Opeth "The last will and testament"

Diskoetxea: (REIGNING PHOENIX MUSIC)
AHOTS GUTURALAK, METAL PROGRESIBOAN EROSO
Lehen mundu gerra amaitu ostean, dirudun patriarka baten testamentua irekitzen da; familiako sekretuak, hildakoaren aitorpenak eta oinordekoen artean sortzen diren gatazkek osatzen dute lan kontzeptual honen tematika. Suediarren disko berria taldearen historiako onenen artean sartu da. Metal Progresiboan sakondu dute berriz ere, nahiz eta estudioko azken lau lanekin konparatuz gero gogortasun berri bat eman dioten. Batez ere ahots guturalen itzuleran nabaritu da hori, ez baitzuten errekurtso hori 2008ko Watershed diskotik erabili.
Metal zaleak pozik geratuko dira disko honekin, izan ere “Heritage” diskoa argitaratu zenetik baitatoz sektore horren zati baten kexak. Gogoratzen dut nola 2011n, Bilboko Santana 27 aretoan lan hori aurkeztu zutenean, zenbaitek taldeari gaitzespena erakutsi zion, hartu berri zuen bide progresibo hori zela eta. Denborak taldeari arrazoia eman dio, irekitako bidea sobera kalitatezkoa izan delako, baina oraingoan bi sektoreak asebetetzeko moduko lana egin dute, nahiz eta progresiborantz hasitako bideak behin betikoa dirudien.
Film bateko gidoirako aproposa den istorio zirraragarri hau aparteko egurrarekin hasten da: §1 misterioa da; egurra dauka, baita egituren konplexutasuna ere. Trabatua eta gaiztoa ere bada, eta guturalak guztiz pizgarriak dira. Badauka kantu honek Elizabeltz euskal taldearekin nolabaiteko lotura bat, koruen gaiztakeriagatik bada ere. Amaierako organoaren solemnitatea ere guztiz estimulagarria da. Honekin lotuta, §2 kantua, bere osotasunean esperientzia zirraragarria. Kantu gehienetan bezala, han-hemenka geldialditxoak eta azelerazioak dauzka, baita guturalekin kontraste egiten duten ahots “normalak” ere.
Esperientzia guztiz kitzikagarriak maite dituztenentzat §3 harrigarria datorkigu segidan. Lehen aipatu dugun konplexutasunak goia jotzen du hemen, goranzko zein beheranzko pasarte, geldialditxo eta abiamenekin. Kantu bat baino gehiago, esperientzia bat da, bukaerako eztandak goraipatzen duena. Ahots finak eta guturalak tartekatzen dira §4 kantuan ere, eta erritmo bultzatzaile eta erabatekoak kontraste handiak eskaintzen ditu berriz ere arpa eta akustikoen geldialditxo eta garapenekin. Guturalak egitura progresibora moldatzen dira, eta Jethro Tull taldeko Ian Andersonen flautak biziki edertzen du guztia.
Deskribatzeko zaila den orgia musikala dakar §5 harrigarriak ere. Arabiar ukituak hemen, atabal erritmo konplexuak han... eta laugarren minutuko eztanda guztiz magikoa. Gitarra solo bat ere badauka kantuak, oso ederra, eta diskoan beste batzuk egon badira ere, motzak egin zaizkigu guztiak. §6 interesgarria da, batez ere bere erritmo kutsakorragatik eta baxuaren nolabaiteko protagonismoagatik. Koru ez-guturalak dauzka, teklatuak (Moog antzeko soinua duen bat barne), kaña, baina baita bukaera luze eta aski pausatua ere. §7 abestiak berriz ere Ian Andersonen kolaborazioa dauka, oraingoan flautaz gain ahots errezitatua ere badakarrena. Azkenik, A story never told outro moduko pieza luzea da, besteen ezberdina, baina ederra eta bukaera epikoa daukana.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: