V. Elizpe Rock Jaialdia. Etxebarria, 2023-4-15

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-06-05 19:28

pyromanya@hotmail.com 1685987631412

Giro rockzale eta paregabea bizitu zuten Etxebarritarrek zapatuan. Estilo askotariko taldeak, guztira bederatzi, izan genituen ikusgai arratsaldetik hasi eta goizaldera arte. Gazte asko etorri bazen ere, adin guztietako jendea egon zela esan dezakegu: rockero zaharrak, heavy metaleroak, musikari zenbaiten gurasoak... Jaialdiak behar dituen hamaika gauzetarako (janaria, edaria, soinua, azoka, karga-deskarga...) herriko zein Markinako gazte taldeak dedikazio handia erakutsi zuen egun osoan zehar.

Etxebarriko trikitilarien eta Tarime musika eskolakoen ekitaldia eta gero, Gominols taldeak eman zion hasiera ordutegi aldetik nahiko puntuala izan zen bederatzi taldeko segidari. Ohiko eskema bete zen hemen: talde batek elizpeko eskuinaldeko eszenatokian amaitzen zuenean, segidan beste aldeko oholtza txikiagoan hasten zen hurrengoa. Gominols taldeko Kepa Arakistainek hemen bertan pare bat aldiz jo du Braulio taldearekin eta oraingoan rock kontzertuen seta hastearen lan zaila tokatu zitzaien. Pennyfleck taldeari buruz, Durangaldeko esperientzia handiko musikariek osatzen dute, eta abeslari lanetan emakumezko gazteago bat aritzen da: Jo Keen. Front woman honen lan eszenikoak bertaratutakoak harrituta utzi zituen bere jarrera eta inplikazioa direla eta. Jendartean nahastu zen zenbaitetan, bere musikariek goian egurra ematen jarraitzen zuten bitartean. Publikoko emakumezko batek abeslaria eskuekin gora altxatu zuen emanaldiko momenturik hunkigarrienatako batean.

Ume Okerrak taldea Ume Gaiztuak mitikoen omenaldi taldea dugu. Baliteke Grip taldeko Julen Hernando gitarra jole eta jaialdiko antolatzaileak Elizpe Rocek jotzen duen laugarren aldia izatea. Emozio handiak pizten dituen taldea da, duela gutxi Akerbeltz gaztetxean ikusi genuen moduan. Errepertorioari jarrera oldarkorra gehitzen dio laukoteak. Euskal presoei aipamena ere egin zieten “Ttipi ttapa” kantuan, eta “Sasikumeak” eta batez ere “Ume gaiztuen festa”-k arrakasta lortu zuten. Amurrioko Erasoz Erantzun gazteen txanda izan zen, segidan. Musika erasokorra eta zuzenak efektu oso positiboa sortu zuen arren, musikaltasun handiko garapen instrumentalak lantzen dituzte, eta horretan gitarra jolea aipatuko genuke batik bat.

Dena ondarrutarrek hirugarren aldia zuten jada Elizpe Rocken. Hirukoteak bi lan dauzka argitaratuta jada, baina batez ere iazko “Zure mugadun hutsune” lanarekin eman zuten jauzi erabakiorra. Xabat Ituarte atabal jolea seguru aski jaialdian inoiz jo duen musikaririk gazteena izango da, ia ume bat zela jo baitzuen lehen aldiz hemen. Post hardcorearen oldarkortasun eta musikaltasun guztiari zukua atera zioten emanaldi sutsuan, eta horretan Beñat Eizagirrek zer ikusi handia izan zuen. A.D. Markinarrak ere ezagunak dira jaialdi honetan (hirugarren aldia zuten hauek ere), baita inguru honetako eta haratagoko herri askotan ere. Metal estiloaren barruan, Crossover brutala lantzen dute eta sortu zuten zalaparta benetan ikusgarria izan zen. Soinu hiltzaileak eta Igor abeslariaren jarrerak sutan jarri zuten ikuslegoa, horren lekuko han sortu ziren mosh pit (jauzi basatiak) circle pit (publikoak borobil bat osatu eta bizkor korrika bueltak ematea) edo wall of death-ak (ikuslegoa bitan zatitu eta abeslariaren agindupean elkarren arteko talka egitea). Kontzertu hauxe izan zen akaso denetan lehergarriena.

Uger Bilbotarrena (Pennyfleck-ekin batera) aurtengo sorpresa musikala izan da. Rock estiloa lantzen duten arren, bere estiloa deigarri egiten duten hainbat bertute dauzkate: bihotzetik egindako musika da, berezia, akorde eta erritmo aldetik nortasun handikoa... Musikariek oholtzan asko gozatzen dute, baina faktore bakarra aipatu behar bagenu, Gago abeslaria izango litzake. Oholtza gainean baino gehiago publikoan egon bazen ere, eta askotan eszenatokira begira kantatzen bazuen ere, sekulako konexioa lortu baitzuen han bildu zen jendearekin. Melodia goxo eta erakargarriekin pop estilora hurbildu beharrean poesia anitzeko rockera jotzen dutela uste dugu. Aparta.

Ondarroako beste talde bat ere izan genuen, Shibari hirukotea hain zuzen ere. Sortzen dituzten pasarte instrumental barnerakoiei burrunba latzek ematen diete kontrastea askotan. Teknika aldetik badu azken horrek bere konplikazioa, baina horretan ez daukate ondarrutar hauek arazo handirik. Rock alternatiboa, bere alderdirik gogorrenean ordea, lantzen dutela esan liteke. Ikusgarria, hortaz, sarri erabiltzen duten ekaitza-barealdia-ekaitza formula. Azkenik, emanaldi frenetikorik egon bazen, hura ziur Aterkings markinarrena izan zen. Punk-rockaren abantaila guztiak ondo aprobetxatzen jakin dute beti eta gau honetan era intentsuan probestu zuten azken hori. Martxoan Akerbeltz gaztetxean eman zuten kontzertua baino dezente hobea izan zen hau, gainera. Abiadura eta indarra sartzen dutenean gaindiezinak badira, ikuslegoarekin lortzen duten komunikazioa eta honen parte hartzea taldearen nortasunean txertatuta dagoela garbi dago, betidanik akaso. Iñigo Goikoetxea abeslariak sortzen duen kaosa, umore ona, adar jotzea, probokazioa eta arrisku sentsazioa guztiz bateragarriak dira boskotearen estiloarekin (MC5, Stooges, Ramones, Pleasure Fuckers...). Eta Mikel Txurruka gitarra jole eta ahotsarekin osatzen duen tandem eszenikoak barre algarak sortzen ditu kontzertu osoan zehar. Kaos horren aurrean, Alberto gitarra jolearen gitarra zorrotzak eta bateria jolearen segurtasunak ez diote abiadura handiko tren honi errailetik irteten uzten.

Bukatzeko, eta zazpi ordu pasatxoko burrunba nahikoa ez eta Txomin L. D.J. trebatuak dantza eta parranda giroa jarri zuen beste ordu betez, gutxi gora behera goizaldeko hirurak arte. Ikusi duzuen bezala, aurtengoa izan da Lea Artibai kanpoko taldeek jo duten lehen urtea, Pennyfleck (Atxondo), Erasoz Erantzun (Amurrio) eta Uger (Bilbo) taldeen emanaldiak direla eta. Honek datorren urterako bidea zabalik uzten du eta jorratu daitezkeen bideei alternatiba irudimentsuak ahalbidetzen dizkie. Jaialdi xume honen xarma eta izpirituak bertaratzen direnengan inpresio atsegina sortzen du ia beti; horregatik urte askotako bidea izango duelakoan gaude.


Utzi iruzkina: