Suzi Quatro "Freedom" (Chrysalis Records)

Suzi Quatro "Freedom" (Chrysalis Records) Fucktotum | 2026-09-19 19:40

Suzi Quatro "Freedom" (Chrysalis Records)

                    SUZI QUATRO “FREEDOM” (CHRYSALIS RECORDS)

                                         ASKATASUN OIHUA

75 urterekin, eta gelditzeko inongo intentziorik gabe, Suzi-k estudioko hemezortzigarren lana argitaratu du. Detroiten jaioa, Ingalaterrako Glam Rock eszenan lortu zuen arrakasta 1970etan. Bera zuzenean ikustea ezinezko ametsa zen, baina berriz ere Azkena Rock Jaialdiari esker 2022an ikusi ahal izan genuen lehen aldiz, artean 71 urte zituela. Disko berri honekin ahotsa bere adineko tonuan jartzen asmatu du berriz ere. Agudo haiek aspaldi geratu ziren atzean, egia da, baina orain daukan jakituria eta kemena zinez dira aipagarriak.

Freedom izeneko kantuan rock and roll klasikoa eta bizia lantzen du, akaso Glam Rock filtrorik apur bat pasatuta, garai zaharretan bezala. Ez dio diskoak bide honi jarraitu, haatik. Little miss lovely rockeroa da, baina abiadura ezberdin bat dauka, geldoagoa, grabazio honek orokorrean daukan bezalakoa. Gitarrak urratzaileak dira kantu honetan zein beste batzuetan. Gero, Choose yourself gustagarria da, intentsitatea mantentzen du eta slide gitarra eta ondorengo soloak gatza ematen diote. 2024an zendu zen Don Nix estatu batuarraren Going down bertsionatu du Suzik; blues sustrai sendoa eta southern rocka ezin hobeto interpretatu ditu Quatrok pieza honetan zein beste batzuetan.

Lehen aipatu bluesaren eta southern-aren presentzia ere aipatzeko modukoa da Hanging over me-n: jostalaria eta tenpo biziagokoa, honky tonk pianoak estilo bereziko ukitua ematen dio piezari. Jolasean dator Here’s ya boots ere, baita Can’t let it go eta slide gitarrak ere. Geldialdi oso ederren eta errepika boteretsuaren jabe, diskoko onenen artean sartu beharrekoa da dudarik gabe. Pausatuagoa da, hasieran bederen, Nobody held my hand zirikatzailea. Estilo handiko garapen adiktiboa dauka, eta 2’40”ko geldialditxoak eta geroko errepika tematiak rock klasikoaren lurrak bisitatzen ditu zati askotan.

Shakedown-en bere tonu grabe berria azaleratzen du Suzik. 70etako rock klasiko bat dirudi honek ere, eta gitarra soloak zer esan asko dauka horretan. Diskoaren azken txanpa estimulagarria da oso: Take it or leave it hit potentziala, Blues Rocka eta errepika gozagarriak beztituta datorrena, Woman’s song geldoa eta intentsua, gitarra riff boteretsuen jabea, eta amaitzeko sorpresa handia MC5en Kick out the jams... Alice Cooper-ekin batera kantatua! Jatorrizko bertsioa gaindiezina den arren, kantuak behar duen zikintasuna lortu dute. Suziren ahots garraztua, Aliceren karisma eta estiloa... oldarkorra bertsioa, bai horixe! Estra moduan, eta De Luxe edizioan, azken kantu bat ere badakar diskoak: It All Comes Down To You ezberdina eta kuriosoa. Bai, Suzi Quatro-k urte askotarako sua dauka oraindik gorputzean.


Utzi iruzkina: