Zetak Ilunbe (Donostia) 2025-9-5
Navarra Arenan urtarrilean emandakoaren ondoren, argi geneukan Donostiako kontzertu hirukoitz hau (sarrerak aspaldi agortuta zeuden) ikusgarria izango zela. Mitoaroa II ikuskizuna profesionala, ia akatsik gabekoa eta lehergarria ere izan zen, bai alor teknikoan zein interpretazioan. Show moduan pentsatutako emanaldiak, gainera, berrikuntza zenbait ere ekarri zituen. Lehena, Ilunbera sartu bezain pronto eman zizkiguten audio kaskoak izan ziren: sorpresa galanta eta arriskatua bazen ere, bertaratutakoak laster egokitu ziren formatu berrira. Soilik aurikularretatik entzun zitekeen kontzertua, eta guk dakigula ez zen inolako arazo teknikorik egon kontu honekin.
Mitoaroa II aurrekoaren prekuela da, eta lehena 2025ean hasten bazen, oraingo hau XV. mendean girotuta dago. Zanpantzarrak, pertsonaia mitogikoak, dantzariak... muntaia itzela izan zen eta logistikoki erronka erraldoia. Bertan ikusi genituen performanceak, gainera, milimetrora neurtutako azpiegitura eskatzen zuen. Antolakuntza lanetan ziharduten 250 langileek helburua sobera bete zutela esan behar dugu, nahiz eta ohiko kontzertu formatutik urrun egon zen, eta geldialdi luzeek musikaren erritmoa geldo bilakatu zuten. Antzerki, erakustaldi edo show moduan itzela izan zen, beraz. Gainera, gauza jakina zen horrelako zerbait izango zela, beraz alde horretatik ez dugu arazorik ikusten.
Errepidean kantuarekin hasi zutenetik esperimentua ondo aterako zenaren sentsazioa izan genuen. Kantua hasi aurretik, Aitziber Garmendia, arlekinez jantzita, publiko artean ibili zen kamera aurretik zuela emanaldiaren aurkezpenak egiten. Palestinaren genozidioa kondenatzen ez duena onartzen ez dela esan zuen, besteak beste, eta ikuslegoaren lehen txaloak jaso zituen. Pello tronpoak egiten zituen auto batean iritsi zen areto kanpora, eta barrura sartutakoan Izaro abeslaria agurtu zuen besarkada bero batekin. Aurikularren bidez soinu erakargarria, garbia eta oso potentea entzun ahal izan genuen, zuzeneko normaletan ez bezala. Gainera, areto honek fama txarra dauka soinuari dagokionez, eta honenbestez helburua guztiz bete zen.
Bigarren berrikuntza edo kuriositatea, 360 graduko eszenatoki berezia izan zen, gainean zeuzkan lau pantailekin (hauek gora eta behera ibili ziren kontzertuaren zati askotan) perspektiba totala eman ziguna. Kaliza hau, Zu eta Sagarra kantuetan inpresioa egin zigun kaskoetatik ateratzen zen soinu boteretsuak. Aldiz, kaskoak kenduta konturatu ginen egoeraren berezitasunaz. Kontzertua bizitzeko esperientzia guztiz berritzailea izan zen guretzat. Beste ekitaldi batzuetan kaskoak erabili izan direla badakigu, baina sekula ez da hainbesteko jendetzarekin egin. Inkisidorea edo apaiza zirudien pertsonaiari kantatu zion lehen aipatu Kaliza hau. Zu kantuan kanpora irten zen Pello berriz ere, eta gero Gorka Pastorrek theremina zirudien gailu bat jo zuen. Ondoren, Sagarra kantuan aita santua sartu zen bere tropa guztiarekin.
Hitzeman, euskaraz lehenengo eta katalanez gero, izan zen lehen leherketetako bat. Ikuslegoa giroan sartzen hasia zen ordurako, formatu berrian eroso sentitzen eta lehen aldiz hainbat pertsona armailetan zutik jarri zen. Akelarretan kantuan tronboia jo zuen Pello Reparazek, eta Kukai dantza taldekoak taularatu ziren Hegan (90eko bi bala) abestian. Azken hau bapatean moztu eta amaitu zen Suziri bi-ri tokia egiteko. Iban Larreburuk atabalei emandako kolpeek inpresioa egin ziguten, baita Pello Reparazek adarra jo zuenean ere. Antzezlanak aurrera jarraitu zuen, betiere pertsonai mitologikoen eta elizako indarren arteko tentsioa agerian utziaz. Non sartu zara? eta Pater Noster-rekin kontzeptu horretan sakondun zuten, ondoren erdi aroko musika iradokitzen duen lauta zirraragarriari leku egiteko; hortik Fillas de Cassandra bikoteak lagunduta Anguleele lehergarrira egin zuten jauzi.
Lamia papera egin zuen ondoren Maixux Zugarramurdi aranotarrak, zati antzeztu berezi harekin, baina kantatu beranduago egingo zuen, hain zuzen ere kontzertuaren azken abestian. Ilunben bertan egindako zezenketak, Donostiaren kultura eredua eta beste hainbat auzi plazaratu zituen. 15 minutuko atsedena etorri zen segidan, gero Zertan ari gara? eta Begi beltz kantu politei ekiteko. Zeinen ederra izango den izan zen ikuslegoa gehien hunkitu zuenetako bat. Aralarko dama emanaldiko hainbat momentutan entzun ahal izan genuen, zatika bazen ere, eta gero osorik kontzertuaren azken aurreko piezan. Ignatius Farray espainiar humoregileak eta ETBko Aitziber Garmendia eta Jon Telleriak protagonismoa bereganatu zuten Pello berriz ere kanpora irten eta BMWa zegoen tokira joan zenean. Ignatius ere besteekin sartu zen aretora, oholtzara ere igo zen eta (emanaldian hainbatetan gertatu zen bezala) publiko artean ibili ziren, honen festarako gogoa areagotuz.
Momentu gorenetako bat izan zen Itzulera kantua ere. Jendea hainbeste gozatzen ikusteak ere inpresioa egin zigun: kaskoak kendu gabe denak zutik, dantzan eta kantatzen zoriontasuna irradiatzen baitzuten. Gaueko omenaldirik hunkigarrienetako bat Pantxoa eta Peioren taularatzea izan zen. Telesforo Monzonen hitzak dituen Lepoan hartu ta segi aurrera mitikoa kantatzean aretoa su eta gar jarri zuten. Navarra Arenan Erramun Martikorena igo bazen, oraingoan bikote honi tokatu zitzaion. Zirraragarria eta merezitakoa izan zen bikotea (hirukotea Pello Reparaz kontatzen badugu) hainbeste milaka pertsonen aurrean kantatzen ikustea. Bai urtarrilean Erramuni baita Pantxoa eta Peiori, Pellok gure ondarea diren kantariei merezitako omenaldia eta errekonozimendua eskaini zien.
Deskontrola potentzia handiko pieza elektronikoak sutan jarri zuen aretoa, beste hainbat momentutan bezala. Gero, orain bai osorik, Aralarko Dama entzun ahal izan genuen ikuslegoaren gozamenerako. Eta Maixux Zugarramurdi eman zion amaiera emanaldiari Hileta kantu nafarra-rekin. Kantu honen leherketaren ondoren, bapatean gelditu zen kontzertua. Zenbaitek zalantza eduki zuen ikuskizuna amaitu zen ala ez, baina bai, hauxe izan zen amaiera. Goiaren goian amaitu zen, hori bai. Ia hiru orduko show bizia izan zen, kontzertua baino gehiago meritu handiz egindako antzerki musikatua eta ikuslegoaren gustukoa. Mitoroa I, bigarren hau eta (egongo balitz) hirugarrena, euskal musikaren historiara pasako direnaren sentsazioa daukagu. Eta, hainbeste momentu magikoren artean bat aukeratzekotan, hartza eta Pello Reparaz Ilunberen sabaira igo zirenekoa aipatuko dugu. Bertaratutako bakoitzak bere momentu kuttunena izango du (dantzak, sua, jendartean nahastutako aktoreak, zanpantzarrak, abeslariak eta abar) eta hori da onena. Lehen aipatu bezala, ikuskizun bezala bederatzi bat emango genioke emanaldiari, eta musikari berari ere nota altua jarri behar zaio, jendea motibatzeko izan zuen ahalmenagatik baita soinuagatik beragatik ere.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: