The Rolling Stones "Hackney Diamonds" (Geffen Records)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-12-26 19:42

pyromanya@hotmail.com 1703616545370

                                                    EMADAZU ARRISKUA

Egia zen ba; disko berria prestatzen ari ziren. Lehenengoa atera zutenetik ia 60 urte pasa diren honetan, britainiarrek estudioko hogeita laugarren diskoa argitaratu zuten pasa den urriaren 20an. Hamabi kantu eta 48 minutuko lan honek arrisku handia dauka, entzuten duzun instantetik bere zurrunbiloan hartzen zaituen horietakoa baita. Egia esan, inork gutxik espero zuen maila hau lortzeko gai izango zirenik.

Beraz, eta 2005ean “A bigger bang”-ekin makinaria erraldoia berriz ere martxan jarri eta kalitatezko lana argitaratu bazuten ere, oraingo hau ezusteko borobilagoa da. Bai, gure zaharrak rock and rolla salbatzera datoz. Sinbolismo handiko itzulera da hau, beraien leienda handitzen duena eta garai zail haueri kaña pixka bat sartzera etorri dena. Ez didazue honen guztiaren esanahia eta handitasuna ukatuko... Hainbat kritikari, euforiak harrapatuta eta olatuaren gainean igota, “Some girls” diskoaz geroztik egin duten onena dela esatera ere iritsi dira.

Iritziak iritzi, hemen transmititu nahi dizuedana momentuaren handitasuna da. Stones zaharrek (aitonak eta birraitonak baitira, eta 80 urte beteta edo ia beteta baitauzkate) freskotasunez, baikortasunez eta indarrez beteriko konposizioak grabatu dituzte, eta sortu duten olatua guztiz kutsakorra da. “Start me up”-en estilora egindako “Angry” da diskoa hasten duen kanta, bere lana egiteko perfektua baina “Get close”-ren aldean txikia geratzen dena. Zer-nolako edertasuna eta gitarra-joko trebea daukan azken horrek! Gure betiko Stones-ak dira, akaso soinu gaurkotuarekin eta konplitzera baino askoz ere haratago iritsi direnak.

Gauzak horrela, zer iruditzen balada gozagarri batekin jarraitzen badugu? “Depending on you” akustikotik elektrikora eta Hammond-era erraz pasatzen da eta garai zaharretako kutsua dauka. Paul McCartney gonbidatu nahi dutela? Hortxe dago Macca zaharra “Bite myhead off” bereziki gogorrean baxua grabatzeko. Positibotasuna irradiatzen du “Whole wide world”-ek eta bere gitarra soloak, baita “Mess it up” eder eta klasiko kutsukoak ere. Slide gitarrak Gram Parsons-ekin partekatutako country-blues garaiak gogoratzen dizkigu “Dreamy skies”-en. Elton John-ek pianoa sartu du “Live by the sword”-en... eta baxua Bill Wyman-ek, taldea utzi eta 30 urte geroago! Hamaika ikusteko jaioak gara.

Keith Richards-en ahotsa ezin falta zen disko honetan, eta “Tell me straight” balada maitagarrian bere ahots ahulaz magia lortu du berriz ere, ohi bezala nolabaiteko xalotasunaz eta benetakotasunaz jantzi baitu. Mick Jaggerren maila ere harrigarria da bere adina kontuan hartzen badugu. Sorpresa gehiago daude, izan ere “Sweet sounds of heaven” soul-blues balada guztiz lehergarria baita. Bere zazpi minututik gorako pasarte zenbaitetan goia jo dute, Stevie Wonderren eskutik, baina batez ere, ejem... Lady Gagak kantatu duen zatietan, rockzaleon harridurarako. “Rolling Stones blues” asmo-deklarazio hutsa da eta era oso aproposean ixten du taldearen (azken?) diskoa. Charlie Watts-ek hilobitik bere lagunei harrotasunez begiratzeko moduko arrazoiak izango ditu.


Utzi iruzkina: