Rüdiger + Moxal Uhagon Kulturgunea (Markina-Xemein) 2024-2-17
GOZAMEN SENTSORIALA PSIKODELIAN
Larunbat arrats-gauerako plan polita genuen Uhagonen zain: batetik, Felix Buffen Rüdiger alter-egoa bigarren aldiz aritu zen areto honetan (aurrekoa duela hiru urte) eta bestetik lehen aldiz Moxal, hau da, Hannot Mintegiaren bakarkako proiektuaz gozatu ahal izan genuen, oraingoan Miren Narbaizak lagunduta. Interes handiko bi proposamen hauek bazuten amankomunean zer edo zer: erabilitako tramankulu elektronikoak eta haien erabilera inteligentea. Bestela, dudarik ez da, bakoitzak bere estiloa eta konposizio motak dauzkala argi utzi nahi dugu.
Hannot Mintegia Gernikako Audience taldean ibili zen urte luzez. 2019an bere bakarkako proiektua martxan jarri zuen: Moxal. Hasieratik bide propio bat garatzeko borondatea erakutsi zuen, esperimentazioaren bidea lantzeko jarrera berezia erakutsiaz. Hiru disko luze argitaratu ditu jada, azkena iaz (“Nabar”, Forbideen Colours). Oholtza gainean gailu elektroniko, instrumentu eta pedal zenbait. Bateria bat ere bai, Miren Narbaizak (beste hainbat gailuz gain) erabili zuena. Berehala nabaritu genituen “Kaidxolan” kantuaren lehen notak, atmosfera progresiboa (garapen gradualaz ari gara, ez rock progresiboaz) eta mantra moduan errepikatzen dituen hitz misteriotsuak.
Egia esan, proposamen guztiz antikomertzial honek badu entzulea ia berehalakoan harrapatzeko ahalmena. Duela ez urte asko oholtza gainean imaginatu ezin genitzakeen soinu mota asko gaur egun bideragarriak dira guztiz, baina haietan galtzeko arriskua egon, badago. Hannotek abestiaren zerbitzura, edo akaso atmosferen zerbitzura jartzen ditu gailu hauek guztiak. Horrek ematen dio zentzua eta balioa kantu multzoari. “Pozau ezin” ere azken diskokoa da, bere obra hartzen ari den bidea ezin hobeki agerian uzten duena. Laster hogeita hamar kantu propio izateko bidean da jada, eta horrek errepertorioa aukeratzeko garaian aukerak asko zabaldu dizkio. Kantu hau estudioan Anarirekin grabatu bazuen, oraingoan Mirenek bete zuen hutsune hori.
“Gure telenobelie”, bere lehenengo diskoko pieza, kantu zahar bezala aurkeztu zuen 2019an grabatuta dagoen arren. Konzentrazio maila altua eskatu zion, besteek bezala, honek ere. Bere giro ilun eta zirraragarria interpretatzeak bai baitauka bere zailtasuna. Ikuslegoak errespetuz entzun zituen kantuak, kuriositate hutsa baino gehiagorekin seguru aski. “Azalgorri” animatuagoa da, dantzarako gonbitatzat ere har genezake ia. Aldaketak ongi egin zion set list-ari.
“Danak onak” hitz surrealista daukan beste kantu pausatua da: intriga pelikula bateko soinu banda bezala perfektua, baina baita kontzertuan adi-adi entzuteko modukoa ere. Miren Narbaizak proiektu akustiko-elektrikoetan daukan esperientziari azken urteotako egitasmo hainbatekin ikasitako guztia gehitu dionez, modu sinesgarrian maneiatzen ditu ahotsa, pedalak, atabalak eta beste hamaika tresna. “Gukguregugu” lan berriko kantu konbentzionalagoa bat dugu, nolabait esateko, hasieran bederen. Azken agurra Nick Caveren “Into my arms” klasikoaren bertsio bat izan zen. “Nire besuetan” erabili zuen errepika moduan. Bertsio sentibera egin ere, hunkitzeko modukoa eta emanaldia amaitzeko bereziki egokia. Guztira hiru ordu laurden iraun zuen emanaldiak. Jendeak txalo zartada polit batekin agurtu zuen bikotea. Dudarik gabe, goiz edo beranduago Moxalek berriz hemen joko du.
Ordu erdi baino gehiagoko itxaronaldiaren ondoren taularatu zen Rüdiger, oraingoan boskote formatuan gainera. Nola diren gauzak: duela hiru urte biko formatuan (Felix Buff eta Joseba Irazoki) sarrera guztiak agortu eta gero, https://www.mondosonoro.com/criticas/conciertos-musica/rudiger-uhagon-markina-2021/ partaide guztiekin emandako kontzertu honetara jende gutxi gerturatu zen. Ez dugu oso ondo ulertzen. Akaso 2021ean maiatzean jo zutela izan daiteke arrazoi bat, baina zaila egiten zaigu azalpen gehiago ematea. Hori bai, bertaratutakoek sakonki gozatu zuten. Haietako askorentzat, gainera, Rüdigerrekin lehen aldia izan zen eta txunditurik irten ziren kontzertutik.
Felix Buffek, bere hamaika proiektuen artean, nortasun propioa duen marka sortu du. Rüdiger bere lehenengo abizena da, eta berez Buff-en aurretik doa. Pandemiari esker etxean garatu eta forma eman zion kontzeptu berriari. Atabalak utzi eta, gitarra eskuan hartuta, front-man eta kantari bihurtu zen bapatean. Lehen disko hark kritika bikainak izan zituen, eta hura zuzenean aurkeztu ondoren, beste lan batzueri ekin zien, horietatik garrantzitsuena bere betiko taldea, Willis Drummond hain zuzen ere. Rüdiger moduan ere kontzertu batzuk eman ditu, baina Willisen geldialdiak eman dio berriz ere bere proiektuan buru belarri sartzeko aukera, nahiz eta egia den diskoko kantu batzuk 2021tik aurrera hasi zela grabatzen.
Bigarren lan honetan Beatles-en eta psikodeliaren eragina (oraindik) handiagoa da, baina batez ere osatuagoa da, lotsagabeagoa eta soinu eta konposizio mailan, handiagoa. Gastr del Sol eta Aphex Twin ere aipatu izan ditu Felixek bere eragin moduan. Beste batzuek Robert Wyatt edo Kevin Ayers ere aipatu dituzte. Psikodelia eta elektronika oinarrizko osagaiak dira bere bi diskoetan, eta bigarrengoan dezente gehiago. “Once I was away” kantuarekin eman zuten hasiera polita izan zen. Disko berriko pieza, guztira zazpi jo zituen “The Dancing King” izeneko lanetik. Kantu honen bukaeran zein beste batzuetan faltan somatu genuen Iban Urizarren korneta. Gainera, Iban (Amorante izenarekin ezagunagoa) publikoan zegoen, baina ez zen oholtzara igo, zoritxarrez. Kontzertu hau eta sei egunetara berriro ere izango dugu Iban Urizar Uhagonen, “Bar Gloria” egitasmoan, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin batera.
“Memories” izan zen hurrengoa. Mikel Sanchezen bateriaren zehaztasuna bereziki garrantzitsua da hemen, bestelako perkusio sistemak ere erabiltzen dituzten arren. Zentzu honetan, Felixek berak sakatzen zituen traste baten botoiak, efektu benetan eraginkorra erdietsiz. Kantuaren sorpresa laugarren minutuan Vincent Bestaven “Botibol”ek bere teklatua utzi eta gitarra elektrikoa hartzen duenean dator. Abestiaren azken txanpa guztia crescendo bikain batek borobiltzen du. “Breathe” ere disko berrikoa den arren, urte batzuk daramatza kantu hau zuzenean jotzen, urrutira joan gabe hementxe bertan ere jo baitzuen 2021ean. Kantua bere errepertorioko onenetakoa da: hedakorra, iradokitzailea eta atmosfera sakonekoa.
Elektronikaz aritu gara lehen, eta oholtza gainean zeuden tramankulu guztiak aipatu beharko bagenitu, ez genuke sekula amaituko. Dena den, boskote bizi-bizia dugu hauxe, engainurik gabe jotzen duena eta bestelako elementu extra horiek modu arrazionalean erabiltzen dituena. Abestiaren zerbitzura erabiltzen baitituzte teklatuak, pedalak eta gailu elektronikoak. Felixek gitarrarik gabe ere mikrofonoa eskuan duela mugitzen badaki, eta baliteke dohain horiek, oraindik xumeak badira ere, etorkizuneko beste bide baten parte izatea ere.
“Before it’s vanished” diskoko hiru bakarrik jo zituzten, harrigarria suertatu badaiteke ere. Lehena, “Did you ask for this” delikatua eta, berriro ere esan behar dugu, hedakorra eta Beatles-en magiaren kutsukoa. “Where I belong”, berriagoa den arren, haren ondorengo koherentea da, eta akaso The Kinksen melodia magikoak ekar ditzake gogora. Erreferentzia guzti hauek nolabait irakurleari kantu hauen nondik norakoak ulertarazteko saiakerak dira, Rüdigerrek nortasun propioa eta elementu modernoagoak baitauzka. “The receiver” lan berriko harribitxietako bat dugu, bere zazpi minutu pasatxorekin Rüdigerren kanturik luzeena dena. Programazioek garrantzia hartzen duten kantuetakoa, bidaia kosmiko baten modukoa da. Sintetizadoreak, piano notak, lurpeko erritmoak... Zati instrumentalen erreinuan bizi den kantua, beste batzuren artean.
“The Dancing King”, disko berriari izena ematen dion abestia, programazioen munduan sartzen da, nahiz eta berriro ere Mikel Sanchezen atabal kolpe zehatzei meritu handia eman behar diegun. Vincent Bestaven “Botibol” ez da teklatuekin ondo moldatzen den bakarra, Antoine Philippek, baxua jotzeaz gain, bere tramankulutxoak ere baitarabilzki. Lehen diskora bigarren jauzia segidan: “You’re making everything (feel like a fail)” pausatua, ia geldoa, sintetizadoreen eta Beatle koruen presentzia handia daukana. “Downtown” ez da orain arteko bi diskoetan argitaratu, baina zuzenean jotzen ibili dira gutxienez 2023tik. Joseba Irazokik bere lekua ondo gordetzen badaki, izan ere Felix baita proiektu hone izarra, baina kantu honetan eta beste pare batean sua ateratzen dio gitarrari, solo gogoangarri batzuk barne. Benetan ikusgarria.
“Spot on” bere bertuteak progresiboki azaleratzen dituen beste pieza bat dugu. Oinarrizko erritmoa eta zertzelada melodiko batzuren ondotik dator bere garapena, nahiz eta guztiz lehertzen ez den horietakoa den. Beatles/Kinks oinordekotza ahotsaren patroi melodikoetan topatu dezakegu, baina ekuazioari Josebaren gitarraren distortsioa gehitu behar diogu derrigor. “Help yourself” ere iaztik jotzen ari diren kantua da, eta bertsioa dela uste dugun arren, ez dakigu oraindik jatorrizkoa norena den. “Medication” kantuaren ordua ere iritsi zen, azkenik. Spotifyri kasu egiten badiogu, Rüdigerren kanturik arrakastatsuena da. Zaharrenetakoa ere bada, zaharrena ez bada. Gure ustez, gerora oraindik hobeto garatu dituen zenbait bertuteren adierazlea da: atmosferen garrantzia, koruen balioa, gitarra eta teklatuen boterea eta melodien nagusitasuna.
Azkenik, gutxienez 2021tik zuzenean jotzen duten “How low she goes” jada klasikoa jo zuten, diskoetan agertzen ez den arren. Kontzertuari amaiera emateko aproposa, pausatua eta gogoetatsua, sentsibilitate bereziz jantzi zuen azken agurra. Felix Buffek kantuok 2021 eta 2023 artean grabatu ditu bere anaia Johanes Buff ekoizlearekin. Johanessen garrantzia erabatekoa da Rüdigerren ibilbidean, eta bera gabe seguru aski proiektu hau ez zen modu honetakoa izango. Felixek pauso irmoz Rüdigerren bidea markatzen jarraitzen du, eta kalitateari bere karisma gehitzen badiogu, etorkizun oparoko emaitzak espera genitzake. Bira berri honek asko dauka horretaz esateko, baina batez ere Felixek bere rol aldaketa eta frontman papera era gero eta erosoagoan lantzen duela azpimarratu behar dugu. Gainera, gitarrarekin ere txukun moldatzen da. Arrakasta opa diogu, horrek bost musikariko formatu honi eusteko gai izango dela bermatuko bailuke.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: