Olatz Zugasti "Hitzño bat eta banua berhala" (Kantaita Enea)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-08-07 15:39

pyromanya@hotmail.com 1691420867314

                                   GOXOTASUNA, MAGIA, ARBASOEN SUA

Aurreko disko guztiek bezala, lan honek ere unibertso aberats eta misteriotsua dakar berarekin. Gure herriaren historiaren parte diren klabeak (bai musikalki zein tematikoki) landu ohi ditu Olatzek, beti ere bere soinu pertsonala eta bide propioa jorratzeari utzi gabe. Kantutegi zaharrean topatzen dituen altxorrak bere estilora ekartzen ditu, beraz; baina hori bere errepertorioko zati bat bakarrik da, Olatz bera baita kantu gehienen konposatzailea zein hitzen egilea. Horrez gain, bere independentzia eta autonomian etengabeko aurrerapausuak eman ditu 1991n lehen diskoa atera zuenetik. Kantaita Enearen sorrerak bai bere zein Benito Lertxundiren lanak argitaratzeko aukera eman dietenez, Olatzen azken bi diskoen independentzia oraindik ere nabarmenagoa da.

Irlandar (Alan Griffin, Brendan Graham) eta zeltiar (Alan Stivell) musikaren eragina nabarmena izan da ere bere ibilbidean. Derrigor, harparen erabilerak berezi egiten ditu bere kantuak eta disko guztien soinua. Nolabaiteko klasikotasun horrek gaurkotutako eskemak hartzen ditu bere baitan, ordea. Egia da estudioko azken bi lanetan harparen presentzia gutxitu dela, baina atmosfera guztiz pertsonalak eta atenporalak nagusi izaten jarraitzen dute bere kantuetan. Ganbaratik kantuarekin hasten denetik, argi geratzen da Gratxina Lertxundiren presentzia gero eta nabarmenagoa, baita bi ahotsetan kantatutako kanten kopurua ere.

Brendan Graham aipatu dugunez Muga gabeko hondartzara ezin hobeto datorkigu Europa iparraldeko eragin horiek azaltzeko. Olatzek euskaratu eta moldatu duen bertsioaren naturaltasuna begi bistakoa da, ia bere egiten baitu hasieratik bukaeraraino. Izarraitz magalean kantuan Olatzek bere ahotsaren xamurtasuna eta erabiltzen duen tonu hain berezia agerian uzten ditu. Bai honek zein beste batzuek ere bateriaren presentzia daukate. Estudioko azken bi lanetan dago presentzia hori (lehen diskotik egiten ez zuena), baina osagai bat gehiago da, lehen lerroan ez dagoena nahiz eta akaso deigarria ere suertatu daitekeen.

Lohitzunean barna bere errepertorioko onenen artean sartu beharrean gaude: sentibera, tonu xarmangarrizko bi ahotsetan egina, delicatessen hutsa. Ahotsen jokuak bere boterea erakusten jarraitzen du Badakizu edota Oihartzun egiten zigun kantuetan, besteak beste. Mairu baratzetan besta gailur bat dugu, hau bai bateriak markatutako erritmo bizikoa eta betikotasun transferiezin magikoa daukana. Beste hainbeste esan genezake Oi Amaiur zoragarriaren kalitate eta hilezkortasunaz.

Zuhainik gorena Resurreción Mºde Azkuek 1922an Zuberoan bildu zuen Oihaneko Zühainetan kantuaren bertsioa da, nahiz eta Olatzek bere nortasuna txertatu dion. Diskoaren amaiera Mendian zoinen eder elizkoi eta iradokitzaileak dakar, berriz ere Gratxinarekin biko benetan hunkigarria osatzen duena. Lan honen bertuteak pixkanaka dastatzekoak dira, baina disko onenekin gertatzen den moduan, bere kalitateak hilezkor bihurtuko du.


Utzi iruzkina: