Sabaton "Legends" (Better Noise Music)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2025-12-25 21:35

pyromanya@hotmail.com 1766695175957

                                           LEIENDAK ETA EPOPEIAK

Garai onak dira suediar taldearentzat. Bere nortasuna sortu, hobetu eta zabaldu egin dute azken urteotan, nahiz eta zale batzuen kritikak jaso dituzten. Epikoa izaten jarraitzen du, martxa militarrak iradokitzen ditu oraindik ere (agian inoiz baino gehiago) eta soinuaren kalitatea base erritmikoak azpimarratzen du pasarte gehientsuenetan. Ahots eta koru handizkatuek oinarrizko funtzioa betetzen dute kantu gehienetan: bi hiru eta lau ahotsetan egindako errepikek segurtasuna, indarra eta zehaztasuna txertatzen diote ia disko osoari.

Hamaikagarren disko hau ere epopeia baten modukoa da, eta nahiz eta oraingoan ez diren Lehen Mundu Gerran zentratu, efektua antzekoa da: historiako pasarte militar esanguratsuenetako batzuk hartu eta kantu bakoitzari kontestu bat eman diote. Segur aski diskoaren lehen erdia da potenteena eta gantxo gehiena daukana, baina hori zale bakoitzan esango du, zein gustatzen zaion gehiago alegia. “Templar” kantuak sarrera epikoa (bai, saiatuko gara hitz hori, epikoa, askotan ez erabiltzen, baina Sabaton-etaz ari gara!), handinahiz jantzitako koruak, soinu potente eta ahalguztiduna... hain zuzen ere koruek ematen diote disko honi daukan nortasunaren zati handi bat. Ez da gauza berria noski, baina agian lan honetan azpimarratu dute gehien aspektu hori, kantuen elementu zentrala bihurtu baitira. “Hordes of Khan” gantxo handiko kanta da, diskoko onenetakoa agian: bultzada berezia dauka, errepika polita, gitarra soloa... eta sintetizadoreak!

Teklatuekin hasten da “A Tiger among dragons”. Anbizioa trasmititzen duen atmosfera, bigarren zatiko gitarra bikoiztuak, perkusio oso nabarmena, zehaztasun teknikoa... Gatz handiko kanta da. “Crossing the Rubicon” ere antzeko parametroetan mugitzen da akaso, beharbada errepikaren indarra markatuagoa den arren. Eta bere epika dauka, noski, “I, Emperor”-ek, oraingoan koruek berebiziko garrantzia duten arren. Metal epikoa da, Power Metala bidelagun duena, nahiz eta azken diskoetan eragin horretatik haratago joan diren. Estilo hori bete betean gauzatzen dute “Made of steel” frenetikoan: azkarra eta motza, azeleragailua topera zapaldu dute, eta nola ez, gitarra solo benetan bizkorrak euforia sentsazioa areagotzen du. “Impaler”-en koru magikoak eta ahots tonu bereziki grabeak azpimarratu behar ditugun arren, kantuak orokorrean hartzen baditugu nabarmenki handinahizaletasun faktorea gauzatzen dute.

“Lighting at the gates” abestian, berriz, Anibal Alpeetan bere elefanteekin irudikatu dezakegu. Martxa militar perfektua da, eta disko osoaren kontzeptua ezin hobeki azpimarratzen du. Hortik aurrera, “The duelist”-en gitarra bikoiztuak, “The cycle of songs” koruak eta sarrera instrumentala eta, azkenik, amaiera ez bereziki boteretsua dakar “Till Seger”-ek. Hala ere, elizako organua, gitarrak eta koruak zale amorratuen gustukoa izango denaren sentsazioa daukagu. Pausu berri bat eman du Sabaton-ek, eta han-hemenka azaldu ditugun detaile batzuek kontuan hartuta ere (koru oraindik indartsuagoak, sintetizadorea, pianoa...) berezko nortasuna guztiz finkatua daukan taldea da, soinu propioa daukana.


Utzi iruzkina: