Urko "Aio!!!..."

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-05-31 22:55

pyromanya@hotmail.com 1685567010525

                                           AZKEN AGURRA

Josean Larrañaga “Urko”ren agurra den disko hau bere hamairugarrena da eta zuzenean grabatutako bosgarrena. Hain justu, zuzenekoa izan da bere arrakastaren arrazoietako bat. Estudioko lan apartak ere grabatu ditu, gutxi batzuk aipatzearren Gure lagunei kontzeptuala (1978), Goiherri (1979) edota Kaioen amodioa (1984). Azken disko hau iazko maiatzaren 26an zuzenean grabatu zen Bilboko Arriaga Antzokian. ETBko kamerak ere hor egon ziren eta kontzertua nahieran ikusi daiteke, aurreko zuzenekoa bezala: Ezezagunak (kontzertuaren izena) edo hobeto esanda Victoria Eugenia 2021 (diskoaren izena).

Azken horretan pieza ezezagun batzuez gozatu ahal izan bagenuen ere, agur honetan ia derrigor errepertorio klasiko eta kostunbristara jo behar izan du gehienbat. Beraz, eta aurrekoan ez bezala, oraingoan rock gutxi dagoen arren, zentzumenentzat plazer hutsa da Bilboko Musika Bandak eskaintzen duen soinua. CD bikoitz honek 23 kanta biltzen ditu, baita aspaldi grabatutako beste lau ere. Profesionaltasun osoz aurrera ateratako emanaldiak Urkoren perfekzonismoa agerian uzten du. Dena den, kantu herrikoi sorta handi honi eman dioten tratamendua jatorrizko grabazioetan ere bereziki aipagarria izan zela ere ezin ahaztu dezakegu. Alegia, Azken txanpa, Agur Euskal Herriari, Kaia barrenian eta abarren kobertura musikalak duela hamarkada asko beste dimentsio batera eramanak zituen Urkok.

Disko honetan José Rafael Pascualek bandaren zuzendaritza maisuki gidatzen du. Gainera, Urkoren alboan beti egon den Javier Pérez de Azpeitia piano jole eta bere zuzendari musikal leialaren presentziak kalitatea bermatu du. Horri Bilboko Bandaren haize sekzioa eta beste instrumentu denak gehituz gero, hunkitzeko moduko soinua lortu dutela konturatuko gara. Urkoren beste ezaugarri bat kantu askok daukaten martxa da, hala nola Sagastira (itzela), Iriyarena (bortitza) edota Donostiako hiru damatxo (pizgarria), edozein emanaldi estasira eramateko modukoak direnak.

Berak konposatutako kanten zerrenda ere luzea da, nahiz eta azken lan honetan gutxiengoan geratu diren. Aipamen berezia egin behar diogu Gure lagunei abestiari, izen bereko diskoan argitaratu zena. Kantua epikoa da inondik ere, eta berez 17 minutuko suite bat den arren, hemen hiru minutu t’erdiko zati bat bakarrik kantatu zuen. Txiki eta Otaegiri eskainia, Urkok ezin izan zien malkoei eutsi, batez ere Txikirekin zuen adiskidetasunagatik.

Txakolina Urkoren kanta berantiarra den arren, klasiko bihurtu zen duela urte gutxi argitaratu zenetik. Vinicius lagun berak konposatutako bossa nova zoragarria dugu, azken bi zuzenekoetan hiru musikari brasildarrek interpretatu dutena. Guk euskaraz eta Maite, maite, maitia eragingarriak (kontzertua gailurrean amaitzera eraman zutenak) ere bereak dira. Lau kantu estra daude diskoan: Lehenengo ikasgaia, Haurrak hiltzen, Utzi pakean (1977koak) eta Zeru galduak (1978koa).


Utzi iruzkina: