Tzar "Vol.2: Irainduei" (Hagina Records)
ANIZTASUNEAN ERE EROSO
Iaz lehen lau kantuko E.P.a argitaratu ostean, bigarrengo honetan guztira bost abesti grabatu ditu Mikel Larratxe (Sexty Sexers, Mutürbeltz, Zakillers) abeslari lanetan daukan boskoteak. Beste lau partaideak Nestor Uranga eta Xavi Calvo gitarra joleak, Ager Egurbide baxu jolea eta Alberto Blood Seekers bateria jolea dira, Velozet edota Horzdun taldeetan ibilitakoak. Aurreko lanean bezala, 90.hamarkada berehala etorriko zaigu gogora, baita bere isurialde alternatiboan egin ere, baina beti zentzu zabalean ulertuta eta hainbat estilo modu erosoan nahastuaz: Stoner Rocka, Sludgea, Metala, Hard-corea... Ikuspegi zabal honek ez du, haatik, erreferentzia zein soinu gaurkoturik arbuiatzen, eta emaitza guztiz freskoa eta teknikoki gaurkotua zabaltzen ditu bere bost adierazpenetan.
Honela, Entzun kantuarekin hasten dira, kantu motz eta guztiz metalikoa edo/eta hard-corezalea; izan ere, beraren abiadura hiltzaileak hamaika iturritatik edaten baitu. Thrash Metalik basatiena gogora ekar dezake, edo hobeto Death metala, nahiz eta gero % 100 Kuraia den bere errepikan. Mikel Kazalis, aurreko lanean ere aritu zena, ekoizle lanetan izatea nabaritu da beraz. Ur lodi eta Larratxeren ahots konprimituak Sexty Sexers ekar dakiguke gogora, Stoner Rock eta deribatuen pultsazioak direla medio. Guztia oinarri instrumental mardul eta bereziki indartsuaz borobilduta, noski.
Badauka lan honek zikintasun oso markatu bat, aurrekoa baino oraindik agerikoagoa segur aski, baita abiadura zitala eta gupidagabea ere. F.O.M.O. kantarekin, bestalde, ezin dugu nolabait The Cult taldearen eragina ahantzi, batez ere Josebaren ahots airosean, nahiz eta kantuaren basakeria pausu bat haratago doan. Eta zakarkeriaz ari garenez, 9 M M kantuaren tratamendua hedakorra da oso. Biruss taldeko Martinek jarri duen ahotsak zerikusi handia izan du horretan, eta atzetik daukan oinarri instrumental desertiko/lisergikoak Stoner Rock astunena azaleratzen du, kontraste interesgarrian.
Ego sobredosien astelehenetako ajea sei minututik gorako bidaia lisergikoa da. Gitarraren trataera sakonak, ahots sorginduen fraseatzeak, erritmo tematiaren oldarraldiak, gitarra soloak (motza bada ere, aipagarria da Tzar taldean halakorik egotea), eta garapen instrumental irudimentsuak entitate berezia ematen diote. Finean, estilo jakin bakar batean sailkatzeko zaila den arren, diskoaren nondik-norakoak hasieran aipatu parametroetan daude, orokorrean.
Taldeak deskribatzeko modu ezberdinak daude: atentzioa diskoetan jarri dezakegu, edo kantuen hitzetan, edo bideoklipetan, edo elkarrikztetan. Baina Mikel Larratxe (azken bi hamarkadetako frontam-ik lehergarri eta karismatikoena, ziur aski) kantaritzat daukan edozein taldek zuzenekoetan izango du beti bazarik handiena. Beti izan da horrela, eta beti markatu du diferentzia besteen aldean. Bide batez, gure artistek estilo mota hau euskaraz kantatuaz amerikarrei inolako enbidiarik eduki gabe aurre egiteko ahalmena daukatela sobera erakusten dute Tzar zein beste hainbat taldek.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: