Neomak "Lazturak orbain"
Tradizioa eta gaurkotasuna uztartu ditu disko berri honetan ere Neomak taldeak. Horrela, trikitia eta perkusioa (pandero laukia) soinu elektronikoekin uztartzen dute hainbat kantutan. Preludio pieza instrumentalarekin hasten da diskoa, modu bereziki iradokitzailean eta era biluzian. Elektronika erabiltzen dutela esan dugu, baina ez dira inoiz errekurtso horrekin urrunegi joaten, kantuei forma eta izpiritu berritzailea ematen dien arren. Galdera ikurrak dugu horren lekuko, baina elektronikak modu biziagoan eragiten du Inork ez du berdin egiten negar edota Ordaina kantuetan. Ahotsen balioa (lau edo bost guztira) Esperantzak bezalako piezetan nabari da, eta pultsazio dantzagarriak dakartzate Orbainari eta Sehasketan kantuek, irrintziak eta zati instrumentalak ahaztu gabe. Lan konpletoa da, garai bateko eskemei haize berritzaileak txertatzen dizkiena.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: