The Darkness "Dreams on Toast" (Cooking Vinyl)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2025-07-17 20:25

pyromanya@hotmail.com 1752777007525

                                                KONPLEXURIK GABEKO BULTZADA

Jatorrizko hiru partaideekin jarraitzen dute britainiarrek: Justin Hawkins front man-a, bere anaia Dan Hawkins gitarra jolea eta Frankie Poullain baxu jolea. Bestalde, Rufus Tiger Taylor bateria joleak hamar urte daramatza jada taldean, beraz azken lau diskoetan grabatu du eta taldean guztiz sartuta dago. 2003an taularatu zen The Darkness Rocka eta Hard Rock eszena hankaz gora jartzeko. Arrakasta handia izan zen ia berehala, eta proposamenaren ausardiak eta berezitasunak aldeko eta kontrako iritziak sortu zituen, batez ere Hard eta Heavy munduan. Gizarte anglosaxoiaren erraietan sartu ziren ordea, rockzale eta ez hain rockzaleak konkistatu baitzituzten. Gorabeherak izan dituen taldea da, eta taldea bananduta egon zen bost urtetan. 2011n, aldiz, martxa berriro hartu zuten eta gaur arte iraun duen olatura igo dira.

Zaleak maite dituen bitxikeriak topatuko ditu disko honetan ere, eta nahiz eta agudo operistiko gutxi dauden, egon, badaude. “Rock and roll party cowboy” asmo deklarazio hutsa da: Rock gogorra, pizgarria, Stadium Rock izpiritua daukan pieza eta ze arraio, Hair Metal edo Glam Metalaren garai onenen (80ko hamarkada) estilora egindakoa! Abiadura bizian datorren “I hate myself” benetako (eta 70etako) Glam Rock estimulatzailea da, ehuneko ehun rock and rolleroa. Aipatu bi kantetan Justinen agudoak oso neurtuak dira, baina erabiltzen dituenean zoragarri gelditzen dira.“Hot on my tail”-ek askotxo jaisten du erritmoa, eta bere country izpiritua nahiko deserosoa suertatu liteke entzule batzuentzat, betiere Hard Rockaren kontestua kontuan hartzen badugu.

“Mortal dread” ehuneko ehun AC/DC da, ordea. Errepika eta erritmo garbia dauzka, ia standarra, nahiz eta ahots agudo batzuek nortasun apur bat ematen dioten. “Don’t need sunshine”-k erritmoa geratzen du berriz ere, nahiz eta suabe hasten den arren Power Ballad nahiko borobila lortu duten. Biziki eskertzen da, gainera, “The longest kiss” kurioso eta kabareteroak daukan gitarra soloa, baita gero lortzen duten soinu zikin eta gogorragoa ere. Bidaia honen momenturik onenetakoak zain dauzkagu gero “The battle for Gadget Land” bizkorrarekin. Bateria jotzeko modu tematia ere adierazgarria da oso, eta hori gutxi balitz lez, zati instrumental oso ederra dakar, bide batez. “Cold hearted woman” geldoa beste WTF? bat dugu, kanta osoan biolina entzun baitaiteke! Country sonoritatea bueltan da, beraz, nahiz eta laster “Walking through fire”-ren leherketak gauzak bere lekuan uzten dituen: gitarra leuna eta garbiaren ondoren, Justinen agudo zirraragarriak datozkigu, 80etako errepika hardrockeroa, gitarra solo zorroztua eta festarako beste gonbita batekin.

“Weekend in Rome” outro aztoratzailea da: suabea da, leuna, eta Hollywoodeko film baten soinu banda kutsua dauka. Hotsandiko amaiera orkestrazio intentsu batek ematen dio: biolinak, biolontxeloak, haizezko instrumentuak... Finean, sorpresa handia ematen duen amaiera da. Betiko The Darkness goraipatzen dugunontzat lauzpabost harribitxi dauzkan diskoa dugu, eta sorpresak ongi etorriak diren arren, akaso diskoak behar duen erritmoa mozten dute. Ez genuen, bestalde, gutxiagorik espero, eta argi eta garbi kalitatezko diskoa dugu.


Utzi iruzkina: