatako hegazkinak aritu zirela bonbardatzen: Heinkel 111, Junker 52ak bonbardaketarako eta Heinkel 51ak ehizatzeko eta metrailatzeko. Uste da bi alditan aritu zirela, txandaka. Guztira zenbat hegazkin izan ziren ez dago garbi. Nolabait, zenbaki bat ematearren, aldi bakoitzean bonba-jaurtitzaile eta ehizakoak guztira 15-20ren bat hegazkin ibili ziren. Nahikoa. Taktika, lehenbizi bonba birrintzaile arruntak jaurtitzea, gero bonba su-eragilez betetako bonba-mordoak eta aldi berean kanpora ateratzen zen jendea metrailatzea, ez bakarrik herriko jendea baita inguruetan zebilen jendea ere, edota eskualdeko elizateetako jendea.”
Martínez Bande. Vizcaya.

 

HERRIAREN BIRRINKETA

Bonbardaketaren ondoren Gernika erabat suntsituta gelditu zen. Airetik etorri zitzaion erasoaz gain, Gernikak gertaera negargarri haren osteko orduetan etorri zen haizeak zabaldu zuen suteari egin behar izan zion aurre. Zaila da gaur egun oraindik galdutako bizitzak zenbakitan ematea; hala ere, ikerle batzuek egin dituzten azterketen ondorioz, esan daiteke hilak 250 inguru izan zirela eta zaurituak ehunka. Gehienak babeslekuetan hil ziren edota mendian zehar ihesi zihoazela metrailatuta. Gaua etorri zenean, gernikar askok oraindik su-garretan kiskaltzen ari zen herritik alde egitea erabaki zuen. Anabasa hartan inork ez zuen jakin esaten zenbat lagun, senide edo herritar hil ziren bonbardaketaren ondorioz.
Eraikin gutxi gelditu ziren zutik. Etxe apur batzuk, arma-fabrika, Errenteriako zubia, Juntetxea eta Gernikako Arbola oso-osorik gelditu ziren mundu guztiaren harridurarako; Andra Mari eliza ere onik atera zen.
Gernikaren hiri-profila guztiz ezabatu zen, erabat; dena gelditu zen harri- eta adreilu-zaborrez estalita. Eriabarrena, frontoia eta San Juan bulebarra jada beren bizitzako uneren batean handik ibili zirenen oroimenean baino ez ziren gelditu, zoriontsuak bestalde ezbairik gabe.

“Bonbardaketa amaitu eta gero, jendea babeslekuetatik irteten hasi zen. Inork ez zuen negarrik egiten. Beren aurpegietan harridura baino ez. Ezin genuen ulertu ikusitakoa. Iluntzean oraindik ezin zen ezer ikusi 500 metrotik harantz. Bazter guztietan zen sua eta kea, ke beltz eta lodia.”
Alberto de Onaindía. Hans Christian Kirsch-ek jasoa bere Der Spanische BŸrgerkrieg in Augenzeugenberichte liburuan.

 

GERNIKAREN OKUPAZIOA

Bonbardaketaren ondorengo hirugarren egunera sartu ziren tropa nazionalak Gernikan. Armada frankistan era guztietako soldaduak ziren: italiarrak, alemanak, mairuak eta erreketeak. Horiek sartu zirenerako jende asko jada herritik ihes eginda zegoen errepresaliaren beldur, batez ere herrian errepublikanotzat eta nazionalistatzat ezagutzen zirenak. Okupazioaren lehen egunetan soldaduek ogia eta janariak banatu zituzten jendearen artean, baina laster etorri ziren gosea eta errazionamenduak.
Tropa mairuak herriko zenbait lekuetan banatu zituzten; horietako bat hain zuzen Andra Mari eliza izan zen. Haiek beste leku batzuetara eramanda gero emakume gernikarrak leku profanatu horiek garbitzera behartu zituzten. Irain horrek urratu zituen gehien, segur aski, emakume haien oroimenak.

BONBARDAKETAKO BIZIPENAK

Bonbardaketak, ustekabean Gernikako biztanle guztiak harrapatu zituen. Arriskuaz jakinaren gain zeudenek ere, ez zute inoiz pentsatuko hain eraso bortitza jasoko zutenik. Lehenbiziko bonbak erori zirenean jendeak bere ustez lekurik seguruenetara jo zuen edota hurbilen zeuzkaten babeslekuetara. Herriko babeslekuez gain, jendeak fabriketara eta lantegi eta etxeetako sotoetara jo zuen, ahal zuenak ahal zuen lekura jo zuen babes bila. Beste batzuek nahiago izan zuten herritik aldendu eta mendian ezkutatu ziren, sasi artean, baratzetan eta baserrietan, baita edozein zulotan ere.
Bonbardaketaren bizipena ikaragarria izan zen denentzat; beldurra, estutasuna, larrialdia, segurtasunik eza, zalantza eta babesik eza. Gernikar askok aireko erasoak iraun zuen ordu luze haiek beren inguruan ikusten ez zituzten lagun maiteen kezkaz bizi izan zituzten. Ordu latz haietako bizipenak kontatu ahal izan dituztenek babeslekuetako itolarria, umeen negarrak eta otoitzak gogoratzen dituzte. Erasoa amaitu zenean, nahasmena, zalantza, sinistu ezina eta harridura sentitu zuten, inoiz sinistuko ez zutena ikustean.

“Arratsaldeko lau t’erdiak aldera, aipatu likidazioko batuketak egiaztatzen ari nintzela San Juan kaleko kontratisten bulegoan [...], han geundenok hegazkin bat ikusi genuen herriari biraka; hegazkin hark herriko hiru bat lekutan hiruzpalau bonba bota ondoren Zornotzarako bidea hartu zuen. Azoka-eguna zenez jende asko etorri zen Gernikara. Eta jende hura, bonbak ikustean, ikaratu egin zen eta babeslekuetara jo zuen edo inguruko baso eta baserrietan ezkutatzera. Ni sotoetan egin genituen babeslekuetan gorde nintzen eta han eutsi ordu bete bat inguru etengabeko bonbardaketa hari.
[...]
Bonbardaketak arratsaldeko zortziak laurden gutxiagora arte iraun zuen. Babeslekutik irten nintzenean sutan ikusi nuen neure autoa, su-bonba bat erori zitzaion gainera; orduan trenbiderantz jo nuen arma-fabrikara, ea han zer gertatu zen ikustera... . Harrituta gelditu nintzen, hegazkinek arma-fabrikari ukiturik ere egin ez ziotela ikusi nuenean. Gernika hartu eta gero arma-produkzioak jarrai zezan. Juntetxea eta Gernikako Arbola ere libre atera ziren bonbetatik, ezbairik gabe, tropa frankistekin zetozen soldadu euskaldunen eta batez ere nafarren protestak ekiditeko".

Castor Uriarte, Bombas y mentiras sobre Guernica

BONBARDAKETAREN HEDAPENA

1937ko apirilaren 26 hartan Gernikan gertatu zenaren hedapena eztabaida sakonen iturria izan zen hasiera hasieratik. Lekuko batzuek, Euzkadi gobernuko eta gizarteko ordezkari nagusi batzuk tartean zirela, mundu guztiaren aurrean salatu zituzten bai Gernikako bonbardaketa eta birrinketa bai gertakizun horietan gudaroste alemanek eta frankistek izan zuten erantzunkizuna. Albistea Europako komunikabide nagusienetan agertu zen, zenbait kazetariek berehala ekin ziotelako gaiari; horien artean George Steer nabarmendu zen.
Bando nazionalak inoiz ez zuen onartu erantzunkizuna hori, aitzitik, frogak trukatu zituen eta prentsa frankistaz baliatu zen bonbardaketa lotsagarri haren errua euskal errepublikanoei rojos-separatistas botatzeko: Bilborantz erretiratzean su eman omen zioten herriari. Espainiako armadak gaur egun oraindik ez du onartu Gernikako bonbardaketan izan zuen erantzukizuna.

“Denok epaitu behar gaituzten Jainkoaren eta Historiaren aurrean, nik diot hegazkin alemanek hiru ordu eta erdiz bonbardatu dituztela Gernika hiribildu historikoan inolako defentsarik gabe zeuden biztanleak, ordura arte ezagutu gabeko krudelkeriaz, herria errauts bihurtzeraino, eta emakume eta haur asko eta asko metrailadorez hil dituztela, gainontzeko herritarrek izuak hartuta ihes egin behar izan dutelarik”.
José Antonio Aguirre. Euzkadiko gobernuko lehendakaria.

“Aguirrek gezurra dio. Gernika Espainiakoa den guztia bezala errespetatu dugu”.
Francisco Franco.

“Salamancako gobernu nazionalak argitaratu duen deklarazioa, Gernika gorriek suntsitu dutela esaten duena, gezurra da goitik behera. Nik neuk Gernikako 20 errefuxiatu baino gehiago elkarrizketatu ditut bonbardaketa gertatu den gau bertan. Eta bonbardaketan parte hartu zuten hegazkinen kopuruari buruz izan ezik, elkarrizketatu guztiak bat datoz ematen dituzten xehetasunetan. [...] Gernika hegazkin alemanek suntsitu dute eta hori demostratzeko zera diot: herri guztia eta suak desegin ez dituen etxeetako teilatuak bonbek egindako zuloz josita daude, eta ni eguerdian Gernikan izan naizenean herriko teilatuetan ez zegoen inolako zulorik. Zuhaitzak erro-errotik atera dituzte bonbek eta zuhaitz-adarrak azalik gabe ikus daitezke metrailaren eraginez... Nirekin hara joan den kazetari batek hiru bonba jaso ditu, hirurak alemanak, 1936ko datadunak. Mundu guztiak daki herrian babeslekuan sartu den emakume eta ume talde handi batek hegazkinen bonba-erasoak jaso dituela eta horiek ez zirela inolaz ere gorriek erre nahi zuten babesleku batean sartuko... Ni Gernikan gaueko ordu bat t’erdiak arte egon naiz eta han ez dut petrolio usainik hartu... Gernika herriaren zati handi bat jada ez da errauts-pila bat, zabor-pila bat baizik.”
George Steer, The Times, 1937ko maiatzaren 6a

GERNIKA GERRA-OSTEAN FRANKISMOA ETA ERREPRESIOA

Frankismoaren lehen urteetan ekin zioten Gernika berreraikitzeari. Lan haietan agustindarren ikastetxean atxilotuta zeuden preso politikoek eta soldatapean ari zirenek parte hartu zuten. Lanak bost urte luzetan burutu ziren eta, paradoxa badirudi ere, Gernika birrintzearen errudun nagusia, Francisco Franco, herriko seme kutun izendatu behar izan zuten. Eraikinak jaso zituzten baina horien eta kale eta lorategi berrien diseinuak ezin izan zuen suntsiketa hartan galdutako guztia berreskuratu. Gerra aurretik Gernikan zegoen lagun-giroa nahastuta gelditu zen eta hala jarraitu zuen urte luzetan. Frankismoak errepresio ideologiko eta kultural gogorra jarri zuen. Arau eta jokabide berriak agindu zituzten; salaketak eta erregistroak eguneroko gauza ziren eta ezertxo ere ez zen gelditzen Guardi Zibilen begirada zorrotzetik kanpo. Gernikarrek beldurra, mesfidantza eta elkarrenganako errezeloak nozitu behar izan zituzten. Inork ez zuen berriro ikusterik izan Gernika ireki eta maitagarri hura.
Hala ere, diktadurak iraun zuen urte luze guzti haietan Gernikak euskaldunen askatasunen sinbolo eta ikur izaten jarraitu zuen, eta 1964an bertan egin zen Aberri Egunak bi mila lagun bertaratu zuen.

“Elkarrenganako mesfidantza handia zen. Hori gerra-osteko kontua zen; gerra aurretik denok ginen berdinak. Gero poliziak, isilmandatariak (...) Jende asko sartu zuten kartzelan. Beldurra nagusitu zen Franco hil arte.”
CAVA MESA, Ma Jesús et Alii. Memoria colectiva del bombardeo de Gernika

ADISKIDETZE BIDEAN

Adiskidetzea gaur egun funtsezko erreminta da gatazkak konpontzeko eta, erreminta bezala, adierazpen aberatsa eta aldi berean konplexua du. Hala ere, denok dakigu adiskidetzeak lehen etsaiak zirenak orain lagun bihurtzea adierazten duela. Baina horretarako premiazkoa da erasoa egin duenak bere errua onartzea eta iraganean egin zituen kalteen erantzukizuna onartzea.
Gernika gaur egun adiskidetze aurreratuaren adibide garbia da; prozesua oraindik ez da amaierara iritsi, baina ibilbidea ere luzea da. Hasiera batean, oztopo eta eragozpen asko zeuden, Alemania asko atzeratu zelako kaltea konpontzeko lehen urratsak emateko bidean.
Gernikako bonbardaketan Alemaniak izan zuen partaidetza onartzea 1989an gertatu zen, Herzog lehendakariak gutun bat bidali zienean oraindik bizirik zeuden gernikarrei. Gutun hartan, Alemaniak 1937ko bonbardaketan izan zuen erantzukizuna onartzen zen. Egintza sinboliko hura jende eta instituzio askok egindako lanaren emaitza izan zen; gestio, itxaropen eta artegatasun askoren emaitza. Gaur egun gernikarrak Alemaniako Pforzheim hiriarekin anaikidetuta daude, garai batean bere erasotzailea izan zen herriarekin elkar ulertzeko eta elkarri laguntzeko bide berriak garatzen ari dira. Ez da justiziarik egin, baina adiskidetzeko bide berri bat ireki da, Gernikako oroimena bizirik gordez.

“Eta su, metraila eta heriotza zaparrada jaurti ziguten. Eta gure herria suntsitu zuten. Eta gau hartan jada ezin izan genuen gure etxean afaldu, jada ezin genuen gure ohean lo egin. Jada ez genuen bizilekurik. Ez genuen etxerik. Baina gertakizun tamalgarri hark ez zuen gugan gorroto edo mendeku sentimendurik piztu, bake-gogo handia eta ikaragarria, baizik. Halako gertakizun lazgarririk inoiz berriro ez gertatzeko desioa. Eta gure herria izan zeneko hondakinetan, munduko herrialde guztientzako bakearen bandera jasotzeko erabakia”.
Alemaniako Errepublika Federaleko lehendakariak erantzukizuna onartuz bidali zuen gutunari bizirik zirautenek emandako erantzuna.


Utzi iruzkina: