Viafara "Viafara"
Olatu baten gainean mugitzearen sentsazioa edukiko du jarraitzaileak Usurbilgo laukotearen debuta entzutean, segida berezia daukaten aztarna rock zaleak txertatu baitituzte han eta hemen. Diskoko zortzi kantuak era entretenigarri eta atseginean igarotzen dira lanak irauten dituen 32 minutuetan, eta kantuen abiadura aipagarria da oso lan osoan, betiere alternatibak ahantzi gabe eta arreta galduaraziko liguketen erdipurdiko pasarteen arrastorik gabe. “Mr.Shit”en nabari ditzakegu taldearen bertute guztiok, baina amaiera aldera gitarrekin egiten duten joku delikatu eta gustu onekoak atentzioa are gehiago ematen dute erremediorik gabe.
“Hekatonbe” are pizgarriagoa sentituko du entzuleak, disko osoan barreiatuta dauden gitarrakadez josita baitago, errepika kartsu eta koru gogotsuez gain. Kantu mota hauekin zuzenekoetan eman dezaketena are erasotzaileagoa dela ondorioztatuko du profanoak, arrazoi puntturik galdu gabe egin ere. Baliteke taldekideek jatorri anitzeko eraginak izatea, eta beraz ñabardura guzti horiek han-hemenka nabaritzea ere, baina orohar abiadura, gitarrakada iraunkorrak eta nolabaiteko zikintasunagatik punk rock estilora hurbiltzen dira beste edozein estiloren gainetik.
“Patuari lotuak” ere dezibelio festan murgiltzen da, eta diskoko beste hainbat momentutan bezala, ahotsari oldarkortasun punttu bat falta zaion arren, bultzada konstante eta zital horrek aurrean hartzen ditu hau eta beste edozein gogoeta. Hala bada, fede rockzale horrek berehalako efektua eragiteaz gain, arrasto iraunkorragoa txertatzen du taldearen idiosinkrasian. “Amaitu”k abiada horri pasarte eta errepika bigunagoak gehitzen dizkio, bestalde lan osoan nabarmenki bilatu dituzten kontrasteen lekuko ere badena.
“Errazena”ren demoniozko abiadak badu sorpresa gorenik ere: audientzia errukirik gabeko garrarekin punitzearekin ez aski, eta ahotsaren tonu altuak harritu gaitu, ezohikoa den kontrastea txertatu eta kontrapuntu interesgarria jarri baitio Beeltzeburen oniritzia jasoko zuen enbatari. Sorpresa gehiago: “Ez haiz” jostagarriak beste parametru batzuk lantzen ditu, erritmo bihurri eta guztiz dantzagarriaz batetik, eta groove handia darion eraikuntza musikal aberasgarria eta pizgarria landuaz, bestetik.
Izpiritu horrek kutsatuta edo, “Joan da” bertute horietan murgiltzen da, partzialki bada ere. Kantu honen beste dohain batzuk fede rockzale hauskaitza, errepika kuriosoa baina eraginkorra eta aldaketak sartzen jarraitzeko nahia eta ahala baititugu. Azken kantuarekin (“Inoiz ezer izateko”) gitarra riff akaso metaleroak sartzeko parada izan dute, edo hala iruditu zaigu gure entzunaldietan bederen. Kantuak konplexutasun puntu bat dauka, diskoa amaitzeko aproposa noski, bere abiadura aldaketa, geldialdi eta pasarte ezberdinen eraginez. Ez gaitezen urrunegi joan ere, kantuak taldearen izpiritua mantentzen jarraitzen baitu. Amaierako kantua izateak merezi duen arretaz egin dute ordea, baita estilo ezberdinetako jarraitzaileak asebetetzeko moduko pieza lortu ere.
Finean, jendaurrean aurkezteko pausu garrantzitsua eta eraginkorra dugu usurbildarren debut albuma. Lau musikariek elkarrekin daukaten bistako bat-etortze hori gabe ezinezkoa izango litzakeen osotasuna lortu dute, eta emaitza mardula eta konpaktua da. Andoaingo Garate estudioan Martxel Arkarazorekin grabatu dute, eta azken emaitza ikusita, Martxelek taldearen izpiritua zein den oso ondo ulertu duela dirudi, soinu garbia eta ñabarduraz betetakoa lortuaz, betiere arrabia arrastorik kendu gabe.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: