Xutik + Patrice Dumora 2023-6-3 Atabal (Biarritz)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-09-27 20:17

pyromanya@hotmail.com 1695839702172

Miarritzera joateko arrazoi nagusia Patrice Dumora bere bandarekin ikustea bazen ere, horrek Hendaiako Xutik taldea ikusteko aukera eman zigun: lehen aldia zen, beraz, bai Patricerekin baita Xutik-ekin ere. Kontzertu bikoitz honetatik txundituta irten ginen: Patricek bakarkako disko berria ia goitik behera jo zuen eta Ska-Reggae-rock talde lehergarri bat deskubritu genuen. Atabal lepo bete zen eta hori gutxi balitz, gau honetan entzundako kantu guztiak euskaraz kantatuak izan ziren. Ez geunden berez oso urruti, Ziburuko euskal disko eta liburu azokan egon baikinen lehenago. Hau ere esperientzia ederra izan zen: oholtza batean hainbat artisten kontzertuak eta karparen barruan euskal diskoak eta batez ere liburuak salgai. Han topatu genuen, adibidez, Jose Angel Irigarai Joseba Sarrionaindiarekin. Gero, Biarritzeko beste leku batera joan ginen Xiberoots ikusteko asmoz, surf jaialdi batean emanaldia baitzuten, baina Atabaleko kontzertuaren ordu paretsuan joko zutela ikusita, jaialdian sartu gabe alde egin behar izan genuen.

Itxura ederra zeukan Atabalek: Parkingean kotxe mordoa zegoen eta aretoaren taberna eta sarrera nagusian jende asko ikusi genuen, kontzertua arrakastatsua izango zenaren seinale. Euskola gozo bat hartu eta zuzenean areto barrura sartu ginen (eraikinean sarrera bat eta taberna daude, baina aretora sartzeko ateak eta segurtasun zerbitzu zorrotza dago: gutxienez bost gorila zeuden sarrera zaintzen!), Patrice Dumora bere lehen kana jotzen hasia baitzen jada: Amadu. Nabaritu genuen lehenengo gauza seriotasuna eta profesionaltasun osoa izan ziren: diskoan bezalako soinua eskeini nahiko zuten seguru aski, eta lortu zutenaren zalantzarik ez daukagu.

Patrice Akelarrerekin ikustera ohituta gaudenok ezberdintasuna nabaritu genuen, haatik: Akelarrerekin gitarrarik gabe benetan aske, dantzatzen eta publikoa animatzen ikusi ohi genuen arren, oraingoan gitarra eskuan eta era berean lider lanetan aritu beharra zeukan. Beraz, hortik lehen diferentzia. Taldearen soinua atsegina eta entretenigarria izan zen, hau da, diskoan gailentzen diren pop-rock egiturek agindu zuten, nahiz eta azken baieztapen horri ñabardura asko egin behar dizkiogun. Sorginen erratzak melodiko eta harmonikoki konpletoa da. Patriceren gitarrak Romain Larregainen gitarra elektrikoaren babesa izan zuen kontzertu osoan. Romainek bere lekuan egoten jakin zuen, emanaldia ondo sostengatuz, solo dotore batzuek egiteko parada izan bazuen ere.

Romainek diskoan ere gitarra grabatu du, baita Raphael Ferreira baxu joleak ere. Biak ala biak Atabaleko kontzertuan izan ziren eta era berean diskoa grabatu zuten musikari bakarrak izan ziren, Patricez gain, jakina. Segurtasun handia eman zioten Patrice-ri, baita atabaletan Frikun taldeko Jon Erviti-ren presentziak ere. Gaueko bigarren sorpresa Uhaitz Dumoraren (Patriceren alaba gaztea) presentziak ekarri zigun. Abesti zenbaitetako zati batzuek kantatzeaz gain, fagota (Amets hautsia-n) eta teklatua ere jo zituen. Aipatu dugun kanta horri eman zion atmosfera benetan mozkorgarria izan zen. Uhaitz ez zen kontzertu guztian taula gainean aritu, baina oholtzan egon zen kantuetan ekarpen interesgarria egin zuen. Airean zalu kantuari dagokionez, tenpo seguru batek markatua egon zen, koru temati hainbatek jantzia, Patriceren ahots goxo eta neurritsua ahantzi gabe.

Gerlatik nator Patriceren lehen diskoko klabe akustikoagoetan mugitzen da, ahots batek eta gitarra batek transmititu dezaketen guztiaren seinale izateaz gain. Hunkigarria ere suertatu daiteke Patriceren ahotsak erakusten dizkigun paisai barnerakoietan murgiltzen denarentzako. Azken horren ondorengo Sigi saga elektrikoaren erasoak efektu bortitza sortu zuen, emanaldiko momentu gogotsuenetako batzuk eskaintzeaz gain. Diskoaren kritika egin genuenean aipatu genuen moduan, diskoko onena eta erakargarriena iruditzen zaigu. Erritmo sinkopatua, sasi-reggae zoragarria... taldeak zehaztasun handiarekin interpretatua izan zen, baita akaso Patrice erosoen ikusi genuen kantua ere.

Mutil zaharrentzat, Tom Waitsen bertsioa, ezin hobeto moldatzen da Patriceren ahotsik urratuenera. Hemen ikus dezakegu, beraz, bere ahots goxoaren kontrapuntua eta osagarria. Azken txanpan, Eztiz asea sarkor eta misteriotsua blues limurtzauile baten parametroetan mugitu zen: erritmo oso markatukoa, berriro ere taldelan aski sinkronizatu baten emaitza dela frogatu zuen, baita koruetan ere. Eta azken agurrean, Zaldun hiltzailea: akaso diskoaren bigarren erdiak eskaintzen dituen abantaila guztien ginga edo azken gailurra. Beregan daraman nolabaiteko zitalkeria eta iluntasuna adiktiboak baitira guztiz. Gitarraren nota sarkorrak, bateriaren erritmo infernutarrak eta baxuaren nota gozagarriek bultzatutako atmosfera dela eta, pop-rock eskemetatik urrun, giro sakonago eta apokaliptikoagoa marrazten dute.

Kantuaren garapen instrumentalak txundituta utzi gintuen, beraz, baina zoritxarrez orduantxe amaitu zen kontzertua. Lehen diskotik bakar bat ere ez zuen jo; aldiz, lan berria ia osorik eta ordena berean egin zuen. Gehiagorako gogoz gelditu ginen, seinale ona inondik ere. Finean, estilo anitzen erakusleiho polit bat proposatu zigun Patricek, etorkizunean hartu ditzakeen bide ezberdinen aiderazlea akaso: Paisai elektro-akustikoak, melodia goxoak, pop-rocka, bluesa, reggarea, rocka, kantautore piezak... Patriceren ibilbideak, lehen diskotik bigarrenera hamalau urte itxaron behar izan dugun arren, bultzada berri bat hartu duelakoan gaude, bere beste proiektuak ahantzi gabe, noski.

Xutik hendaiarrek iparraldean mugitzen duten jendetzaren lekuko izan ginen gau honetan. Aretoa lepo beteta, ikuslegoa aurrez oinetan zuela ere esan genezake, baina han ikusi genuenak zur eta lur utzi gintuela ere ez dugu ukatuko. Lehen diskoko hiru piezekin eman zioten hasiera itzela izan zen: Hartu, Haiz eta Galdua kantuekin ohartu ginen iparraldeko gaztediak azken urte hauetan izan duen zorteaz. Banda anitza, haize instrumentuak, jarrera oldarkorra, gitarra potenteak, bateria ahalguztiduna, baxu barrenkorra, abeslari lehergarria... Xutik-en Ska-rock unibertsoak reggae, punk eta erritmo latinoak ere bere baitan hartzen ditu. Hildakoak ere berpiztuko lituzkete!

Areto osoa festagune bihurtu zuten interpretatu zituzten 25 bat kantuetan. Azken diskoari (“Kantu berrien azalean”, 2022) errepasu ona eman ziotela egia den arren (lan berritik guztira zortzi kantu jo baitzituzten), lan guztietatik ondo banatutako sorta bat hartu zutela onartu behar da. Lehen bi kantuetan erritmo latinoek aberastasuna ekarri bazuten, Galdua-ren ska arinak bere sei minutuko iraupenarekin harritu gintuen, baita erdialdetik aurrera dakarren reggae eta rock azelerazioak ere. Bigarren diskora Geroa mihian-ekin egin genuen jauzian, baxuaren botereak aho bete hortz utzi gintuen berriz ere. Gisa honetako kantuetan eraikitzen dituzte Xiberoots taldearekin zubiak (edo alderantziz esan beharko genuke): reggae eta dub-aren soinu mozkorgarri, sakon eta baxuaren garrantziaz ari naiz, noski; ez dut inola ere bi taldeen estiloak berdinak direla esan nahi.

Laster egin zuten lan berrira jauzia hala nola: Azterketak euskaraz (ereserki lehergarria), Pitoz gora (festa giroan egindako salaketa), E.H. ez da salgai (Anje Duhalderen ahotsik gabe ere bikaina), Egun bat (rock kutsu gehiagorekin baina era berean haize instrumentuen presentzia handiaz), Luzatu eskua harrigarria (balada antzekoa, baina saxoa eta soinuaren presentzia handia daukana), Gaur gorri bihar beltz super hit-a eta Kukua kaiolan rockzalea. Tartean, azken aurreko diskoko Arbaso kasualak (hip-hop maneraduna eta himno kutsukoa) eta Irria eta kolorea (saxoak biribildutako roots bikaina). Izan ere, saxoaren presentzia nabarmendu beharrean gaude, beste haizezko instrumentuei muzin egin gabe noski, baina kontzertu amaiera aldera egin zuten saxo solo batek (ez dakigu Patxi Bidart edo Ion Arruabarrena izan zen, biek ere saxoa jotzen baitute) guztiz hunkitu gintuen.

Kantu berriek ere ikuslegoan erreakzio beroak jaso zituzten, taldearen arrakastaren seinale. Ez dugu errepikakorrak izan nahi, baina emanaldia festa totala izan zen hasieratik amaieraraino. Peio Iziagak (Maitena Beheranek duela urte batzu taldea utzi zuenetik bera da ahots nagusia, lehen biek kantatzen bazuten ere) front-man papera erabat bereganatuta dauka, publikoa sutan jarri eta geldirik egon gabe kantuak borobiltzen jarraitzen baitu.

Kantu zaharrez jositako segida luze bati ekin zioten jarraian, ereserki kutsuko hainbat piezekin: Harresiak eta zubiak eraginkorra (Itziarren Semeak taldeko Ibon Altuna igo zen oholtzara kantatzera), Herrira (berriz ere baxu sarkorra duen sarrera luzea martxa itzelezko garapenarekin errematatzen duen kantu leherkorra), Hizkuntza dut lurra (lehen aipatu saxo solo zoragarriarekin), Kateak ate (diskoan Eñaut Elorrietaren kolaborazioa izan zuen pieza martxoso aldarrikatzailea), Dantza dantza (Maitenaren ahotsa faltan somatu genuen erritmo mozkorgarriko kantua, dultzainaren presentzia dotorea ere izan zuena), Maite ditut ijitoak (fusioa era guztiz dantzagarrian egina), eta ereserki zaharren txandan Nun borobila eta batez ere Lortuko duguna, akaso taldearen lau edo bost kanturik onenen zerendan sartu beharko genukeen altxor preziatua: soinua, rapeatze intentsua, barreneraino sartzen den baxua, melodia polita...

Kontzertuari amaiera emateko, disko berriko beste altxor bat: Kantu berrien azalean, Xutik taldearen historia ezin hobeto laburbiltzen duen kanta. Kontzertuaren amaiera, beraz, punturik gorenean egitea lortu zuten. Iparraldean jainkoak dira, dena baitaukate: kalitatea, kantu sorta ederra, ereserki edo hit mordoa, teknika, aniztasun estilistiko eta instrumentala, frontman aparta, gantxo handiko konposizioak, euskararekiko kontzientzia eta errepertorio aldarrikatzailea. Eta guztiaren gainetik, benetako festa antolatzeko gaitasuna. Hegoaldean zergatik ez duten hainbeste jende biltzen, eta zergatik ez duten gehiagotan jotzen? Gure herriko misteriotako bat izango da. Batzuetan, promozio pixka bat gehiagorekin, iparraldeko talde hainbatek hegoaldean arrakasta itzela izango luketeela pentsatzen dugu. Kasu ezberdinak egongo dira, jakina; baina Xutik taldearena, zalantzarik gabe, haietako bat da.


Utzi iruzkina: