W.A.S.P. Basapiztiak elikatzen
Jam Aretoa (Bergara)
Badira kontzertu batzuk nahiko pozik ateratzen zarena, ordaindutakoak pena merezi izan duela pentsatu duzuna. Rockaren leienda askok profesionaltasuna erakusten dute, interpretazio ona eta duintasuna baino zerbait gehiago. Beste batzutan espero zenuena ez da betetzen, eta nostalgiak bakarrik salba lezake aktuazio triste bat. Bi aste lehenago UFOrekin gertatu zena adibidez, non abeslaria ahotsik gabe eta konfidantza izpirik barik agertu zitzaigun.
Baina beste batzutan ez dago hitzik ikusitakoa deskribatzeko: Espektakulua eta kalitatea, eta mugagabeko potentzia elkartzen diren kasu haiek dira. Eta W.A.S.P.ena horixe izan zen, are gehiago: bizi osoan ikusi dudan kontzerturik onenetako bat izan zen. Ahaztu dezagun taldeak 80.hamarkadan eman zuela bere onena; ahaztu dezagun geroztik maila hura ez dutela diskatan berdintzea lortu eta Chris Holmes guitar-heroa ez dagoela taldean. Californiarrek rockaren historiako zuzenekorik onenetako bat dute, eta dudarik egin gabe diot. Blackie Lawless eskenatoki batean edukitzen dugun bitartean, Hard Rocka ez da hilko. Gizon honek rock gogorra eta heavy rocka salbatzeko jaioa dirudi. Bera ikuste hutsarekin oinetan jarri dezake areto oso bat, oso oso gutxik bezala. Adibide bat jartzeko, Iggy & The Stooges ikustean sentitzen den huraxe sentitu nuen, nahiz eta estilo desberdinetakoak izan. Eta oraindik jendeak zaharrak direla eta txantxak egiten jarraitzea ere...La ostia, Rolling Stonesak ere zaharrak dira, baina oraindik ere PUTO AMOAK MATEMATIKETAN! Blackie jauna ere putoamoa dugu, bai horixe! a zer nolako banda! Hura bai eskenatokia betetzea!
Bere mikrofono-motor aparatu ikusgarriak ere eboluzionatu du, eta balantza ederrak egin zituen bertan igota, kitarra solo bat barne. Bai, badakigu Marilyn Mansonen mikroan inspiratu zela, baina Mr. God of Fuck oso oso gauza txikia da bere aurrean. Beti bezala, The Doorsen “The End” entzun ahal izan zen justu aktuazioren aurretik. Eta ondoren etorri zenak, barrabilak moztu eta han zeuden heavy eta melenudo guztien zorriak mugiarazi zituen. “Inside the electric circus”!!! “L.O.V.E. Machine”!!! “Wild child”!!! Ba al dago show hasiera hobeagorik egiterik? “L.O.V.E. Machine” entzutean, inoiz nazkatuko ez naizela konturatu nintzen. Lehengo urteko Metalway Festivalen ere argi ikusi zen, ez zegoela konpetentzia posiblerik, Accepten baimenarekin. “Wild child”, 80.hamarkadako 10 kanta onenetan sartzen dut. Maisuak ziren melodia eta potentzia nahasten, guztia eskandalu eta espektakulu nahasketa batez aurkeztu zuten, alderdi eskuindarrak eta CIA berberarekin arazo larriak izatera iritsi arte. “ANIMAL-Fuck like a beast-“singlearen portada eta letra ikusi besterik ez dago, ala kanten letrak errepasatzea. “On your knees. You shall be on your knees.’Cause I want you on your knees”. Feministen protesta gogorrak jaso zituzten, bere eskandalu bilaketa horretan. Baina ez noa hemen ezer epaitzera, akusazio moralista horiek beste batzuentzat uzten ditut. Hau rock’n’rolla da, eta bistan dago taldeak probokatzea besterik nahi ez zuela. Ez noa ez, nire idoloak kritikatzera.
“Sleeping (in the fire)” izan zen kasik deskantsu bakarra. Guztiak isilik geratu ginen, melodia eder hori entzuten. Ondoren bateria eta kitarrak sartuko ziren. Ikusleen poz aurpegia, taldearekiko konplizitatea...Gutxitan ikusi daiteke hango (benetako) euforia. Gotiko-pijoak bere makillajea eta gabardinak mugitzen Cradle Of Filthen emanaldi batean? Evanescence ikusten, agian? Oh ez!!! Hard Rock gogorra emaidazu, mesedez!
“I wanna be somebody”, himno perfektua, borobila. Inork, behin bakarrik entzunda ere, ahaztu ezingo lukeena. “The headless children”ek ondo enkaxatu zuen nire ustez. “Blind in Texas”, “On your knees”...kasik himno guztiak bata bestearen atzetik. Within Temptationen jarraitzaile baten aurrean zaudetenean, eta rock and rolla zer den azaldu nahi diozuenean, eraman ezazue W.A.S.P.en show batera. Ez zait ezer hoberik bururatzen.
Zoritxarrez, emanaldiak ordu betea justu justu gainditu zuen. Benetan gogorra izan zen guztiontzat, eta batzuren haserrea guztiz logikoa iruditzen zait. Beste egoera batean barkaezina litzakeena, alde positibotik ere ikusi nuen: oso motza izan zen, baina zirraragarria, bortitza, zapaltzailea eta gaindiezina. Aholku bat: ez itzazue galdu etortzen diren hurrengoan. Ez zaituzte dezepzionatuko. Jam Aretoan munstroak ez zuen barkatu. Jarrai dezala horrela: lurrikarak sortzen, basapiztiak elikatzen.
Urko Ansa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: